Ekainak 23, 2022

Giza espezieak bere historian lortutako aurrerapen sozialak, ekonomikoak eta kulturalak ez du parerik. Azken mendeetako adibide kuantitatibo jakin batzuk aipatze aldera, munduko bizi-itxaropena, gaur egun, 73 urtekoa da, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. XIX. mendearen hasieran ez zen 30 urtera iristen. Bost urte bete baino lehen hiltzen diren haurren tasa %4koa da gaur egun, eta Afrikan bertan ere, daturik larrienak dituen kontinentean, %8tik beherakoa da. 1800ean munduko batez bestekoa @tik gorakoa zen. Horrek esan nahi du, duela 200 urte jaio izan bazinate, testu hau irakurtzen ari zareten asko eta asko ez zinaketela bizirik egongo idatzia goraipatzeko edo kritikatzeko.

Antzeko aldeak aurki ditzakegu beste adierazte askotan ere, eta gure gizartearen ongizate materiala neurtzeko egokiak dira adierazle horiek guztiak. Horrek ez du esan nahi gure mundua perfektua denik. Oraindik ere badira egoera tragikoak eta krudelak, premia eta sufrimendu handikoak, eta pertsonen bizitza bete-betean garatzen uzten ez dutenak. Pobrezia-arriskuan dauden biztanleen ehunekoa hamar aldiz txikiagoa da 1800. urteaz geroztik, baina egoera horrek ehunka milioi pertsonari eragiten dio oraindik gure planetan. Nolanahi ere, testu honen muinak adierazi nahi du ibilbide luzea egin dugula jada, eta gure gizarteen alderdi asko hobetzea lortu dugula.

Aurrerapen horretan funtsezko elementuak izan dira diziplina guztietan (ez zientifikoetan soilik) jakintzaren arloan eman diren aurrerapausoak, baita aurkikuntza zientifiko asko garapen teknologikoetan aplikatzeko eman diren urratsak ere. Sarritan, aurkikuntza zientifiko horietan lanean ziharduten zientzialarientzat beraientzat ere pentsaezinak ziratekeen aplikazio horiek. Jakin-min zientifikoak bultzatu eta gidatu izan du betidanik oinarrizko ikerketa, funtsezko galderei erantzuteko asmoarekin eta berehalako erabilgarritasun praktikorik bilatu gabe. Hain zuzen, oinarrizko ikerketa horren eskutik sortu izan dira, gerora, gure mundua eraldatu duten teknologia asko. Einsteinek ezingo zukeen aurreikusi, inolaz ere, bere erlatibitatearen teoriak aukera emango zuenik GPS bidezko kokapenaren zehaztasuna doitzeko.

Jakintza belaunaldi batetik bestera modu kolektiboan transmititzeko gaitasunean oinarritzen da, hein handi batean, gure gaur egungo bizimoduaren eta eskuratutako lorpen sozialen jarraipena. Horixe da, hain zuzen, unibertsitateen, ikerketa-zentroen eta antzeko erakundeen funtsezko eginkizunetako bat: giza espezieak metatutako jakintza jasotzea eta babestea, hedatzea, eta, nola ez, jakintza berriak sortzea. Beraz, gizarte batentzat funtsezkoa da eginkizun hori modu egokian beteko duten erakundeak izatea.

Gizabanako batentzat hezkuntza den bezain garrantzitsua da gizartearentzat ikerketa. Hezkuntza funtsezko elementua da pertsona bat gizarte-ingurunean integra dadin, ekonomikoki aurrera egin dezan eta bizimodu betea izan dezan. Gizabanakoen hezkuntzak bi alderdi ditu: garapen pertsonala bideratzen du, eta, aldi berean, onura edo garapen profesionala edo ekonomikoa bultzatzen du. Hezkuntzaren bidez eskuratzen ditugu gure nortasuna eratzen duten gaitasun mentalak eta elementu kulturalak, eta horien bidez egiten dugu bidea lan-merkatuan.

Modu berean, ikerketak ere bi alde horiek ditu gizarterako, alderdi kulturala eta ekonomikoa. Ikerketa funtsezko faktorea da ideiak eta portaera kolektiboak garatzeko, lagungarri da pentsamendu kritikoa eraikitzeko, bai eta fundamentalismo eta manipulazioen aurrean askeago izateko ere. Gainera, funtsezko zeregina betetzen du gizartearen garapen ekonomikorako: batetik, aurrez ez zeuden produktuak sortzen ditu, eta, horrez gain, beharrezko baldintza mentalak sortzen ditu gizartea garapen horretara egokitu dadin eta sor daitezkeen teknologia berriak ezar ditzan.

Covid-19aren pandemiak sorturiko osasun-krisiak agerian utzi du, beste behin, jakintza zientifikoak eginkizun ezinbestekoa eta ordezkaezina duela gure gizartean. Denbora errekorrean garatu ditugu txertoak, eta horien bidez lortu dugu pandemiak gure bizitzan izan duen eragina ahal den neurrian leuntzea eta nolabaiteko normaltasuna berreskuratzea. Alabaina, txerto horien garapenerako ezinbestekoak izan dira aurreko hamarkadetan beste helburu batzuei begira eginiko ikerketak eta horietan eskuratutako ezaguerak. Zientzia ezinbestekoa izan da, da eta izango da aurrerapen sozialerako eta ekonomikorako, baina pandemiarekin egiaztatu dugu jakintza funtsezkoa dela ezusteko egoerei aurre egiteko ere. Etorkizunean krisiei aurre egingo badiegu, etorri etorriko baitira, eta horretarako tresnak garatuko baditugu, hauxe da zientziaren aldeko gure apustua sendotzeko garaia, irmotasunez eta etorkizuneko ikuspegiz. Zientziaren eta zientziaren arlo guztietako jakintzaren alde egin behar dugu apustu, ezin dugulako aurreikusi zer tresna beharko dugun etorkizunean. Osotasunean elikatu eta zaindu behar dugu jakintzaren zuhaitza, fruituak ematen jarrai dezan.

Partekatu albiste hau

Harremanetan jarri

Ricardo
Diez
Zuzendaria
Donostia International Physics Center, DIPC

Hurrengo ekitaldiak