Maiatzak 6, 2021

Espainiara itzuli nintzenetik, konpainia farmazeutikoen eta bioteknologiako enpresa txikien hainbat proiektutan aritu izan naiz lanean, eta jabetu naiz konpainia horiek zenbait premisa bete behar dituztela, arrakasta izango badute. Lehena da ideia berrien edo kontzeptu berrien bultzada izatea; izan ere, bultzada hori dagoenean, enpresa horietako pertsonak egiaz zerbait berria egiteko elkartzen dira.

Urteen joanean, bioGUNE eta biomaGUNE zentroetako ikertzaile nagusiak balio erantsi handiko ikerketa-jardueretan aritu izan dira lanean. Enpresekin lizentziak eta abantailak bideratzeko abian jarritako ikerketa-proiektuak gero eta errentagarriagoak dira, eta horien bidez eskuratutako diru-sarrerak nabarmen handitu dira. Hala, gure aurrekontuaren 0 inguru jada proiektu horietatik dator, zatirik handiena Eusko Jaurlaritzatik, Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren bidez. Babes hori gabe ezinezkoa litzateke balio estrategiko handiko eremuetan ikerketa berririk egitea.

Nire iritziz, ideia edo kontzeptu berri batetik abiatuta sortutako enpresak erronka nagusi bat du: identifikatu egin behar du zer arazo zehatzi eman nahi dion konponbidea ezagutza hori aplikatuz, eta behin arazoa zein den identifikatuta, galdera egokia egin behar dio bere buruari, konponbide hori nola eman asmatzeko. Izan ere, galdera ez bada arazoari estu loturikoa, erantzuna ere ez da izango soluzioa. Enpresaren esparru zehatzera etorrita, xedea da merkatuan zer produktu zehatz jarri nahi diren eta nork erosiko dituen zehaztea. Pongamos, por ejemplo, el caso del desarrollo de vacunas para la pandemia de la COVID-19. 2020aren hasieran, arazoa zen nola lor genezakeen immunitatea SARS-CoV-2 birusaren kutsaduraren aurrean; eta zenbait enpresa farmazeutikok mahai gainean jarri zuten galdera hauxe izan zen: ea kate soileko ARN teknologia berria eta beste teknologia ezagunago batzuk, hala nola adenobirus izeneko birus bati koronabirusaren proteina hautatuaren genea (kate bikoitzeko DNA) gehitzearena, behar bezain onak izango ote ziren immunitatea sortzeko eta birusa kontrolpean izateko. Galdera izan balitz “Noizko bukatu behar dira COVID-19aren txertoen saio klinikoak txertoak baimendu aurretik?”, ez zatekeen erantzunik lortuko. Ezin zaio galdera horri erantzunik eman arazoa, galderak eta soluzioak ez direlako estatikoak, eta horrela geratu da agerian Oxford-AstraZeneca txertoarekin immunizatutako 25 milioi herritarren artean izan diren 86 tronboenbolia kasuen harira Europako Esparruan sortu den nahas-mahasa ikusita. Txerto baten helburua da epidemia bat kontrolatzeko behar bezain segurua eta eraginkorra izatea, baina bi termino horien esanahia aldatu egiten da, hainbat faktoreren arabera: une historikoa, birus mota, zenbat biztanle dauden kutsatuta, zein den saio klinikoaren diseinua, tratamendu alternatiborik badagoen ala ez… Eta txertoa baimendu behar duten agentzia arautzaileen unean uneko irizpideen arabera ere aldatu egiten da txerto seguruaren edo eraginkorraren esanahia. Eta, beraz, hori guztia aintzat hartuta, gure arazoak eta soluzioak ere aldatu egiten dira. Hau da, zenbaitetan ontzat eman behar ditugu behin-behineko soluzioak; kasu honetan, ontzat eman behar dugu COVID-19aren pandemia kontrolatzeko txertoak behar bezain onak izatea.

Azken urte honetan, 2008an lehertutako krisi ekonomikoaren okerrena gainditua genuela uste genuenean, beste krisi batek, COVID-19aren pandemiak, agerian utzi du gure gizarteak zenbateraino gutxietsi duen biomedikuntzan eginiko ikerketaren garrantzia eta zenbateraino balioetsi izan dituen finantzak, eta agerian utzi du, orobat, jarrera horren eraginez zein ahulak diren gure ekonomiak pandemien aurrean. 2008ko krisiaren muinean herrialdeetako finantza-barrutiak izan ziren, eta COVID-19aren krisiaren epizentroan, berriz, osasun-sistemen kolapsoa izaten ari da. COVID-19aren krisia egokiera ona da gaur egungo ekonomia- eta finantza-eredua birpentsatzeko, eta jakintza, ikerketa eta zientzialariak oinarritzat hartzeko, modu irmoan. Testuinguru honetan, garrantzitsua da medikuntza pertsonalizatuaren edo zehaztasun handiko medikuntzaren aldeko apustu sendoa egitea.

Zehaztasun handiko medikuntza definitu beharko bagenu, gaixotasunaren tratamendu pertsonalizatua litzateke ikuspegia, pertsona bakoitzaren geneak, ingurunea eta bizitza-estiloa kontuan izanda. Ikuspegi horren bidez, zehaztasun handiagoz aurreikusi ahal izango genuke tratamendu jakin bat edo prebentzio-estrategia zehatz bat zer pertsona talderentzat izan daitekeen eraginkorragoa. Zehaztasun handiko medikuntza modu eraginkorrean ezarriko bada, ezinbestekoa da datu-base esperimental zabalak aztertzea eta datuak eskuratzea, biztanleriaren ezaugarri bereizgarriak zehazteko. Testuinguru honetan, duela hiru urte jarri genuen martxan AKRIBEA proiektua, Mondragon Unibertsitateko Osarten enpresaren laguntzarekin (https://www.osarten.com/ataria/home).Horren bidez, Euskadiko biztanleria orokorreko gutxienez 10.000 pertsonen material biologikoaren laginak ari gara jasotzen, ondoren prozesatzeko, biltzeko eta kontserbatzeko. Proiektuaren helburu nagusia da balio estrategiko handiko eremu berrietan ikerkuntza eta ikerketa horien aplikagarritasuna azeleratzea. Azken urteotan, biobankuak eta biogordailuak ezinbesteko azpiegitura bihurtu dira balio handiko ikerkuntza biomedikoan. Proiektuaren xedea da emaitzak Euskadiko ikerketa-zentroen eta enpresa egiaztatuen eskura jartzea. AKRIBEA proiektuak ez du gaixotasun multzo jakinik edo osasun-egoera berezirik hartu ardatz. Gaixotasun desberdinak dituzten pertsonak azterlanean sartuta, datu-baseari galdera zehatzak egin ahal izango dizkiogu, galdera horien bidez gaixotasun jakin bati buruzko berariazko azterketa sistematikoak diseinatzeko, edota botiken efektuak ebaluatzeko, bai eta alderdi genomikoen, ingurunekoen, sozialen eta ekonomikoen garrantzian sakontzeko ere. AKRIBEA ahalegin kolektibo bat da, CIC bioGUNE eta Osarten eragile nagusiekin batera, beste hauek ere partaide baitira: FAES Farma (https://faesfarma.com/), Bruker (https://www.bruker.com), Getxoko Udala, Bioef (https://www.bioef.org/es/), Mondragon Unibertsitatea eta BRTA aliantzako hainbat zentro (https://www.brta.eus).

Ez da erraza enpresa edo ikerketa-zentro batean berrikuntzarako ahalmena sortzea eta mantentzea, eta ez dago arrakasta bermatuko duen metodo jakinik. Gai honi buruzko liburu eta ikastaro ugari daude. Berrikuntza I+G arloari oso loturik dago, hala enpresa munduan nola sektore akademiko publiko eta pribatuetan, eta horren adierazle, Espainian lotu egin dira hiru terminoak, I+G+b trinomioa osatzeko. BiomaGUNE eta bioGUNE zentroetan berrikuntza arloko gure estrategia izozmendiaren kontzeptuan oinarritzen da: ikerketa eta horren oinarria dagoen jakintza ez dira begiz erraz ikusten, baina zenbat eta handiagoak izan, izozmendi batean bezala, orduan eta sendoagoa izango da ikusten den alderdia ere.

Partekatu albiste hau

Harremanetan jarri

José M.
Mato
CIC biomaGUNE eta Basque Research and Technology Alliancealiantzaren zuzendari nagusia
Basque Research and Technology Alliance (BRTA)

Hurrengo ekitaldiak