Friendshoring terminoa “friendship” eta “outsourcing” terminoen arteko konbinaziotik sortzen da. Terminoa 2021eko ekainean agertu zen
Friendshoring terminoa “friendship” eta “outsourcing” terminoen arteko konbinaziotik sortzen da. Terminoa 2021eko ekainean agertu zen lehen aldiz, Etxe Zuriak hornidura kateen erresilientziari buruz argitaratutako txosten batean: “Building resilient supply chains, revitalizing american manufacturing, and fostering broad-based growth” txostenean, hain zuzen ere.
Terminoaren erabilera oso azkar hedatu zen, eta aurtengo urtarrilean Davosen egin zen Munduko Ekonomia Foroan oihartzun handien izan zuen terminoetako bat izan zen. Yellenen hitzetan, friendshoring antzeko balioak eta printzipioak dituen herrialde‑taldeari erreferentzia egiteaz gain, “haien arteko hornidura‑kateen lotura indartzeko prozesua da, merkaturako sarbidea modu seguruan zabaltzen duena, eta gure eta gure konfiantzazko merkataritza‑kideen ekonomiarako arriskuak murrizten dituena”. Hau da, aliatu edo lagun diren lurraldeetan dauden eragileekin harremana lehenestean datza; izan ere, eta adostutakoaren arabera behintzat, egonkortasun handiagoa dakar epe luzean. Hala ere, maila ekonomikoaren, garapen teknologikoaren eta botere politikoaren lidergotza izateko lehiak ere garrantzi handia du mugimendu horretan.
Friendshoring agertu baino lehen, beste mugimendu batzuek ere sustatu zuten globalizazioaren kontzeptua eta bilakaera. Besteak beste, deslokalizazioa dugu: urteetan zehar, ekoizpena edo lan espezifikoak atzerriko herrialdeetara eraman dira, zehazki, garapen‑bidean dauden herrialdeetara, non lan‑kostuak, oro har, baxuagoak diren edo izan diren. Azken urteotan, baliabide estrategikoen kontrolean, hornidura‑segurtasunean eta burujabetza energetikoaren kontzeptuetan oinarrituta, beste termino batzuk gailendu dira, esaterako, nearshoring edo reshoring. Lehenengoan, lan espezifikoak egiteko, gertu dauden enpresak azpikontratatzean datza (askotan herrialdean edo eskualdean bertan dauden enpresak); reshoringkontzeptuak, aldiz, erreferentzia egiten dio atzerriko bere ekoizpena merkatu nazionaletara eramaten duten enpresen ereduari.
Egun, mundu‑mailako hornidura‑kateetan dauden tentsioek erakunde guztiei eragiten diete, horien sektorea eta tamaina gorabehera. Batik bat, tentsio horiek geldiarazteko eta horiei aurre egiteko beharraren ondorioz, friendshoring kontzeptua sortu da. Alde batetik, COVID-19aren pandemiak munduko ekoizpena eta ondasunen garraioa geldiaraztea ekarri zuen, eta mugikortasun‑neurriek, fabriken itxierek eta mugen itxierek ere ondorio nabarmenak ekarri zituzten mundu‑mailako hornidura‑kateetan, gaur egun ere jarraitzen dutenak. Bestalde, azken urteotan lehengaiak murriztu direnez, esaterako, metalak eta erdieroaleak, industria‑kopuru handi batean ere ondasunen ekoizpenari eragin dio. Horrez gain, lehengai horien eskaria areagotu egin da ekonomiak pandemiaren eraginei aurre egiten dien heinean, eta, ondorioz, lehengaien prezioa igo da eta baliabideak lortzeko lehia areagotu egin da. Beste faktore bat izan da gero eta langile gehiago falta direla industrialetan, batez ere, gaitasun espezializatuak behar dituzten horietan.
Testuinguru global horren aurrean, eta Europa eta Estatu Batuetako berrindustrializazio‑planak direla eta, jende askok pentsatu du desglobalizazio‑prozesua bizi behar genuela eta hornidura‑kateak beren hasierako tokietara itzuli behar zirela. Dena den, “protekzionismoaren” ideiari aurre egiteko, friendshoring kontzeptua sortu da, eta Txinak edo Errusiak izan ezik, herrialdeek beren hornidura‑kateak eraman nahi izan dituzte etsai‑sistematiko ez diren herrialdeetara. Gaur egun kate horiek birkokatzen ari dira; ez Europan, baizik eta India, Vietnam, Thailandia eta Asiako hego‑ekialdeko beste herrialde batzuetan. Hortaz, globalizazioa ez da murriztu, beste toki batzuetara lekualdatu baizik.
Mugimendu horiei esker, neurri batean, nolabaiteko “deslokalizazio” aukerak aprobetxatzen dira, eta herrialdeen artean aliantza‑estrategikoak sortzen dira. Horren bidez, blokeen arteko norgehiagoka/lehia sortuko da, eta, ondorioz, aliantza formalagoak bete beharko dituzte, esate baterako, nazioarteko merkataritza‑itunak.
Mugimendu horien aurrean, zuhurtziaz jokatzeko eskatzen duten jarrerak ere badaude. Ngozi Okonjo-Iwealak, Munduko Merkataritza Antolakundeko buruak, adierazi du kide diren herrialdeetan jarduerak birkokatuz arrisku geopolitikoak gutxitu edo ezabatu nahi dituzten bloke komertzialek kontuz ibili behar dutela mesede egiten dieten kide komertzialekin, eta adierazi du aukera ona izan daitekeela orain arte munduko merkataritzatik kanpo geratu diren herrialde eta eskualdeekin aukerak aztertzeko.
Horrez gain, adierazi du laguntasuna ahula izan daitekeela, batez ere esparru horietan, eta momentu honetan laguna dena, etsai bihurtu daitekeela etorkizunean. Enpresek, aliatuak hautatzeko orduan, oreka bilatu behar dute, eta harreman horiek fidagarritasunean eta lehiakortasunean oinarrituta indartu, etengabeko eta konfiantzazko harremana eraikiz.