Uztailak 19, 2021
Zientzia, teknologia eta berrikuntza ezinbesteko lan-tresnak dira, Euskadin ditugun erronka nagusiei erantzuteko eta garapen iraunkorra bermatzeko. Hala azpimarratu izan du Maria Mazzucatok: “Hazkunde inklusiboa eta iraunkorra bideratzeko, guztion onuraren kontzeptuak bultzatutako inbertsio publikoa behar dugu, eta orobat, beste era bateko erlazio publiko-pribatu batzuk behar ditugu, horien bidez sistema sinbiotikoagoak sortzeko”.
Une kritikoan gaude, eta egokierak ikuspegi partekatu bat eskatzen du, eta, era berean, elkarrekin lan egitea eta eragile eta plan guztiak lerrokatzea inoiz baino beharrezkoago da. ZTBP Euskadi 2030 plana ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustu estrategikoa da. Erakunde publikoek, enpresek, unibertsitateek, ikerketa-zentroek eta eragile sozioekonomikoek parte hartzen dugu plan horretan.
Gure helburua da Euskadi Europako eskualde aurreratuenen artean kokatzea 2030ean, eta horretarako oso posizio onetik abiatzen gara. Horren adierazle, Europako Batzordeak 2021eko “Regional Innovation Scoreboard” (RIS) txostenean, Euskadi “eskualde mailako Bikaintasun poloa” dela adierazi du, eta berrikuntza handiko Europako eskualdeen artean sartu du. Gure aurrerapenak aitortzeaz gain, onenen parera iristeko zertan jarraitu behar dugun hobetzen ere adierazten du txosten horrek.
Suspertze ekonomikoa azeleratzeko eta epe luzerako hazkundea indartzeko, I+G+b arloko inbertsioaren alde egin behar dugu apustu, eta lehentasuna eman behar diegu enpresa, zientzia eta teknologia arloetan gaitasun gehien dugun esparruetako proiektu eraldatzaileei, bai eta merkatu-aukera onenak eskaintzen dituzten eremuei ere. ZTBP Euskadi 2030 planaren bide-orriari jarraituz, aipatutako proiektuak, arlo hauetakoak dira batez ere: industria adimenduna, energia garbiak eta osasun pertsonalizatua, baita lurralde eta eremu hauetakoak ere: elikadura osasungarria, eko-berrikuntza, hiri iraunkorrak eta Euskadi sortzailea. Inbertsio eta proiektu eraldatzaile horiek guztiek balio beharko ligukete trantsizio hirukoitzari berme handiagoarekin aurre egiteko: trantsizio teknologiko-digitalari, energetiko-klimatikoari eta sozio-sanitarioari.
Bikaintasun zientifikoa, teknologia eta industria arloko lidergoa eta berrikuntza irekia dira gure hiru zutabe nagusiak espezializazio adimendunean sakontzeko eta ZTBP Euskadi 2030 plana bultzatzeko. Eta horiei, talentua gehitu behar zaie, ezinbesteko oinarri den aldetik. Lau elementu horiek, modu bateratuan eta orekatuan, lagungarri izango dira ikerketen emaitzak onura sozial eta ekonomiko bihurtzeko.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sistema pixkanaka hobetzen joan da bere emaitzak azken urteotan, eta, alde horretatik, gero eta eraginkorragoa da. Gure helburuetako bat da euskal I+G+b arloa emaitzetara bideratzea ahalik eta gehien. Puntu honetan, gure gaitasun espezifikoetatik abiatuta eta lankidetza publiko-pribatuaren bidez, programa bateratuetan parte hartzen dugu. Hala, programa horiek aukera ematen digute gure funtsak Espainiakoekin eta Europakoekin lerrokatzeko. Euskadi Next programan jasotzen denez, suspertze- eta erresilientzia-funtsak eraldaketarako erabili nahi dira; hau da, Europako funts horiek gehigarritasun-irizpidearekin erabili eta bideratu nahi dira eraldaketarako, helburu nagusi batekin: inbertsio publikoari eta inbertsio publiko-pribatuari bultzada sendoa ematea.
Ikerketa zientifiko eta teknologikoaren eta berrikuntzaren sustapenerako, behar-beharrezkoa da proiektuak, finantzaketa-programak, laguntza-zerbitzuak eta azpiegitura zientifiko handiak garatzea eta talentua bultzatzea. Izan ere, talentu horrek bideratzen eta bermatzen du goi-mailako jarduera ikertzailea eta teknologikoa, handitzen du jarduera horien inpaktua eta sendotzen du Euskadi, erreferentziazko zientzia, teknologia eta berrikuntza ekoizteko leku erakargarri gisa.
Eraldaketa sakonari egin behar diogu aurre, eta horrek erronka handia ekarriko digu, baina baita aukera handiak ere. Eta aukera horiei guztiei bide emateko, ezinbestekoa izango da gure laguntza, berrikuntzarekin konpromiso partekatua oinarrian dela. Talentua garatuz, auzolana.