Innobasque-ko Zuzendaritzak Euskadiko I+G gastuari buruz joan den astean Estatistikako Euskal Institutua Eustat-ek argitaratu zuen txostena aztertu du. e-Innobasque-ren iritziz, 2007ko emaitzak eta honek erakusten duen goranzko joera oso albiste bikainak dira, eta Berrikuntzaren aldeko apustu publiko eta pribatua indartzeko balio izango du. Innobasque-k uste du egiten ari den aparteko ahaleginak bere emaitzak ematen hasia dela, posizionamendu eta lehiakortasun-abantaila gisa, eta horrek arlo guztietako mobilizazioari bultzada handia emango diola adierazi du.
Innobasque-ren iritziz,
emaitza honek erakundeek aurrera daramaten estrategiaren eragikortasuna bermatzen
du, ez baita ahaztu behar 2007ko I+G g gastuaren oinarria dela, hain justu ere,
enpresaren ekarpena.
Eustat-ek argitaratutako datuen arabera, 2007. urtean
1.090 milioi euro inbertitu ziren Ikerketa Zientifikoan eta Garapen
Teknologikoan (I+G), joan den urtean baino %20 gehiago, beraz. Azpimarratzekoa
da inbertsio-gastuek izan duten gorakada, aurreko ekitaldiarekiko %57ko
hazkundearekin. Horrekin guztiarekin, I+G inbertsioa 212 milioi eurokoa izan
da, aurreko urteko 135 milioikoa izan zelarik. Aipatu joera hau erabat
koherentea da Innobasque-k ezarritako helburuarekin, hots, 2030. urtera arte
85.000 milioi euro inbertitzea Euskadi erreferentea izan dadin Berrikuntzaren
esparruan Europan.
Barne Produktu Gordinarekiko, I+G gastuak %1,65ra arte
egin du aurrera, joan den urtean baino 18 ehuneko gehiago, alegia. Europako
hainbat erregioek epe berean izan duten eboluzioari buruzko datuak oraindik
ezagutzeke daudelarik, Euskadik gora egin du I+G posizioetan, 2010 Zientzia,
Teknologia eta Berrikuntza Planak ezarri zituen asmo handiko helburuak betez.
Hori horrela, BPGrekiko %1,65eko emaitzarekin, urte honetarako aurreikusitakoa
erdiesteko lau ehunekotara geratu da, Espainiako batezbestekoa aise gaindituz,
eta Europar Batasuneko 27koen ondoan. Aipatu posizioa aztertu egin beharko da
INEk estatu osoarekiko laster kaleratuko dituen emaitzen argitan.
Bere balorazioa egiterakoan, Innonbasque-k joera honen
garrantzia nabarmendu du, eta bereziki azpimarratu du Euskadiko Bigarren
Eraldaketa Sozio-Ekonomikoaren oinarri den Berrikuntza kontzeptua I+G baino
askoz gehiago izanik ere, bi alor hauek giltzarri direla aberastasuna eta
ongizatea sortzeko. Honenbestez, datuok etorkizun hurbilean jokatu beharreko
apustu handien aurrean euskal enpresa eta erakundeen sendotasuna erakusten
dutela dio Innobasque-k.
Halaber, Innobasque-k azpimarratu du enpresa-sektoreak
emaitza hauetan izan duen ekarpen nabaria, Eustat-ek emandako datuen arabera,
Euskadiko I+G gastuaren %60 finantzatu eta %81,3 burutu baitute euskal
enpresek. Arlo honetan ere nabaria da Espainiako batezbestekoari ateratzen
zaion aldea, bertan, enpresek I+G gastuaren %55,7 burutu baitute.