Zalantzarik gabe, gure planetak gero eta biztanle gehiago izango ditu, eta elikagai‑eskariak etengabe egingo du gora.
World Economic Forumen datuen arabera, munduan 7.700 milioi biztanle izatetik, ia 10.000 milioi izatera igaroko gara 2050ean. Horren ondorioz, gizakiak eta animaliak elikatzeko zereal‑eskaria 3.000 milioi tona inguruan koka daiteke; aldiz, 2009an, eskaria 2.000 milioi tonakoa zen. Testuinguru horretan, nekazaritza‑sistemek klima-aldaketari, ur- eta lur‑eskasiari eta elikagaien prezioen hegakortasun gero eta handiagoari aurre egin beharko diote. Horrez gain, hornikuntza-katearen eteteak eta langile‑eskasia orokortuak eragina izaten jarraituko dute. Horregatik, elikadura-enpresek aurrean dituzten erronkak ez dira gutxi: kontsumo ereduan gertatzen diren aldaketetara egokitu beharko dute, eta rol garrantzitsuagoa izango dute osasunaren eta ongizatearen sustapenean.
Etorkizuneko panorama horren aurrean eta etorkizunean gerta daitezkeen elikadura-krisi posibleen itzaletan ospatu da duela gutxi Bilbon Food 4 Future World Summit kongresua. Bertan, hainbat enpresa erakusketari eta aditu izan dira, azken nobedade, produktu eta zerbitzu disruptiboen berri emateko, eta, elikaduraren arloan, negozio-ereduak birdiseinatzeari lotutako auzi nagusiei heltzeko. Izan ere, badaude industriaren perspektiben inguruan optimista izateko arrazoiak, eta enpresak ongi kokatuta daude antzeman daitezkeen joera nagusiei heltzeko. Gu han izan ginen, eta hauek dira ikusi protagonismo berezia izan zuten etorkizuneko joera nagusiak:
Jasangarritasuna eta kontsumitzailearen rola
Gaur egun, aldaketaren aldeko zenbait indar daude, eraldaketa jasangarriaren onura zuzenak direnak edo horiek bultzatzeko sortu direnak. Horiek sektoreari eragiten diote eta jasangarritasunerantz bultzatzen dute. Hauek dira: kostu‑eraginkortasuna, enpresen konpromisoa jasangarritasunarekiko, edo administrazioak emandako pizgarriak. Alabaina, eraldaketa horri ez zaizkio erronkak falta. Horien artean nabarmentzen dira aurrera egiteko beharrezkoa den inbertsioa, teknologiaren eta azpiegituren eskuragarritasuna, erregulazioa eta pizgarriak, eta beharrezko elkarlanari berezkoak zaizkion arriskuak.
Esanak esan, sektorearen eraldaketa jasangarrian aurrera egiteko gomendioak argiak dira: elkartasun eta harreman gardenak ezartzea, kontsumitzailea sentsibilizatzea eta horri egiazko informazioa eskaintzea, berrikuntza eta ikerketa, egiaztagiriak, etiketatzea eta trazabilitatea hobetzea, eskura dauden Europako funtsei etekina ateratzea eta sektorearen ekarpen soziala indartzea. Ukaezina da kontsumitzaileek produktu osasuntsuagoekiko eta ekoizpen-prozesu jasangarriekiko duten interesak gora egin duela.
Hala ere, nekazaritzako sektoreko agenteen iritziz, borondateari lotutako aldaketa da hori, eta oraindik ez du harreman zuzenik kontsumitzaileen erosketekin. Izan ere, egungo testuinguru ekonomikoan, kalitate-prezio erlazioa da erosketa baldintzatzen duen aldagai erabakigarrietako bat.
Elikaduraren arloan, kontsumitzaileen beharrek hiru osagai dituzte: emozionala, soziala eta nutrizionala. Hori dela eta, sektorearen komunikazio-lana ezinbestekoa izango da kontsumitzaileen portaeran eragina izateko, eta haien erosketa-erabakiaren eragina azaldu beharko diete.
Informazio gehiago: https://assets.kpmg/content/dam/kpmg/es/pdf/2022/05/transformacion-sostenible-sector-agroalimentario.pdf
Produktu berriak
Elikadura-produktu berriak garatzeko eragile nagusia “One Health” kontzeptua abiapuntutzat hartzea da. Kontzeptu hori gizakion, animalien eta ingurunearen osasunari lotuta dago.
Kontsumitzeko landare-proteina berriak lortzeko moduak bilatzea da joera nagusia, eta horien eta animalia-proteinen arteko bizikidetza sortuko dela ulertu da.
Gaur egun garapen-mota horren hainbat adibide badaude ere, oraindik ere zenbait oztopo garrantzitsu gainditu beharra dago. Besteak beste, eskalagarritasuna, erregulazioa, sektoreko ahaleginen zatitzea eta kontsumitzaile askok jartzen dizkieten trabak. Traba horiek produktuen ezaugarri sentsorialen ondorio dira, izan ere, normalean osagai-zerrenda luzeak izaten dituzte, eta horrek kontsumitzaile askoren arbuioa eragiten du.
Konektagarritasun eta automatizazio handiagoak
4.0 Industriak eskaintzen dituen aukerak funtsezkoak izango dira enpresek lan-fluxua optimizatu, ekoizpeneko botila-lepoak ezabatu eta marjinak hobetzeko, besteak beste.
Hain zuzen ere, automatizazioaren funtzioak zabaltzea (adibidez, robotika) faktore garrantzitsua izango da langile-eskasiaren eraginak arintzeko eta prozesuen eta ekoizleen amaierako produktuen eraginkortasuna hobetzeko.
Azkenik, azpimarratu beharra dago elikadurari ikuspegi sistemiko batetik heldu beharra dagoela. Horrela, balio-kateetako agenteen arteko elkarlana gero eta garrantzitsuagoa izango da.
Sektorearen beraren hitzetan, itxuraz bistakoa den joera batez ari gara, baina horrek ez du esan nahi ohikoa denik. Elkarlan horiek funtsezkoak izango dira merkatuaren joerei aurre egingo dieten negozio-eredu berriak definitzeko, ekoizpenetik eta fabrikaziotik hasita, logistikatik eta retailetik igarota, amaierako kontsumora arte.
Elikaduraren sektorearen etorkizuneko joera nagusiak