Bada garai bat konputazio kuantikoari buruz etengabe hitz egiten dena. Mekanika kuantikoaren legeak aprobetxatzen dituen teknologia da, ohiko konputagailuentzat konplexuegiak diren arazoak ebazteko. Beste teknologia batzuetara lotuta (Adimen artifiziala eta blockhaina, adibidez), erabat aldatuko ditu gure gizarteko eremu guztiak.
Nazioarteko korporazio nagusiek diru kopuru handiak inbertitzen ari dira ikerketa proiektuetan, konputazio kuantikoaren esparruan abantailak lortzeko. Enpresa txiki eta ertainek ere albait arinen prestatu behar dute “industria iraultza” berri honetarako, baldin eta euren bizirautea bermatu nahi badute.
Aurreikusten denez, lehenengo aplikazio praktikoak izango dituzten sektoreak honako hauek izango dira: finantzak eta aseguruak, osasuna, merkataritza, logistika… Eta, oro har, operatiboan datuen analisia funtsezkoa den guztietan.
Konputazio kuantikoko algoritmoek ikasketa automatikoa azeleratzen dute. Industria plantetan, adibidez, ekoizpen-ildoetan roboten kontrol adimentsua egiteko erabili ahalko da, kalitatea bermatzeko edo planten mantentze-lan prediktiborako. Konputagailu kuantikoei esker, prozesu logistikoak eraginkorragoak eta ekonomikoagoak izango dira, floten ekoizpen optimizatuaren eta ibilbideen planifikazio adimentsuaren bidez.
Beste teknologia batzuetara lotuta (adimen artifiziala eta blockhaina, adibidez), konputazio kuantikoak erabat aldatuko ditu gure gizarteko eremu guztiak.
Horrez gain, gure osasunak ere konputazio kuantikoaren onurak jasoko ditu; izan ere, aukera emango du zenbait alorretan (hala nola medikuntza, farmazia edo kimika) dauden arazoei konponbidea aurkitzeko, substantzia aktiboetan gero eta egitura molekular zailagoak simulatuz. Horrek guztiak paziente bakoitza tratatzeko metodorik onenak aurkitzen lagunduko du.
Portaera molekularraren simulazioak ere ikuspegi harrigarriak zabaltzen ditu aplikazio espezifikoetara egokitutako material berrien garapenean. Adibidez, eraikuntza arinean edo zuntz adimentsuak fabrikatzean.
Eragin-faktore ugariren arteko esku hartze konplexuak simulatzeak ezagutza berrietara eramango gaitu klima ikertzean, eta aukera emango du zorigaiztokoak izan ahal diren gertakarien pronostiko askoz zehatzagoak egiteko.
Etorkizunean, banatutako energia-sareen eragile gero eta anitzagoak kontrolatu, mantendu eta eraso zibernetikoen aurka babestu ahalko dira konputagailu kuantikoen bidez. Karga-pronostiko zehatzen bidez, konputagailu kuantikoek aukera izango dute industriarako eta etxeetarako une oro energia eraginkorra hornitzen dela bermatzeko.
Finantza-merkatuen epe luzerako datuak ebaluatzeko gaitasunari esker, konputazio kuantikoak aukera emango du balore-burtsaren prezioen ebaluazioa zehetasun handiagoz aurreikusteko, eta, horrela, zorroak aurretik ezarritako parametroen (errendimendua, segurtasuna, etab.) arabera optimizatzeko. Bankan, finantza-fluxuetako anomaliak eta iruzurrak detektatzeko erabili ahalko da. Eta sektore guztientzako zeharkako erronka izango da kriptografia post-kuantikoko metodoak bermatzea, datu konfidentzialak babesteko.
Edozein enpresarentzako aholkurik onena da konputazio kuantikoa erabiltzeko balizko kasuak garatzen hastea, merkatuaren etorkizuneko errekerimenduetara prestatzeko.
Espainian, zazpi enpresak, bost ikerketa-zentrok (BSC, CSIC, DIPC, ICFO eta Tecnalia) eta Valentziako Unibertsitate Politeknikoak osatutako partzuergoak CUCO proiektua martxan jarri du, konputazio kuantikoa energiaren, finantzen, espazioaren, defentsaren eta logistikaren sektoreetako Espainiako industria estrategikoetan aplikatzeko.
Euskadin gaitasun handiak daude konputazio kuantikoari dagokionez, eta martxan dauden ekimen publiko-pribatuek horien garrantzi gero eta handiagoa islatzen dute. Bizkaian, Foru Aldundia, Accenturekin, IBMrekin, Telefónicarekin, Bilboko Udalarekin, Gaia clusterrarekin, Tecnaliarekin, Silicon Europekin, UPV-EHUrekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin batera, Quantum Ecosystem lankidetza-estrategiaren liderra da. Estrategia horren parte den neurrian, Lantik foru-sozietatea hub gisa gehitu da IBM Quantum Networken, eta haren bigarren nodo bilakatu da Espainian (CSICen ostean), eta Europar Batasuneko bosgarrena. Gipuzkoan, Foru Aldundiak, Donostia International Physics Centerrek eta Multiverse Computingek Gipuzkoa Quantum proiektua sustatu dute, eta Teknologia Kuantikoen Poloak arlo horretako ezagutza aurreratua bilduko du Donostian.
Bestalde, UPV-EHUk konputazio kuantikoko munduko master gutxietako bat dauka (lehenengoa estatuan), eta OpenSuperQ partzuergoa (zehaztapen irekiak dituen ordenagailu kuantiko bat lortzeko ekimen europarra —open source modeloa— osatzen duten hamar unibertsitateetako bat da).
Ikerketaren ikuspuntutik, Ibermática Berrikuntza Institutuak (i3b), Tecnaliak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak bi urte daramatzate diziplina horretako oinarrizko ikerketan lanean, Quantek proiektuaren esparruan.
Ez dakigu zein epe zehatzetan aplikatuko den konputazio kuantikoa (gaur egun IKTek egiten duten moduan) gure bizitzako edozein eremutan, baina aditu batzuek diote lau edo bost urte baino gutxiagoko epean gertatuko dela. Dena den, enpresak aukera dute beren konputazio kuantikoko kontzeptuak eta algoritmoak probatu eta garatzeko.
Beraz, edozein enpresarentzako aholkurik onena da konputazio kuantikoa erabiltzeko balizko kasuak garatzen hastea: modurik onena izango da merkatuaren etorkizuneko errekerimenduetara prestatzeko.