Euskal hiritarrek interes neurrizkoa erakusten dute zientzia eta teknologiarekiko, nahiz eta hauen onurekiko pertzepzioa areagotu egin den “ikusgarriro” 2012tik 2014ra; hori da Zientzia eta Teknologiaren Gizarte Pertzepzioaren Espainiako VII. Inkestak EAE-rako Txostenean jasotzen duena; inkesta FECYTek egin du eta gaur aurkeztu da.
- Jendartean zientzia- eta teknologia-ezagupenak zabaltzeko helburuarekin, Euskadin badira ekinbide arrakastatsuak, ezagutzera eman direnak: Naukas, Zientzia Azoka, Innova+, Consumer aldizkaria, Eureka Zientzia Museoa edo Passion for Knowledge.
Donostia, 2015eko apirilaren 28a. 2012tik 2014ra “era ikusgarrian” hazi da zientzia eta teknologiaren onurekiko pertzepzioa euskaldunen artean. Osasuna, energia eta elikadura dira lehentasunezko gizarte-eskariak ikerketan Euskadin bizi direnentzat, non zientzialariak baitira, sendagileekin batera, profesionalik balioetsienak. Hori ondorioztatzen da Zientzia eta Teknologiaren Gizarte Pertzepzioaren Espainiako VII. Inkestaren EAE-rako Txostenetik; gaur goizean aurkeztu du FECYTeko zuzendariak, José Ignacio Fernández Verak, Innobasqueren Astearteak-eko “Zientziaren eta teknologiaren gizarte-komunikazioa” saioaren barruan, Donostian.
Fernández-ekin batera izan dira jardunaldian, Amaia Eskisabel, Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikaren zuzendaria; Alejandro Martínez, Eroski Consumer aldizkariaren zuzendaria; Juan Ignacio Pérez, EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendaria; Nora González, Donostia International Physics Center-eko (DIPC) komunikazio-arduraduna; Luis Alfonso Gámez, El Correo-ko kazetaria eta Innova + gehigarriaren
koordinatzailea Euskadin; Aitziber Lasa, Elhuyar-eko Zientzia Unitateko Hezkuntza arloaren arduraduna; Larraitz Etxebarria, Eureka Zientzia Museoko Edukien saileko arduraduna; Iñaki Gaztañaga, Easo Politeknikoa-ko (GLHBI) zuzendaria, eta Txema Villate, Innobasqueko zuzendari nagusia.
Aipaturiko txostenak nabarmentzen duenez, zientzia eta teknologiarekiko interesa Euskadin 2004an %4,6koa izatetik 2012an %20,2ra igaro zen, nahiz eta azken bi urte hauetan jaitsiera txiki bat izan den. Interesa nabarmen handiagoa da gizonen artean emakumeen artean baino, eta handiagoa 25-34 urtekoen artean.
Telebista da euskaldunek zientzia eta teknologiaz informatzeko duten bide gogokoena (%73,1), gero Internet (%51,7), prentsa ordaindua (%29,7) eta irratia (%29,0). Gainera, euskaldunek ezagutza ohargarria dute zientziari loturiko gai batzuen inguruan.
Zientzia eta teknologiari buruzko ezagupenak jendartean zabaltzeko eta jakintza-arlo hauen inguruan bokazioak sustatzeko helburuarekin, Euskadin badira zenbait ekinbide arrakastatsu, beren arduradunek azaldu dituztenak. Honela, Donostia International Physics Center-ek (DIPC) “Passion for knowledge” bultzatzen du, zientzia-komunitatearen eta gizartearen artean lokarriak sortzeko ekitaldia, gizarte osoarentzat den jaialdi baten bidez. Bestalde, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak “Naukas Bilbao” antolatzen du, non zientzialariek eta dibulgatzaileek zientzia eta teknologia sozializatzen dituzten formatu berritzailean.
Zientziaren museok ere, hezkuntza formalaren osagarriak izanik, beren ekarpena egiten dute zeregin honetan. Jende gaztearengana begira batez ere, elkarrekintza edo interakzioaren bidez egiten dute dibulgazioa. Eureka Zientzia Museoaren kasua da. Publiko honi zuzenduta dago Zientzia Azoka ere, ikasgelatik kanpoko hezkuntza-ekinbidea beste eragile batzuekin (unibertsitate, enpresa, teknologia- eta ikerketa- zentro eta abarrekin) lankidetzan zientzia-bokazioak sustatzen dituena.
Orobat, zientzia-gai hauei buruz hedabide jeneralistetan egiten den tratamendua aztertu da, adibidez, El Correo eta honen hileroko berrikuntza-gehigarria den Innova+, Vocento taldeko egunkari guztietan argitaratzen dena. Beste hedabide baten kasua ere azaldu da, Consumer aldizkari ospetsua, Eroski taldeak editatu, landu eta banatzen duena, bertan zientzia-kutsua ematen zaielarik ingurumen, osasun, ongizate, elikadura eta horrelako gaiei buruzko artikuluei.
Txema Villatek, Innobasqueko zuzendari nagusiak, Euskadi ezagutzaren gizarte bihurtzeko zientzia-kultura hedatzearen garrantzia nabarmendu nahi izan du, zeren eta
Europak bere etorkizuneko lehiakortasuna zientzia bikainaren garapenean oinarritzen baitu, eta industria lehiakorretan, “aurrean ditugun erronkak konpontzeko gai izango diren” berrikuntza teknologikoekin. “Hori lortzeko, dibulgazioak funtsezko zeregina du, lagungarria baita herritarrak zuzen informatuta egoteko, kontzeptu konplexuak ulertu eta ikasteko, eta zientziak eta teknologia-berrikuntzak ezagutzaren gizarteari, aurrerapen ekonomikoari eta gizarte-ongizateari egiten dieten ekarpena errekonozitzeko gai izan daitezen”, erantsi du.
Jardunaldi honek FECYTen eta Easo Institutu Politeknikoaren laguntza izan du. Eta “Innobasqueren Astearteak” programaren barruan kokatu da; ekinbide honekin Innobasquek berrikuntzaren protagonistei dei egiten die, hilero, dibulgazio-foro ireki batera, euskal berrikuntza jendearen, erakundeen eta hedabideen begiradapean jartzeko