“Innobasqueko Astearteak” programa Berrikuntzaren Euskal Agentziak hilean behin antolatzen du, eta bere 30. edizioan “Berrikuntzan ikasten” jardunaldiak ikasketa-eredu berritzaileei buruz Euskadin egiten diren jardunbide egokiak ezagutarazi ditu; eredu horiek teknologia, aniztasuna, adimen emozionala, gaitasunen araberako ebaluazioa eta eskolak ingurunearekin duen eragin-truke edo interakzioa uztartzen dituzte. Baita ere agerian jarri da ikaskuntza ez dela ikastetxeena bakarrik, ezta jendearen bizitzako etapa zehatz bat ere, baizik eta bizitza osoan zehar betetzen den prozesu bat da.
- Beren esperientzia eta emaitzak azaldu dituzte Bilboko Miguel de Unamuno institutuak, Lauaxeta ikastolak, San Luis Lasallek, Urkide ikastetxeak, Telefónica-Deusto katedrak, Adimen Ezintasuna dutenen aldeko Elkarteen Euskal Federazioak (FEVAS), Klask-Kronikalari artistikoak-ek eta B+I Strategy-ko bazkide zuzendaria den Sabin Azuak.
- Innobasqueko Astearteak zabalkunde-foro irekia da, hilean behin fokua euskal berrikuntzan jartzeko antolatua, eta “Berrikuntzan ikasle” 30. saioa da.
Bilbo, 2013ko irailaren 24a. Bilboko Miguel de Unamuno BHIren laguntzaz egin den gaurko saioan parte hartu dutenak hauek dira: Miren Arantza Aurrekoetxea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea; Sabin Azua, B+I Strategyko bazkide zuzendaria; Pablo Garaizar, Telefónica-Deusto katedraren koordinatzailea; Iñaki Orbe, Migel de Unamuno BHIko zuzendaria; Félix Sáenz, Urkide Ikastetxeko Berrikuntza Zentrokoa; Mª Teresa Ojanguren, Lauaxeta Ikastolako zuzendaria; Zuriñe Arruza, Klask, Kronikalari artistikoak-en ordezkaria; José Manuel Crespo, Zabaltze Gelaren arduraduna San Luis La Salle ikastetxean; Eguzkiñe Etxabe, Adimen Ezintasuna dutenen aldeko Elkarteen Euskal Federazioko (FEVAS) hezkuntza-arduraduna, eta Txema Villate, Innobasqueko zuzendari nagusia.
Sabin Azua, B+i Strategy-ko bazkide zuzendariak hezkuntza-sistema indartzearen alde hitz egin du gizarteko erronkei arrakastaz aurre egiteko eta hor “benetako iraultza” sustatzeko, “bizitzan zehar ikasteko kultura eta praxisa bultzatuko dituzten mekanismoak sortuz”; hezkuntza-sistema lehiakortasunerako bektore nagusi bihurtzearen alde egin behar da, bikaintasunaren etengabeko bilaketari eta epe luzerako baliabide eta estrategia eraldatzaileen esleipenari esker.
Bizitzan zeharreko ikaskuntzari buruz hitz egin du Telefónica-Deusto katedraren koordinatzailea den Pablo Garaizarrek ere, eta kontatu du ikasketa-prozesuak hobetzeko teknologia erabiltzeko era berriak aurkitzeko lan egiten duela, baita ere ikusteko azkenaldiko berrikuntza teknologikoetatik zeinek suposatzen duen benetan aurrerapen bat. Berrikuntza horien artean daude urruneko laborategiak edo MOOC-Online Ikastaro Masibo eta Irekiak, eta jokoetan oinarrituriko ikasketa (gamifikazioa) edo gaitasunen garapena bezalako metodologiak, ahalik eta pertsona kopuru handienaren eta ezberdinenen ikasketa-premiak estaltzen saiatzeko.
Bestalde, Miguel de Unamuno Bigarren Hezkuntzako Institutua, eta bertan egin da jardunaldia, duela egun batzuetatik Hauspoa proiektu pilotua aplikatzen ari den 13 ikastetxeetako bat da; Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko proiektu honek kalitatea hobetu nahi du, ikastetxeen autonomia gehituz eta ikasleen parte-hartze handiagoa sustatuz eskolaz kanpoko jardueretan.
Halaber, Lauaxeta ikastolako zuzendaria den María Teresa Ojangurenek gaitasunen araberako ebaluazioaz hitz egin du eta bere ikastetxean nola egiten duten hori software baten bidez. Ebaluazio honek ikasgelako kultura aldatu du, agertoki berriak sortu baitira berrikuntzaren balioekin (lankidetza, aldaketara irekitze, ezagutza sistemiko eta globalizazioarekin) aberastuak izan diren proiektuen araberako lanari esker.Honela, irakasgai guztietan zer adierazle neurtuko diren zehaztu du ikastolak, eta hori ikasleen eta beraien familiei jakinarazi zaie, guztiek hauteman eta ezagut dezaten aurrez zehazturiko gaitasunen garrantzia eta horren arabera neurtuko dituztela.
Urkide Ikastetxeko berrikuntza-guneak ikasgelan berrikuntza irakasteko metodologia garatu du. Zentro honek uste du berrikuntzak hiru oinarri dituela: ekintzailetza, zabalkundea eta sormena. Azken alderdi honetaz lan egiteko zehar-teknika batzuk sortu dituzte, eta horietan aurretiazko balioetan jartzen dute indarra: pertsona guztiek egiten dutela beren ekarpena, ridikuluarekiko beldurra uxatzea, dena balioesgarria dela, etab.
Eskola berritzailea aniztasuna edo askotarikotasuna ere kontuan hartzen duena da. San Luis La Salle ikastetxeak errendimendu akademiko handiko ikasleen kasuaz hitz egin du eta gazte hauentzat sortu duten programa bereziaz: Zabaltze Gela. Bere arduraduna den José Manuel Crespok azaldu du metodologia kooperatibo eta irekien bidez aprobetxatzen dutela ikasle hauek agertzen duten ikasteko irrika eta jakin-min handia.
Eguzkiñe Etxabek, Adimen Ezintasuna dutenen aldeko Elkarteen Euskal Federazioko (FEVAS) arduradunak, aurrean duen errealitatea oso bestelakoa da. Etxabek eskola inklusiboaz hitz egin du, esanez eskola horrek ikasle guztiengandik eta bakoitzarengandik lortu behar dituela emaitzak. Horretarako, uste du funtsezkoa dela pertsonak erdian jartzea metodologiak egokitu eta ezagutza partekatzeko helburuarekin.
Azkenik, Klask, Kronikalari Artistikoak Trocóniz Santacoloma Fundazioaren, Asti Leku Ikastolako Ikasle Ohien Elkartearen eta Portugaleteko Udalaren (Bizkaia) proiektua da, 12 eta 30 urte arteko bederatzi ikastetxetako gazteentzat dinamika sortzaileak garatu dituena, gazteek edukiak egin ditzaten teknologiak eta ikus-entzunezko hizkuntzak erabiliz.
Jardunaldi hau “Innobasqueren Astearteak” topaketen barruan kokatzen da; ekintza hauekin Innobasquek berrikuntzaren protagonistei dei egiten die, hilero, dibulgazio-foro ireki batera, euskal berrikuntza jendearen, erakundeen eta hedabideen begiradapean jartzeko.