Martxoak 18, 2021
Berritzea ikerketa zientifikoaren eta garapen teknologikoaren alde apustu egitea da, eta, horrez gain, honako baliabide hauek aprobetxatzen jakitea ere bada: gizarte-ehunaren indarra, produkzio-ehunaren dinamismoa eta eragile sozio-ekonomiko askotarikoen arteko lankidetza-sareen bidez sortutako jakintza.
Gizarte aurreratuenek garbi identifikatu dute berrikuntza jarduera-ardatz estrategikoa dela, eta ulertu dute aberastasuna eta ongizatea sortzeko, ezinbestekoa dela aitzindari izatea, ideia berriak sortzea eta ideia horiek produktu, prozesu eta zerbitzu berrietan gauzatuko dituen teknologia garatzeko gaitasuna izatea.
BRTA aliantza zientifiko-teknologikoa osatzen dugun kideok guztiz bat egiten dugu berritzeko behar horrekin, jakitun baikara hori dela euskal produkzio-ehuna lehiakorragoa izateko bidea. Eta bide horretan, SPRIren, hiru Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren beraren laguntza dugu. BRTA osatzen duten 16 eragileok (CIC bioGUNE, CIC nanoGUNE, CIC biomaGUNE, CIC energiGUNE, Azterlan, Azti, Ceit, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Lortek, Neiker, Tecnalia, Tekniker eta Vicomtech) lankidetza sustatzeko egiten dugu lan, eta elkarlanean jarduteko misioa dugu, zientzian eta teknologian oinarritutako berrikuntza Euskadiko enpresa guztietara eramateko, eta, modu horretara, gure herriaren kohesio eta sendotasun sozio-ekonomikoa bideratzeko.
2020-2023 Plan Estrategikoan gure lan-ildo nagusiak zehaztu ditugu, eta plana onartu ondoren, bete-betean ekin diogu hainbat jarduerari. Zehazki, esparru zientifiko-teknologikoan, BRTA Ikerketa Agenda landu dugu, zientzia eta teknologiaren esparru horretatik gure herriak dituen erronka sozio-ekonomikoei erantzuteko. Agenda horren lehen kapituluek fabrikazio adimendunarekin, energia garbiekin, osasun pertsonalizatuarekin eta elikadura osasungarriarekin lotura duten erronkei helduko diete.
Horrez gain, teknologia eta jakintza produkzio-ehunera transferitzeko lana sendotzen saiatzen gara, hori baita BRTA Aliantzako zentroen misio nagusia. Horretarako, I+G arloko emaitzak balioan jartzeko jarduerak egiten ditugu, oinarri teknologikoa duten enpresa berriak sortzen laguntzeko ekimenak bideratzen ditugu, eta enpresetara eta bereziki ETE-etara eta krisiak gehien kaltetutako industria-sektoreetara teknologia transferitzeko ekintzak bultzatzen ditugu
Plan Estrategikoan aurreikusitako beste ardatz estrategikoetako bat komunikazioa da. Horri begira, marka-irudi partekatu eta komun bat sortu dugu, BRTA Aliantzaren eta sare hori osatzen duten zentroen ospea eta izen ona gizartean, euskal enpresa-ehunean eta nazioarteko I+G arloaren esparruan sendotzeko.
Azkenik, pertsonen eta giza kapitalaren esparruan, zentro guztietarako lanbide-karrera baten plana lantzen ari gara, eta gaitasun handiko profesionalak erakartzeko lanean ere ari gara.
Jarduera hori guztia lankidetzan ari gara egiten; izan ere, BRTAren lana ez litzateke ulertuko espiritu berritzaile berari jarraituz ari diren beste erakundeekin elkarlanean jardun gabe. Alde horretatik, BRTAk eta Innobasquek helburu bera dute: euskal gizartea eta Euskadiko ekoizpen-ehuna berritzaileagoak izatea. Hori dela eta, hainbat estrategia partekatu ditugu, eta lankidetzarako askotariko ildoak ezarri ditugu. Zehazki, eragile zientifiko-teknologikoen jarduna neurtzeko adierazleen inguruan lankidetzan jarduteko hainbat bide ditugu, Euskadiko I+G arloa nazioartekotzeko ekintzak bideratzen ditugu modu koordinatuan (BRTAko zentroek oso esku-hartze aktiboa dute arlo horretan, eta beste erakunde askorentzako trakzio-lana egiten dute), eta sinergiak bilatzen ditugu prospekzio eta zaintza teknologikorako jardueretan. Hori guztia herrialde mailako erronka eta helburuei aurre egiteko, erakundeak elkarren osagarri direla jakinik.
Azken batean, garai nahasi hauetan eta azken hilabeteotako ibilbidearen ondoren, BRTA topagune aktibo bat da, gainerako eragile sozio-ekonomikoekin eskutik ari da lanean eta lankidetzan, besteak beste, eragile zientifiko-teknologikoek ekarpen handiagoa eta hobea egin diezaieten gure produkzio-ehunari eta gure gizarteari.