TECNALIA eta IK4 euskal korporazio teknologikoek itunak egin dituzte Innobasquerekin, beren jarduerak lankidetza estuan egiteko, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemak Euskadiko Ekonomia eta Gizartearen Bigarren Eraldaketa Handiari ekarpen handiagoa egiteko helburu nagusiarekin.

TECNALIAko lehendakaria -José María Etxarri-, IK4ko homonimoa -Carlos Bastero- eta Innobasqueko lehendakaria -Pedro Luis Uriarte- arduratu dira itun hau ofizialki abian jartzeaz, Donostian, Miramongo Teknologia Parkean.

Hiru lehendakariek akordio honen garrantzi kuantitatibo eta kualitatiboa azpimarratu dute, azken urteotan bi Korporazioek Sistemaren berrantolaketan hasitako ahalegina sendotzen baitu. Horren ildotik, itun hauetako konpromisoa zera da: teknologiaren eskaintza kohesionatu, espezializatu eta biziki dimentsionatua sendotzeko lan egitea. Hiru erakundeek azpimarratu dute itun hauen garrantzia Garapen Teknologiko eta Berrikuntzako Azpisistema berrantolatzeko ezinbesteko urrats gisa.

Bestalde, gaur izenpetutako itun hauetan, ondoko hau biltzen da: EITE (Euskal Teknologia Ikertegien Elkartea), beren kideen koordinazio eta espezializaziorako Zentro Teknologikoek sortutako erakunde operatiboa, Innobasquen integratzen dela , eta Iñaki Goenaga Zentro Teknologikoen Fundazioa federatu egiten dela Innobasquerekin. Korporazioetako ordezkarien aho batezko babesarekin, hiru sozietate horietako gobernu-organo gorenek Innobasquerekin harremanak sendotzeko formula hauek onartu zituzten 2007 eta 2008an, eta horiek dira gaur izenpetutako itunen edukiaren muinetako bat.

2007ko uztailean abian jarri zenetik, Innobasqueren helburu nagusietako bat zera izan da: euskal enpresa eta erakunde eta instituzioen artean hedatzea, arlo guztietan estrategiak egokitu eta bat etorrarazteko, Euskadi Berrikuntzan erreferenteA izan dadin 2030. ingururako. Helburu horrekin, eta Berrikuntzaren Agentzia Birtualaren bidez, Innobasquek hilabete hauetan era askotako 12 akordio izenpetu ditu: Ezagutzaren Clusterra eta Eurobulegoaren integrazioa, Euskalit-ekiko Federazioa, eta itun-formulak (besteak beste, Adegi, Elkargi, Eusko Ikaskuntza, Mondragon Unibertsitatea eta Eudel-Euskal Udalerrien Elkartearekin).

Paraleloan, eta bere ordezkaritza-gaitasuna indartzeko helburuarekin, Innobasque bazkideak bilatzeko lan handia ari da egiten, eta hil honen bukaeran Kursaalen egingo den Batzarrean 600 bazkide baino gehiago izango dira.

Nor da nor

  • IK4 Research Alliance 2004an sortu zen bere kideen ezagutza eta esperientzia bildu eta behar besteko masa kritikoak lortzeko, sakonera sozioekonomiko handiko prozesu berritzaileak eragiteko, eta ikerketa-taldeen indarrak eta gaitasun frogatuak batzeko, bat datozen espezializazio arloetan edo osagarrietan; baita ere, sinergiak lortu eta punta-puntako enpresen proiekturik handinahienak asetzeko.

IK4 Research Alliance-ko kide dira: Ceit, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Tekniker eta VICOMTech, eta aurten, 2008an Leia Zentro Teknologikoa bazkide gisa sartzea espero da, baita Azterlan eta Euve erakundeak ere, biek hasitako egiaztatze-prozesuak burutu ondoren.

Gaur egun 1.412 ikertzaile ditu (%17 doktoreak eta %38,0 goi mailako tituludun tekniko eta zientifikoak), Euskadiko Parke eta Polo Teknologiko guztietan du presentzia, baita industriagintzaren gune nagusietan ere. 2007ko fakturazioa 90.7 milioi eurokoa izan zen bere zentro guztietan oro har.

  • Tecnalia Korporazio Teknologikoa da, pribatua eta independentea, 2001ean jaioa eta Zentro Teknologiko hauek osatua: Azti, European Software Institute (ESI), Fatronik, Inasmet, Labein, Neiker, Robotiker. Cidemco ere 2008an Korporazioan sartzea espero da. Bere xede edo misioa da gizarteari oro har eta enpresa-munduari bereziki balioa eta aberastasuna ematea, nazioarteko testuinguruan Ikerketaren eta Berrikuntzaren bidez. Negozio Unitate sektorialetan oinarrituriko eredu operatiboa dauka. Bere nortasunaren ezaugarriak dira merkatura bideratzea, espezializazioa eta bikaintasun teknologikoa. Unitate horiek talde multidiziplinarrek osatzen dituzte, beren eskaintza optimizatzen diete hainbat sektore estrategikori, proposamen integralagoa, espezializatuagoa eta bikainagoa lortuz enpresa-sare eta administrazioentzat.

 

Korporazioaren magnitude esanguratsuenen artean, hona hemen bi datu: 1.331 langile ditu (horietako 162 doktoreak dira), eta urtean 111,2 milioiko sarrerak (2007/12/31ko datuak dira). Tecnaliak 29 egoitza ditu, horietako 10 nazioartean: Argentina, Australia, Brasil, Bulgaria, Txina, Kolonbia, Ekuador, AEB, Frantzia eta Mexikon.

Erakunde operatiboen sendotzea

Gaur izenpetutako akordioak, bere klausulen artean, EITE eta Iñaki Goenaga Fundazioa Innobasquen sartzea dauka, beren eginkizun espezifikoak betetzen jarraituko dutelarik:

  • Eite, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak koordinatzeko lehen ekimena izandakoa, Think Tank bihurtuko da; erakunde horien lehen sustatzaileak aldizka bilduko dira, beren eskarmentuaz baliatuz Ekonomia eta Gizartearen 2. Eraldaketaren prozesuan laguntzeko. Horrela erakundea likidatuta geratuko da, EITE marka Innobasqueren zaintzapean geratuko da eta bi Korporazioen zerbitzura.
  • Iñaki Goenaga Zentro Teknologikoen Fundazioa, irabazi asmorik gabeko erakunde pribatu gisa mantenduko da, EAEko Zentro Teknologikoek eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialek osatua, baina ez du egitura propiorik garatuko, baizik eta kudeaketa-kontratua izango du Innobasquerekin, honek Fundazioaren Patronatuari emango dio egoeraren berri, eta erakundearen administrazioa oso-osorik bere gain hartuko du.

Iñaki Goenaga Zentro Teknologikoen Fundazioaren helburua bete-betean bat dator Innobasqueren helburuekin, hau da, berrikuntzaren kultura sustatu eta jendarteratzea, gazte tituludunen espezializazioaren bidez eta ikertzaileen prestakuntzaren bidez lan-munduan sar daitezen. 80ko urteetan sortu zen, eta 1995ean lortu zuen bere nortasun juridikoa. Urteotan 4.100 beka eman ditu, 49 milioi euro baino gehiago, eta 2.050 ikasle izan dira horien onuradunak.

Partekatu albiste hau