Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak eta Elhuyar Fundazioak itun
estrategikoa izenpetu dute elkarrekin lan egiteko berrikuntzaren alde eta
Euskadiko bigarren eraldaketa ekonomikoa sustatzen.
Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak eta Elhuyar Fundazioak itun estrategikoa izenpetu dute elkarrekin lan egiteko berrikuntzaren alde eta
Euskadiko bigarren eraldaketa ekonomikoa sustatzen.
Hitzarmena Innobasqueko lehendakariak -Pedro Luis Uriartek- eta Elhuyar Fundazioko lehendakariak -José María Rodríguez Ibabek- izenpetu dute.
Jakina denez, Elhuyarren xede edo misioa zientzia eta teknologia jendartean zabaltzea da, eta euskara garatzen laguntzea, horretarako kalitatezko
zerbitzuak, tresnak eta baliabideak eskainiz, berrikuntza ardatz dela betiere.
Elhuyarrek, 1972an sortu zenetik, lan handia egin du zientzia jendartean zabaltzen (horren erakusgarri dira Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkaria, Teknopolis telebistako programa, Basque Research euskal I+G+b-ren web gunea eta beste hainbat zabalkunde-proiektu), baita hizkuntza-normalizazioan (lexikografia, itzulpenak, hizkuntza-teknologien ikerketa), multimedia materiala sortzen, eta abarretan ere.
Itun estrategiko honen bidez, bi erakundeok euskal ekonomiaren bigarren eraldaketa handia bultzatzen eta garatzen gogotsu lan egingo dute:
Innobasquek, Euskadin Berrikuntza koordinatzeko eta bultzatzeko tresna gisa; eta Elhuyar Fundazioak, zientzia, teknologia eta berrikuntzaren eremuan
ikerketa eta zabalkunderako aliatu estrategiko eta sustatzaile gisa.
Itun edo akordio honen helburua bi erakundeen arteko lankidetza- eta koordinazio-esparrua ezartzea da, gerora ekintzak garatu ahal izateko
berrikuntza eta gizarte-mobilizazioa sustatzeko proiektuan, eta elkarrekin sustapen-, zabalkunde- eta komunikazio-jardueratan parte hartzeko, batez ere
aurten, 2008a Berrikuntza Urtea baita Euskadin.
Itun honek hasierako iraunaldia hiru urtekoa izango du, eta elkarren arteko jardunerako oinarriak ezartzen ditu, eta lankidetza-ildoak Jarduera Programa
espezifikotan zehaztuko dira.
Innobasque elkarte pribatua da, irabazi asmorik gabea, Euskadin eremu guztietan berrikuntza koordinatu eta bultzatzeko sortua, baita ekintzailetza espiritua eta sormena sustatzeko ere. Agentziaren helburua Euskadiko ekonomian eta gizartean bigarren eraldaketa handia gidatzea, eta gure Herria Europan erreferente bihurtzea berrikuntza gaietan. Gaur egun Innobasquek 600 bazkide inguru ditu.
Gainera, Innobasque Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluan sartuta dago, eta Kontseilu hau zientzia, teknologia, ikerketa eta
berrikuntzari buruzko politikan parte hartu, aholku eman eta lidergoa zertzeko organo gorena da Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan. Era berean
lankidetza, behaketa, koordinazio eta sustapenerako organo gorena da ikerketa, garapen eta berrikuntzari dagokienean. Innobasquek Zientzia,
Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluan parte hartzeak bermatu egiten du gure lurraldearen eraldaketan zuzenean diharduten eragile sozioekonomiko guztien kezkak ordezkatuta egongo direla.