Pedro Luis Uriarte, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Innobasqueko Presidenteak eta José Ramón Guridi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza eta Ezagutzaren Gizartearen Saileko Diputatuak lankidetza-akordio bat sinatu dute Gipuzkoa Berritzen ekimena sustatzeko. Horren helburua Gipuzkoako gizartean berrikuntza sustatzea da. Horretarako, 2 milioi euro emango zaizkio 2008an.
Pedro Luis Uriarte, Innobasqueko Presidenteak eta José Ramón Guridi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza eta Ezagutzaren Gizartearen Saileko Diputatuak lankidetza-akordioa sinatzen |
Gipuzkoa Berritzen ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik sortu zen, “Gipuzkoa 2020” hausnarketatik abiatuta, eta Berrikuntza eta Ezagutzaren Gizartearen Sailaren babes osoarekin. Ekimen honek, bere helburuak lortzeko, eragile guztiekin sarean lan egiteko bokazioa dauka, eta horren froga da egun 20 lan-talde dituela martxan, 140 pertsona aktiboki lanean eta Gipuzkoako enpresen %60an dagoela presente.
Hausnarketa estrategikoko Gipuzkoa G2020 prozesuan, pentsatu zen Gipuzkoako Lurralde Historikorako egoerarik onena “Gipuzkoa Berritzailea” deiturikoa izango zela. Ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiak berrikuntzaren aldeko apustua egin zuen bere lurraldean, helburu hori duten gainerako erakunde eta eragileekin koordinatuz, Gipuzkoa inguruko gizarterik aurreratuenen maila berean egoteko.
Akordioa sinatu dutenen iritziz, “Gipuzkoa Berritzailearen” egoerak I+G eta ezagutzaren inbertsioan soilik oinarritutako estrategiak gainditzea eskatzen digu. Horretarako, beharrezkoa da ezagutza emaitza eta aberastasun bihurtzea. Jarduera ildo hori jarraituz, zera diote: “Gipuzkoak berrikuntza kultura bat sortu eta sustatu behar du, eragileek balio erantsi handiko ekimenen garapenean lan egin dezaten, gizarteak ekintzailetza baloratu eta sustatu dezan, eta globalizazioa aukera bezala ikus dezagun”.
Gipuzkoako Foru Aldundiak badaki ez dagoela ongizaterik lehiakortasunik gabe eta 2007-2011 Kudeaketa Planaren helburuen barruan, “Gipuzkoa Lehiakorra” deritzon helburua markatu du. Helburu hori lurraldeko enpresa eta produkzio arloko lehiakortasuna bultzatzera bideratuta dago, hauen bidez: berrikuntzaren sustapena, ezagutza eta ekintzailetza, eta azken finean, politikak eta proiektuak egokitzea, enpresen eta lurraldearen beharrizanen arabera.
Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu du bere gain “Gipuzkoa Berritzen” hausnarketa prozesua, 2007-2011 Kudeaketa Planaren barruan. Jarduera estrategiko bat da, batez ere honetara bideratuta: berrikuntza eta ekintzailetzaren kultura sustatzera, berrikuntzarako erdi mailako espazioak sortzera, erakunde berritzaileen sustapenera, berrikuntza sistemaren eragileen artean sinergia sustatzera, enpresa berritzaileak sortzera eta lurralde berritzailearen irudia zabaltzera.
Innobasque elkarte pribatua da, irabazi asmorik gabea, Euskadin berrikuntza arlo guztietan koordinatu eta bultzatzeko sortutakoa, espiritu ekintzailea eta sortzailea sustatzeko. Agentziaren helburua Euskadiko bigarren eraldaketa ekonomiko eta sozialaren lider izatea da eta herrialdea Europako erreferenteetako bat izatea, berrikuntza arloan. Gaur egun, Innobasquek 600 bazkide baino gehiago ditu.
Innobasquek plataforma eta lankidetza-sare sendoa dauka eragile guztientzako. Horren bidez, euskal gizartearen berrikuntzarekin lotutako balio eta jarrerak sustatzen dituzten jarduerak sustatzen dira. Jarduera horien bidez, Euskadi berritzailearen irudia eta I+G+b ideia kanpora zabaltzen ditugu eta euskal enpresa eta erakundeetan berrikuntza dinamikak sortzen ditugu. Innobasquen helburuak hauek dira: Berrikuntza teknologikoa, berrikuntza soziala, enpresa eraldaketa, internazionalizazioa, ekintzailetza eta sustapena eta komunikazioa. Halabner, “Gipuzkoa Berritzen” bere bazkidea da.