Dubai Future Forum urriaren 10, 11 eta 12an egin zen, eta Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Innobasque bertan parte hartzera gonbidatu zuten. Ekimen horren esparruan, Amy Webb etorkizunetan adituak (Future Today Institute erakundearen CEOa) “orainismoaren” birusari buruz ohartarazi zuen, ziurgabetasunean eta beldurrean inkubatzen baita eta munduan azkar hedatzen ari baita.
Termino horrekin aipatu nahi zuen gobernuek, enpresek eta gizarteak oro har orainaldian eta epe laburrean zentratzeko duten joera, etorkizun onargarriak edo gustukoak imajinatu ordez. Alabaina, hain zuzen ere, konplexutasun eta ziurgabetasun handiko uneotan izan beharko litzateke inoiz baino beharrezkoagoa etorkizunera begirako pentsamendua. Gobernuek herritarren beharrizanak aldatzeari egin behar diote aurre, bai eta kanpotik datozen mehatxu berriei eta herritarren ongizatea arriskuan jar dezaketen faktoreei ere. Bestalde, enpresek beren balio-proposamenen disrupzioak eta beren ekosistemetan bat-batean sartzen diren eragile berriak dituzte, eta egiaztatzen dute talentua eskuratzeko eta atxikitzeko oztopoak daudela. Gizartea konfiantza galtzen ari da erakundeetan, publikoarekiko nolabaiteko gogogabezia erakusten du eta bere potentzialtasunak garatzeko autonomia galdu duela antzematen du.
Orainismoa gobernuek, enpresek eta gizarteak oro har orainaldian eta epe laburrean zentratzeko duten joera da, etorkizun onargarriak edo gustukoak imajinatu ordez
Lehengoratu al daiteke joera hori? Gure liderrak eroso sentitzen dira joeren txostenekin; izan ere, nolabaiteko segurtasuna ematen diete, baina pauso bat harago eman behar dute, etorkizuneko agertokiak irudikatu eta estrategiak sortu arrisku horiek arintzeko eta hazkunde-estrategiei bide emateko. Prospektibaren aro berri baterantz egin behar dugu aurrera, praktikoagoa eta neurgarriagoa izango den prospektiba baterantz, gustuko etorkizuna eta hartarantz aurrera egiteko mekanismoak benetako bihurtzeko modua zehaztuko duena. Ekintza nabarmendu behar da hautatutako aukeretarantz aurrera egiteko edo inpaktua neurtzeko behin-behineko lau agertoki desberdinetan: operatiboa (6-12 hilabete), estrategikoa (1-2 urte), ikuspegiarena (2-5 urte) eta eraldaketakoa (5-10 urte).
Ekitaldian, Dubaik erakutsi zuen ez zegoela orainismoak kutsatuta. Etorkizunari buruz duen ikuspegia erreferentzia bihurtu nahi duten azpiegitura eta sektoreetan gauzatzen ari da, eta beste sektore (turismoa, merkataritza eta garraioa) eta arlo (ekonomia digitala, adimen artifiziala, sektore aeroespaziala…) batzuetan ere nabarmentzen hasi dira. Herrialdeko gobernuak Adimen Artifizialaren, Ekonomia Digitalaren eta Urrutiko Lanaren Aplikazioen Ministerio bat eratu du. Kontuan izan behar da, foroarekin batera, Dubai Metaverse Assembly ere egin zela.
Prospektibaren aro berri baterantz egin behar dugu aurrera, praktikoagoa eta neurgarriagoa izango den prospektiba baterantz, gustuko etorkizuna eta hartarantz aurrera egiteko mekanismoak benetako bihurtzeko modua zehaztuko duena
Gustuko etorkizunak imajinatzeko eta errealitate bihurtzeko prospektiba erabiltzen urteak daramatzaten beste herrialde batzuen lorratza jarraitzen ari da Dubai. Aipatzekoak dira Gales, Singapur eta Kanadako foroetan partekatu ziren esperientziak, Estatu Batuetako National Intelligence Council (NIC) erakundearenak, edo NBEren ikuspegia. Araudia erakundeei eskatzen ari zaie azal dezatela nola ari diren etorkizunean pentsatzen eta nola aurreikusiko duten martxan jartzen diren ekimenek epe luzera begira izango duten inpaktua, arazoei aurrea hartu eta arriskuak saihesteko. Bestalde, Inteligentzia Agentzia Nazional iparramerikarrak “Global Trends 2040”txostenaren berri eman zuen, eta NBEk balioa eman zion garapen jasangarrirako helburuak eta“Our Common Agenda”egitasmoa zehazteko prospektiba-lanari. Gainera, munduko gobernantzan berrikuntzari buruzko etorkizuneko ikuspegia duen pentsamendua sustatzeko gomendioak eman zituen, 2023ko Etorkizunaren Goi Bilerari begira.
Agiri horiek guztiak bat datoz esatean orainaldian egiten denak belaunaldi askoren etorkizunari eragingo diola eta etorkizuna eraikuntza holistikoki eta diziplinez gaindi eraiki behar dela, dena lotuta dagoela aitortuz, publikoa eta pribatua batuz, eta sektore, erakunde eta herritar guztien artean lankidetzan arituz. Eta, gizakien eta adimen artifizialaren arteko loturaren aroan, etorkizun alternatiboak pentsatuz eta imajinatuz.
Etorkizunak diseinatzeko tresna gisa, esperientzia-etorkizunak eta gamifikazioa erabiltzea proposatu zen; izan ere, balizko aukerak eta arriskuak modu errealistan, baina ingurune seguruan bizitzen laguntzen duten ingurune murgiltzaileak eskaintzen dituzte.
Orainismoari aurre egiteko, ezinbestekoa da hezkuntza, eskolatze-maila oinarrizkoenetatik hasita, bai eta gizartean jakin-mina eta imajinatzeko gaitasuna sustatzea, konponbide alternatiboak, sormena, eskuzabaltasuna onartzea eta kualitatiboa kuantitatiboarekin konbinatzea ere, etorkizuna neurtzeko eta ulertzeko. Halaber, diziplinen arteko eta kulturen arteko pentsamendua ahalbidetzen duten hezkuntza, sareak eta tresnak sustatu behar dira. Baina, gaur-gaurkoz, ez gaude horretarako prestatuta.