Bilboko Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak, Bizkaiko hiriburuan, ituna egin du gaur Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin, berrikuntza bultzatzea eta Euskadiko ekonomia eta gizartearen bigarren eraldaketa handiaren alde elkarlanean aritzea helburu dutela.
Hitzarmena Innobasqueko
lehendakariak, Pedro Luis Uriartek, eta Bilboko Merkataritza Ganberako
lehendakariak, Ignacio Mª Etxeberriak, izenpetu dute. Ganberaren helburuak dira
merkataritzaren, industriaren eta itsas nabigazioaren interes orokorren
ordezkari izatea, sustatzea eta defendatzea, eta jarduera horiek zertzen
dituzten enpresei zerbitzuak ematea.
Gaur izenpeturiko
akordioaren bidez, bai Bilboko
Merkataritza Ganbera eta bai Innobasque
buru-belarri lan egitera konprometitzen dira, euskal ekonomiaren eta
gizartearen bigarren eraldaketa handi hau bultzatu eta garatzeko: Innobasquek Euskadin Berrikuntza
koordinatu eta bultzatzeko tresna delako, eta Bilboko Ganberak enpresa-mobilizazioaren aliatu eta sustatzaile
gisa.
Akordio honen helburua bi
erakundeen arteko lankidetza- eta koordinazio-esparrua ezartzea da, gerora
Euskadiko ekonomiaren eta gizartearen bigarren eraldaketa handirako berrikuntza
eta gizarte-mobilizazioa sustatzeko proiektuan Bilboko Ganberaren eta Innobasqueren
artean ekintzak garatu ahal izateko; eta sustapen eta komunikazioko jardueretan,
baita beste edozein jarduera-ildotan ere, elkarrekin parte hartzea, berrikuntza
eta berrikuntzaren kultura eta ekintzailetza enpresen artean, eta orokorrean gizartean,
zabaltzeko.
Akordio
honek elkarren arteko jardunerako oinarriak ezartzen ditu, eta gero
lankidetza-ildoak Jarduera Programa espezifikotan zehaztuko dira.
Bilboko Merkataritza Ganbera
zuzenbide publikoko eta kudeaketa pribatuko korporazioa da, bere helburua
merkataritzaren, industriaren eta itsas sektorearen interes orokorren ordezkari
izatea, sustatzea eta defendatzea da, enpresei zerbitzuak ematea eta Bizkaian
ekonomia bultzatzeko beharrezko diren jarduerak bultzatzea.
Egungo
Ganbera 1886an sortu zen, baina bere aurrekariak XIV. mendekoak dira, hau da,
hiria sortu zen garaikoak, “Universidad
de los Capitanes Maestres de naos y mercaderes de la villa de Bilbao” deituraz
ezagutzen den merkatarien elkartearekin, horren ondoren etorri zelarik Bilboko
Kontsuletxea, 1511n sortua, egungo Ganberaren aurrekari zuzena.
Jarduera
ekonomikoaz eta merkataritza-trafikoaz historian zehar egin duen sustapenak
eskarmentu zabala eman dio Ganberari kanpo-merkataritzan eta nazioartekotze
mailan.
Halaber,
zerbitzu-aukera zabala eskaintzen die enpresei eta prestakuntza-eskaintza handia
garatu du, gizarte-solaskide paregabe eta enpresen harremanetarako zentro
bihurtu delarik.
Ganberak
enpresei eskaintzen dizkien zerbitzuen artean, enpresak sortzeko laguntza dago
eta merkataritza, zerga, normalizazio, ziurtapen eta abarretan aholku ematea.
Prestakuntza-eskaintza enpresen premiak asetzera bideratzen da, eta
administrazio, zerga, produkzio edo giza baliabideetan enpresa-prestakuntzaz
gain, Hizkuntza eta Informatika Eskola ere sartzen da.
Arbitraje-lanak
ere egiten ditu, horretarako Bilboko Merkataritza Arbitrajeko Gortea duelarik.
Innobasque elkarte pribatua da,
irabazi asmorik gabea, Euskadin eremu guztietan berrikuntza koordinatu eta
bultzatzeko sortua, baita ekintzailetza-espiritua eta sormena sustatzeko ere.
Agentziaren helburua Euskadiko ekonomian eta gizartean bigarren eraldaketa
handia gidatzea, eta gure Herria Europan erreferente bihurtzea berrikuntza
gaietan. Gaur egun Innobasquek 1.000
bazkide inguru ditu.