Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek, gaur aurkeztu ditu Deustuko Unibertsitateak Bilbon duen Liburutegian “Pertsonetan oinarrituriko kudeaketa-dinamikak” liburua eta “Berrikuntza Ekipoak” lan-koadernoa; bi ekarpen berri hauek kontzeptu-tresnak, metodologiak eta esperientziak eskaintzen dituzte, erakunde berritzaileek pertsonen gaitasunean oinarrituriko kudeaketa-ereduak gara ditzaten.


Bi argitalpenak aurkezteko ekitaldian 200 pertsona inguru
izan dira, eta Innobasqueren astearteak”
ekimenaren lehenengoa izan da. Ekimen honen bidez,
Innobasquek hilero berrikuntzaren protagonistak bilduko ditu zabalkunderako
foro ireki batean, eta euskal berrikuntza jendearen, erakundeen eta hedabideen
“begi publikoan” jartzea da helburua.

Jardunaldian hauek izan dira: Manuel Escudero, Deusto
Business School-eko zuzendari nagusia, Sabino Ayestarán, UPV/EHUko Gizarte
Psikologiako katedraduna, Manuel Iraolagoitia, Microdecoko presidentea,
Miguel Angel Agirrezabal, Lazpiur
enpresakoa, Eneko Atxa, sukaldaria, José
Luis Jiménez Brea,
Innobasqueko Eraldaketa Saileko zuzendari nagusia,
eta Guillermo
Ulacia,
Innobasqueko presidentea.

Argitalpenak

“Pertsonetan oinarrituriko kudeaketa-dinamikak” liburuak Guillermo Ulacia Innobasqueko presidentearen hitzaurrea
du, eta bere helburua antolaketa-dinamika eta kudeaketa-printzipioei buruz
hausnarketa egitea da; izan ere, idazleen arabera, “horiek izango dira XXI.
mendeko enpresaren ezaugarriak, eta enpresako pertsona guztien sorkuntza eta
harremanetarako gaitasunak ustiatu edo aprobetxatzera bideratuta daude”.

Argitalpenaren arduradunek azpimarratu dutenez, “herrialde eta eskualde
aurreratuenek, tartean Euskal Herriak, geure enpresen lehiakortasunean
oinarrituriko aberastasun- eta ongizate-mailak izan ditugu. Lehiakortasun hori
lehenengo kostuetan oinarritu zen, gero gure produktu eta zerbitzuen
kalitatean, eta orain ezinbestean berrikuntzara salto egin behar dugu, gure
enpresei bereizteko aukera eman diezaiekeen elementua baita, ekonomia ireki eta
globalizatuan, beste eskualde eta herrialde batzuen aurrean”.

Bestalde, “Berrikuntza Ekipoak” lan-koadernoa Sabino Ayestaranek eta Olga Gómezek egin dute; lehena
UPV/EHUko Gizarte Psikologiako katedraduna da, eta bigarrena Innobasqueko Enpresa Eraldaketa Saileko
Proiektu-burua. Koaderno honek “erakundeetan gizarte eta ekonomia-eraldaketaren
motorrak” aztertzen ditu. Egileen arabera, koadernoa “esku-hartze/ikerketa baten
emaitza da, eta lan horretan berrikuntza-ekipoen teknika aplikatu da, pertsonetan
oinarrituriko kudeaketa-ereduen garapena errazteko eta erakundeetan eraldaketa
sustatzeko”.

“Innobasqueko
astearteak”
ekimenaren
hurrengo hitzordua ere Bilbon izango da, datorren maiatzaren 18an, “Balio
berritzaileetan oinarrituriko 2030eko euskal gizarterantz”
liburu
berdearen aurkezpenarekin.

Partekatu albiste hau