Bost urtean Euskadik bikoiztu egin ditu itzulkinen zenbatekoak Europan: 2007an %44 gehitu dira, eta hori azken lau urteotako hazkunde handiarekin batu behar da, %41 ingurukoa.

Euskal enpresek, unibertsitateek eta zentro teknologikoek Europatik 47 milioi euro itzularaztea lortu zuten 2007an, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako proiektuen finantzaketaren bidez. Innobasquek gaur goizean aurkeztu ditu ekitaldiko emaitzak, bere Nazioarteko Proiektuen Behatokiaren bidez bilduak, eta agerraldi horretan Iñaki Telletxea -Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Teknologia eta Industria Garapeneko sailburuordea-, Alberto Fernandez -Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Teknologia-zuzendaria- eta Juan Tomás Hernani -Innobasqueko Nazioartekotze Saileko zuzendari nagusia- izan dira.


Europan I+G+b-ko 7. Esparru Programaren emaitzek berriro berretsi dute euskal erakundeek nazioartekotze edo internazionalizazioaren alde egindako apustua, eta Euskadi Europan ikerketa-pisu handieneko eskualdeen artean kokatu dute. 2007an hobetu egin dira gure enpresen eta zentro teknologikoen itzulkin-indizeak, berez jada altuak, eta hori azken lau urteotan egindako lan handiari esker izan da. Itzulkinetan lortu duen %44 horrek estatuan buru-buruan jartzen du Euskadi.


NMP (Industria-prozesu, material eta nanoteknologien) arloa da berriro ere pisu handienekoa Euskadin, %39rekin, eta emaitza hori bat dator gure Autonomia Erkidegoaren produkzio-egiturarekin. Halaber, arrakasta nabarmena izan da Garraio arloan, Aeronautikari esker batez ere, Euskadiren apustu estrategiko handietako bat, itzulkinen %55 izan duena. Energiaren arloan ere emaitzak oso onak izan dira.


Goranzko bidean dauden bi arloek -Ingurumena eta Osasuna- oso portaera ona izan dute: itzulkinak 1.434.768 milioi eurokoak eta 1.762.570 milioi eurokoak izan dira, hurrenez hurren.


IKT (Informazio eta Komunikazio Teknologien) arloan Euskadi laugarren lekuan dago, eta hala ere, gure itzulkinak %13koak izan dira, estatuan %31koak diren bitartean.

Zentro Teknologikoak, euskal presentziaren traktore
Europako itzulkinetan lidergoa Zentro Teknologikoei dagokie argi eta garbi, horien pisua Euskadin %56koa baita. Gainera, euskal Zentro Teknologikoak lehenengo 7 postuetan daude estatuko rankingean, eta lehenengo 13 postuetako 11etan. Bi euskal korporazio teknologikoak – Tecnalia eta Ik4- liderrak dira europar itzulkinetan, bai EAEn eta bai estatuan, non lehenengo aldiz bi korporazio horiek CSIC (Centro Superior de Investigaciones Científicas) delakoaren itzulkina gainditu baitute.


Bestalde, Unibertsitateak bere %7 historikoari eusten dio; UPV/EHU bederatzigarren postuan dago estatu mailan, non unibertsitateak %24,6 hartzen baitu.


Euskal enpresen itzulkina %24 ingurukoa da. ITP eta Gamesa daude estatuko lehen 10 enpresen artean, eta parte-hartze garrantzitsua dute beste hauek ere: Donostiako Tranbiaren Konpainia, Iberdrola, Progenika, Dominion Pharmakine, ZIV, Nextel eta Zigor.

Betetzen ari diren helburu handinahiak


Datu horiek Nazioarteko Proiektuen Behatokiaren bidez bildu ditu Innobasquek, Eusko Jaurlaritzaren, 32 enpresaren, 15 zentro teknologikoren, 3 unibertsitateren eta 6 erakunde publikoren laguntzari esker, horiek guztiek eman baitute informazioa europar emaitzen txostena idazteko.


Datozen zazpi urteotarako, Behatokiak 390 milioi euroko parte-hartzea aurreikusi du Europan. Apustu estrategiko handinahikoa eta zorrotza da, ondo bideratua egoteaz gain; hori erakusten dute lehen urteko emaitzek, ezarritako helburuak %20 gainditu baitira.


Innobasque elkarte pribatua da, irabazi asmorik gabea, Euskadin eremu guztietan berrikuntza koordinatu eta bultzatzeko, ekintzailetza-espiritua eta sormena sustatzeko sortua. Euskadiko ekonomiaren eta gizartearen bigarren eraldaketa-prozesuan lider izatea da Agentziaren helburua, eta gure herrialdea Europan erreferente bihurtzea berrikuntza gaietan. Gaur egun Innobasquek 500 bazkide baino gehiago ditu.


Hain zuzen ere, TECNALIA eta IK4 euskal korporazio teknologikoek gaur goizean izenpetu dituzte itunak Innobasquerekin, beren jarduerak lankidetza estuan egiteko, helburu nagusi honekin: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemak Euskadiko Ekonomiaren eta Gizartearen Bigarren Eraldaketa Handiari ekarpen handiagoa egitea.


Partekatu albiste hau