Sailkapen-txapelketa abenduaren 12an izango da Euskaltelen egoitzan. Kirol-ekitaldi baten formatuarekin, 170 gazte arituko dira norgehiagoka robot-programazioan, kudeaketa-arazoak konpontzen, berrikuntza-gaitasunean eta garraio iraunkorraren erronkei irtenbideak ematen.
Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak eta Euskaltelek FIRST LEGO League (FLL) ekarriko dute lehen aldiz Euskadira, mundu osoan aldi berean egiten den robotikako lehiaketa.
Gaur goizean, Innobasqueko Sustapen eta Komunikazio Zuzendariak, Pilar Kaltzadak, eta Euskalteleko Erakunde Harremanen Zuzendariak, Nerea Lupardok, txapelketa aurkeztu dute eta “gazteak motibatzeko eta zientzia eta teknologiarekin diberti eta hunki daitezen laguntzeko”, tresna paregabea dela esan dute berrikuntzaren eta sormenaren balioak sustatzeko heziketa-konpromisoan oinarrituta betiere. Bere mintzaldian, FLL Euskadiko Aholkulari Teknikoa den Koldo Olaskoagarekin egon dira.
“Ez da joko bat, baina bai oso dibertigarria”
FLL ikasteko ekimen original eta iraultzailea da, 1998an FIRST (For Inspiration and Recognition of Science and Tecnology) Fundazioak eta Lego-k sortua, eta ordudanik munduko hainbat herrialdetan garatua. Aurten Euskaltelek eta Innobasquek lehen aldiz Euskadira dakarte txapelketa hau; gazteengan trebetasun sortzaileak, pentsamendu analitikoa, talde-lana garatzea du helburu, eta batez ere berrikuntza-balioak sustatzea, aldi berean teknologia eta zientziako ezagupenak eskualdatuz.
Gaur egun hezkuntza-sistemen erronka handietako bat, hain zuzen ere, gazteenen artean zientzia- eta teknologia-bokazioak sustatzea da. “Zientzia eta teknologia gure kulturaren funtsezko elementuak dira, eta diziplina horiei atxikitako balioak (ikerketan irautea, pentsamendu sortzailearen garapena, lankidetza multidiziplinarra eta jarduera emaitzetara bideratzea) funtsezkoak dira gazteen heziketarako. Ekonomia berriaren erronkei aurre egiteko gizarte prestatua izan nahi badugu, gazteen heziketaren aldeko apustua egin behar dugu, eta ekimen hau formula bikaina da ikaskuntza eta dibertimendua uztartzeko”.
Urtero, antolatzaileek erronka globala botatzen diete munduan parte hartzen duten talde guztiei. FIRST LEGO Leaguek 2009ko edizioan planteatzen duen erronka “Smart Move” edo “Garraio Eraginkorra” da, eta bere helburua da parte-hartzaileek beren ikuspegitik erantzun berritzaileak ematea denok mundu osoan dugun arazo bati: nola eraldatu garraioa pertsonak, lekuak, salgaiak eta zerbitzuak modurik seguruenean eta eraginkorrenean konektatuz.
Erronka botatzea taldeak prestatzen hasteko seinalea izaten da. Euskadin egingo den lehen edizio honetan 20 ikastetxetako 170 gaztek -10 eta 16 urte artekoak- parte hartuko dute. Guztira, zortzi aste izango dituzte robotak programatzeko, oinarrizko mugimenduekin esperimentatzeko, eta teknika eta zientziako proiektuak prestatzeko. Horretarako, zientzia-entrenatzaile eta -aholkularien laguntza izango dute, baina horiek parte-hartzaileek eurek “fitxatu” behar dituzte beren ikastetxe edo familien inguruan. “Ez da ikastorduetatik libratuko dituzten jarduera bat: asko eta gogor lan egin behar dute beren aisialdian, eta behar duten lankidetza eta laguntza bilatu”, azaldu dute antolatzaileek.
Boluntarioz (ikertzailez, irakaskuntzako profesionalez eta zientziaren eta teknologiaren zabalkundearekin konprometitutakoz) osaturiko epaimahai bat arduratuko da talde bakoitzaren proposamenak balioesteaz abenduaren 12an Euskaltelen egoitza nagusian egingo den lehiaketan. Talde irabazleak 2010eko otsailean espainiar estatuko finalean lehiatuko dira, eta Europako txapelketa irekietara (open championship) joateko aukera izango dute, baita munduko finalerako (World Festival) sailkatzeko aukera ere, Atlantan (Estatu Batuetan) izango delarik 2010eko apirilean.
“Lan asko, talde-ikuspegia, ikasteko eta disfrutatzeko gogo handia”. Txapelketak lan egiteko eta ikasteko hiru eremu handi planteatzen ditu gazteentzat. Alde batetik, lehiaketa robotikoa: taldeek robot bat egin behar duten Lego Mindstorm kitetik abiatuta, eta programatu egin behar dute urteko erronkarekin loturiko zenbait eginkizun osatzeko. Lehenengo zati hau gauzatzeko, talde bakoitzak bere kita izango du: Lego piezak, sentsoreak, motorrak eta engranajeak, erronkaren eginkizunak egingo dituen robot autonomo bat eraiki eta programatzeko.
Bestalde, talde bakoitzak bere proiektu teknikoa defenditu beharko du epaimahaiaren aurrean, bertan bildu eta dokumentatuko dituztelarik robota diseinatu eta programatzeko fasean topatu dituzten zailtasun guztiak. Azkenik, parte-hartzaileek beren zientzia-proiektua defenditu beharko dute: Erronkaren (Garraio Eraginkorraren) gaiarekin zerikusia duen benetako arazo bat identifikatuko dute, eta irtenbide berritzaile bat eskainiko dute, gainera beren komunitatearekin partekatu behar dutena.
Lehiaketaren aurkezpenean, Innobasqueko arduradunek zera azpimarratu nahi izan dute: “FIRST LEGO League ez da robotak egin eta horiekin lehiatzeko joko bat. Helburuak hauek dira: taldeek konexioak ezartzea roboten eginkizunen artean, ulertu eta garatu dezatela Erronkaren zientzia-gaia, eta eskain ditzatela irtenbide berritzaileak”.
FIRST LEGO League zifratan
FIRST LEGO Leagueren erronka honetan 53 herrialdetako 130.000 gaztek baino gehiagok parte hartuko dute, Saudi Arabiatik AEBetaraino, Norvegiatik eta Turkiatik pasatuz, 10.500 talde baino gehiagotan banatuta.
Txapelketa hauen antolaketan boluntarioek parte hartzen dute, hainbat lanetan laguntzen dutelarik zuzenean: arbitroak, epaileak, logistikako arduradunak, zuzendaritza teknikoa, taldeen trafiko-koordinazioa, etab. FLL-ren inguruan 40.000 boluntario baino gehiago mugitzen dira mundu osoan.
Euskadik lehen edizioan 20 talde parte-hartzaile baino gehiago izango ditu eta 50 boluntario baino gehiago.
FLL filosofia
FIRST LEGO Leaguek duen filosofia ondorengo esaldiotan jasotzen da:
- Talde bat gara.
- Gure entrenatzaileen laguntzaz, irtenbideak aurkitzeko lan egiten dugu.
- Lehia adiskidetsuaren espiritua ohoratzen dugu.
- Aurkitzen duguna garrantzitsuagoa da irabazten duguna baino.
- Gure esperientziak besteekin partekatzen ditugu.
- Profesionalismo adeitsua daukagu egiten dugun guztian.
- Ondo pasatzen dugu!
“FLL-ren parte izatea ez da parte hartzearekin konformatzea. Dibertitu egin behar da. Beste talde batzuk ezagutzeko esperientzia bizi behar da, eta estatuko edo Europako finalera joateko esperientzia bizi. Irabazten denean poztu egin behar da, baita besteen lana errespetatu ere”, diote ekimen honen sustatzaileek.