Badirudi 2023. urte hau zoragarria izango dela zientziari, teknologiari eta berrikuntzari dagokienez. Azken urteetan ikusi dugu zeharkako teknologia berritzaileak sortu direla (hala nola adimen artifiziala edo teknologia kuantikoak); bada, badirudi teknologia horiek erabiltzen hasteko prozesuan aurrera egitea izango dela datozen hilabeteetako foku nagusia, teknologia horien gaitasun eraldatzaile globala aprobetxatzeari begira.
Bestalde, beste teknologia helduago batzuek aldatzen jarraituko dute. Errealitate birtualak, handituak edo mistoak aukera emango du biki digital aberastuekin eta murgiltzaileekin lan egiteko, eta jasangarritasun eta eraginkortasunean hobekuntzak egitea ahalbidetuko du; gainera, ingurune digital seguruetan ideia berriekin esperimentatu ahalko da. Aktiboak hodeian kudeatzeari dagokionez, denboraldi batez garrantzitsuena izan da mota desberdinetako cloudplataformek gure esku jartzen zituzten gaitasunei etekina ateratzea, baina hemendik aurrera joera nagusia izango da kudeaketa hori antolatzera eta honako hau ekiditea: batetik, teknologia horren operazio-kostuak handiagoak izatea eskaintzen dituen onura eztabaidaezinak baino; eta, bestetik, gure informazioa plataformen artean mugitzeak edo gordetzeak dakarren segurtasun-arriskuaren igoera onartezina izatea.
Normalean mainframe deitzen zaien sistema korporatiboei dagokienez, nire ustez, une hobeak izan dituzte. Badakit gero eta funtzionaltasun gehiago dituztela eta ez dut zalantzan jartzen daukaten sendotasun miresgarria, baina kostua handiegia da eta oso errepikakorra. Ez dugu ahaztu behar, gainera, sistema korporatibo zentralizatuak kode irekiko softwarean oinarritutako arkitektura irekien ordez aldatzen jakin duten erakundeek aukera izan dutela aurrekontua ohiko funtzio operatiboetatik berrikuntza bezalako jarduera estrategikoetara aldatzeko; hau da, orainaldian gastatzetik etorkizunean inbertitzera igaro dira.
Ikuspuntua aldatuz, tresna teknologiko erraztaileen (quantum, AI, blockchain, maninframe) aurrerapen aurreikusgarria gorabehera, uste dut beharrezkoa dela beste kontzeptu batzuk azpimarratzea, hala nola malgutasuna. Ziurrenik, gure erakundeetako talentua eta ahalegintzeko gaitasuna nola kudeatzen ditugun birplanteatu beharko genuke. Jakin behar dugu deszentralizazioa eta konfiantza funtsezko aktiboak direla mundu global honetan, non balio nagusia erraz kopia daitekeen kontzeptu ukiezin batek ematen duen: ezagutzak Gure kultura (gure ohiturak) aldatu behar ditugu eta antolakuntza-modu eta –era berrietara zabaldu, gure gaitasunak handitzeko. Xedea da adimen kolektiboan konfiantza izatea eta hori aprobetxatzea, non dagoen albo batera utzita, eta, laburbilduz, gure erakundeei multzo fidagarriek, askotarikoek eta adimentsuek dakarten potentzia eskaintzea.
Ondorio gisa, esan genezake teknologiak eta enpresa-jarduerari aurre egiteko moduak aurrera egiten jarraitzen dutela. Horrek logikoa eman dezake, baina kontuan izanda etorkizuna etortzeke dagoela per seeta, beraz, ezezaguna dela per se—, eta gizakion historia etengabe eboluzionatzen eta aldatzen dela, nire ustez, zenbait unetan, zientziaren muga lekualdatzeak, aurrerapen teknikoekin edo teknologikoekin batera, garrantzi handiagoko aldaketa sozialak egitea ahalbidetzen du.
Hasierara bueltatuz, iruditzen zait adimen artifizialaren gehiegizko erabilerak eta teknologia kuantikoak goiz erabiltzen hasteak oso eraldaketa garrantzitsua ahalbidetuko dutela, aurretik eraginik handiena izan duen eraldaketaren parekoa. Edo are garrantzitsuagoa. Eta eraldaketa hori egiteko abiadura ere bereziki handia izango da.
Kontua da zientziaren mugak mugitzen jarraitzen duela, eta, ohikoa denez, ezagutzaren gizartean aurrera egiten denean, arriskuaren gizartean ere aurrera egiten da. Ulertu behar dugu, bizi dugun aurrerapen zientifiko-teknologiko azeleratuaren testuinguruan, eta aintzat hartuta aurreikus daitezkeen aldaketen sakontasuna eta irismena, sortu ahal diren arriskuak aurreikusi behar ditugula eta aurrea hartu behar diegula. Ildo horretan, gizartearen alfabetatze zientifiko-teknologikoa hobetzea eta zientziari dagokionez kultua den gizarte bat —zentzu handikoa– izatea berme ezin hobeak izango dira gizadiaren eta gizadia bizi den ingurune naturalaren bilakaera jasangarria lortzeko. Izan ere, zientziak eta gizarteak elkarri eragiten diote.
Nire ustez, proiektu taldeetan etika- eta filosofia-ezagutzak dituzten pertsonak sartzeko unea da. Gutxienez, edozein motatako alborapenak izan ahal dituzten edo arrisku handia ekar dezaketen proiektuetan.