Datorren irailaren 20an GLOBAL INNOVATION DAY-ren bigarren edizioa izango dugu Bilboko Euskalduna Jauregian. Maila handiko hizlariak izango dira: Santiago Niño-Becerra, Mikel Lejarza, Rodolfo Carpintier edo Marisa Toro (Google); finantza kolektiboari edo adimen emozionalari buruzko lantegiak egingo dira; eta txokoetan enplegua bilatuko da Workmunity-ren bidez, euskal motor elektrikoa probatu, mugikorretarako Spotbros mezularitza erabili, eta Bilboko Denda Berritzaileak gauzatzen ari diren esperientzia berritzaileak praktikan jarriko dira, beste jarduera batzuen artean.

  • GLOBAL INNOVATION DAY jardunaldian lau bloke tematiko izango dira: hitzaldiak “b.aren ahotsak” atalean, lantegiak “bizi ezazu b.a” sailean, esperientziazko txokoak “praktika ezazu b.a” delakoan eta berehalako agenda aurreratuko da “jarrai zaitez b.arekin konektatuta” atalean.

Prentsa ahorra (PDF, 639 Kb)
Programa (PDF, 751 Kb)

Zamudio, 2012ko irailaren 11. Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak datorren irailaren 20an Bilboko Euskalduna Jauregian izango den GLOBAL INNOVATION DAYren bigarren edizioa antolatu du; ikasturte berria hasteko berrikuntzarekin hitzordua izango da, “ikasten dutenengandik ikasteko” goiburuarekin. Edizio hau egun osokoa izango da (9etatik 19etara), eta malgua, parte-hartzailea eta aldi berekoa, aldi berean izango baitira jarduerak. GLOBAL INNOVATION DAY lau bloke tematikotan egituratuta dago: hitzaldiak (b.aren ahotsak), tailerrak (bizi ezazu b.a), txokoak (praktika ezazu b.a) eta agenda (jarrai zaitez b.arekin konektatuta). Edonork parte har dezake, eta lantegietan egoteko ezinbestekoa da aurrez izena ematea postuak mugatuak baitira, eta ekitaldira joateko aski da erregistratzearekin, inolako kosturik gabe, hementxe: global@innobasque.com (ikus ondoko programa).

Honela, GLOBAL INNOVATION DAY 2012 topaketa-gune bat izango da, eta dagoeneko hurbil dugun etorkizuneko proposamen berritzaileak erakutsiko eta esperimentatuko dira bertan. Jarduera eta jardunbide egokien mosaiko honetan giltzarri batzuk ere emango dira ulertzeko zein den lehiarako jokaleku berria, eta hori beren jarduera mundu osoan zehar zabaltzen duten euskal berritzaileen jardunbide egokienen bidez.

Hitzaldiak: “b.aren ahotsak”

Hamar hizlarik berrikuntzari ahotsa jarriko diote; berrikuntza beren ezaugarri egiten duten pertsonen ahotsak izango dira:

1. Santiago Niño-Becerra, Egitura Ekonomikoko katedraduna Ramón Llull Unibertsitatean; honek uste du egungo eredu ekonomikoak desagertu egin behar duela guztion artean beste bat, berria, sortzeko.

2. Pedro Arboleda, Monitor Group-eko bazkidea eta Michael E. Porter-en kolaboratzailea; honen iritziz, enpresak izaten direla lehiakorrak, ez herrialdeak edo eskualdeak.

3. Borja Baturone, Altran-go Berrikuntzaren zuzendari nagusia; honek Ahalmen Berritzailearen Altran indizea, Euskadiko azpiindizea, aurkeztuko du.

4. Marisa Toro, Googleko Komunikazio-zuzendaria, multinazional baten komunikazioa nola kudeatzen den azalduko du, bertako langileak kultura, hizkuntza eta jakintza-arlo askotakoak baitira.

5. Mikel Lejarza, Antena 3 Films-eko presidentea, espezialista da hizkuntza eta euskarri berritzaileekin istorioak kontatzen, eta telebista adimendunaren eta pantaila berrien elkarrekintzaren sustatzailea.

6. Mikel López Iturriaga, kazetaria eta El Comidista blogaren egilea, Espainian irakurrienetakoak diren bost blogetako bat; berak edukiaren balioaz hitz egingo du, eta nola egin berrikuntza bertan.

7. Martín Lejarraga, arkitektoa eta FAD 2011 saria. Honek “low cost” baina “high level” arkitektura aztertuko du.

8. Belén Hermosa, berrikuntza-proiektuen zuzendaria Idom-en, eta diseinatzailea BeSpace-n; eguneroko elementuen birkontzeptualizazioan murgilduta dago, eta, diseinuaren bidez, jatorrizkoaz bestelako erabilera eskaintzen die horiei.

9. Eduardo Alcorta, Café Fortalezako gerentea, Euskal Herriko empresa berritzaileenari emandako Carrefour saria du; merkatu oso helduetan ere berrikuntza nola egin daitekeen erakutsiko du.

10. Rodolfo Carpintier, DAD hazi kapitaleko enpresaren presidentea, non Tuenti edo BuyVip bezalako proiektuak “inkubatu” baititu, benetan XXI. Mendeko enpresak; enpresa horien ezaugarriak partekatuko ditu, eta bakoitza bere enpresa sortzera animatuko du, milaka aukera baitago eta erarik errazena da bakoitzari gustatzen zaion horretan lan egiteko. Gelan biltzen direnek galdetzen diotenari buruz hitz egingo du.

Txokoak: “praktika ezazu b.a”

Baina berrikuntza egiten ikasteko erarik onena praktikatzea da, dagoeneko horretan ari direnak inspirazio-iturritzat harturik. “Praktika ezazu b.a” txokoetan, ikuspegi lokala eta globala erakusten duten euskal ekintzaileek beren esperientziak azalduko dituzte, berrikuntza guztiok egin dezakegula erakusteko; bakoitzaren gaitasunak aktibatzea besterik ez dugu egin behar. “Bizitza Osasungarria” txokoan Kronikoen Sare, Eroski, Fagor, Virtualware, Bizkaiko Esklerosi Anizkunaren Elkarte, Innobasque, Orbea, Wingroup eta Ibilbideak-en kasuak ezagutuko dira. Spotbros-eko getxotar gazteek geolokalizazioa duen berehalako mezularitza-plataforma hau GLOBAL INNOVATION DAY-ren zerbitzura jarriko dute, komunikazio-tresna ofiziala izango baita. Diario Tomorrow Deustuko Unibertsitatearen ekimena da; jardunaldiko egunkari hau bertaratzen direnek egingo dute eta etorkizun hurbilean irakurri nahiko liratekeen albisteak irakurriko dira bertan. Enplegua bilatzen duenak Workmunity-n eman dezake izena: Bizkaian sorturiko enplegu eta “networking” ataria da. Bilboko Denda Berritzaileek kontsumoa sustatzeko beren esperientzia berritzaileak emango dituzte ezagutzera: “cashmob”, callejón de la tiza, “slow shopping”, Ideágora…, eta Euskadin diseinatu eta muntaturiko motor elektrikoa ere probatu ahal izango da: Scooter LEMev Stream.

Lantegiak: “Bizi ezazu b.a”

“Bizi ezazu b.a” atalean berrikuntzaren protagonista izateko tailer edo lantegiak egingo dira, Mondragon Unibertsitateko lehenengo Leinn promozioko ikasleek osatzen duten Tazebaez-eko gazteen eskutik, adibidez. Indian eta Txinan probatu ondoren, Global Futurizer Euskadira ekarriko dute, eta hemen 150 ikaslek erantzun berritzaile eta sortzaileak emango dizkiete benetako enpresa-erronkei egun osoan zehar. Aldi berean, Adimen Emozionalaren Partzuergoak lau tailer prestatuko ditu lankidetzazko talde berritzaileetan emozioak kudeatzen ikasteko. Goteo Euskadik finantzaketa kolektiboa edo “crowdfunding” zer den eta onura nola atera dakiokeen erakutsiko digu; T-Festa-n, batzuentzat euskarri artistiko eta beste batzuentzat fetitxeak diren elastikoak diseinatzen ikasiko da.

Agenda: “Jarrai zaitez b.arekin konektatuta”

Baina berrikuntza ez da bukatzen, eta “Jarrai zaitez b.arekin konektatuta” atalean hainbat ekimen aurkeztuko dira, datozen hilabeteetako berrikuntzaren agenda osatzen dutenak.

Partekatu albiste hau