Joan den urriaren 4an BBK Trends Forum topaketaren bigarren edizioa egin zen. Topaketa hori BBK-k eta C4E Inspiration Company joeren aholkularitzak antolatzen dute eta hainbat kontinentetako profesional eta erakunde bertaratzen dira. Foro horretan prospektibaren munduan, etorkizuneko ikasketetan eta joeren identifikazioan garrantzitsuak diren profesionalek parte hartzen dute.
BBK Trends Forum ekitaldian aipatu ziren joerak identifikatzeko emandako metodoei eta teknikei eta joerei buruzko mezu guztien artean, jardunaldi osoan zehar errepikatu ziren bi azpimarratu nahiko genituzke:
- Batetik, narrazioen garrantzia seinaleak eta joerak eraikitzeko eta helarazteko orduan. Gizaki emozionalak gara (beharbada beste uste batzuk baino gehiago), eta hortaz, kontaketa datua bera baino sakonago iristen zaigu.
- Bestetik, seinaleak identifikatzean eta joerak eraikitzean inteligentzia kolektiboaren garrantzia. Erakundeen barruan eta horietatik kanpoko eragileekin harremanetan (sareko lana sortzen denean) kolaborazio‑lan hori sortzen dela ulertzen da.
Gainera, bi mezu horiek teoria soiletik errealitate ukigarrira igaro ziren, trendometroan erakutsi zuten bezala.Tendometroa ekitaldirako berariaz sortutako joerak lehenesteko kolaborazio‑tresna da; bertan, foroko parte‑hartzaile bakoitzak proposatutako joeren garrantzia baloratu behar zuen 1etik 5era eta bere balorazioak hari baten bidez lotu behar zituen.
BBK Trends Forumen prospektibaren munduan, etorkizuneko ikasketetan eta joeren identifikazioan garrantzitsuak diren profesionalek parte hartzen dute
Bertaratutako gehienak bat etorri ziren hiru joera lehentasunezkotzat jotzean:
- Enviromental all: jasangarritasunak bizitzako esfera guztiak hartzen ditu.
- Esadazu argi: benetakotasunaren bila dabilen kontsumitzaile batek bere filtrorik gabeko irudia erakusten du eta, era berean, markei gardentasuna eskatzen die.
- Bizitza urduria: mundu aldakor, zalantzagarri, konplexu eta anbiguoan, eta denbora aldatzen duen teknologiarekin, gizakiak pazientzia gutxiago eta exijentzia gehiago ditu.
Aurrekoei emandako lehentasunera iritsi gabe, beste hiru joera ere garrantzitsutzat jo ziren:
- Etxe aberatsa: etxea denetarako gune gisa, telelanetik entretenimendura, telemedikuntza eta kirola barne.
- Agur ugaritasunari: urritasunera itzultzea baliabideen falta, hornidura gabetze eta prezioen igoeraren ondorioz.
- Inklusio erradikala: aniztasunaren eta gutxiengoen sarbidearen aldeko aldarri orokortua munduan zehar dabil.
Bat etorri ziren hiru joera lehentasunezkotzat baloratzean: bizitzako esfera guztiak hartzen dituen jasangarritasuna, benetakotasunaren bila dabilen eta gardentasuna eskatzen duen kontsumitzailea eta pazientzia gutxiago eta exijentzia gehiago dituen gizartea
Balorazioen hurrengo eskalan honako joera hauek erregistratu ziren:
- Sortzaileen ekonomia: negozio‑eredu berria, non eduki mota guztietako banakako sortzaileek haien pasioari esker bizitzea lortzen duten.
- AA sortzailea: adimen artifizialak giza sormenari laguntzen dio eta hori sustatzen du.
- Boomerren booma: 1946 eta 1964 bitartean jaiotako belaunaldiak zahartzearen kontzeptua aldatu du eta ekonomiaren motor bihurtu dira.
Azkenik, gutxien baloratutako joera Metaverse world izan zen, metabersoaren mundua, muga fisikoak gainjartzea denbora benetako bizitzaren bertsio edo luzapena den espazio birtual batean igarotzeko.