Medellingo Ruta N-ek eta Innobasquek beren lurraldeetan, Antioquian eta Euskadin, berrikuntza bultzatzeko helburua partekatzen dute, eta gauzatu ditzaketen hainbat lankidetza-proiektu detektatu dira.
- Horien artean nabarmentzekoak dira berrikuntzak lurralde baten hazkunde ekonomikoan duen ekarpena neurtzeko eredu aurreratua, adibidez, Indizea-Berrikuntzaren Indizea; edo berrikuntzaren eskaintza eta eskaera konektatzeko plataformak bultzatzea.
- 2013an, Wall Street Journal-ek eta Citigroup-ek Medellin aukeratu zuten “munduko hiririk berritzaileen” gisa, zientzia, teknologia eta berrikuntzaren alde egiteagatik lortutako eraldaketari esker.
Medellin, 2015eko urriaren 16a. Medellingo Ruta N-k eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak lankidetza-hitzarmena egin dute berrikuntza-politiken inguruko ezagutza eta esperientziak partekatzeko, baita kultura berritzailean eta zientzia, teknologia eta berrikuntzaren eraginaren neurketan aurrerapenak ere. Dokumentua Juan Camilo Quintero Medinak, Ruta N-ko zuzendari betearazleak, eta Txema Villatek, Innobasqueko zuzendari nagusiak, izenpetu dute, Antioquia eskualdearen hiriburuko Planetarioan egindako jardunaldi batean hartu dutelarik parte. Bertan, Berrikuntzaren Euskal Sistemaren ibilbidea eta Innobasqueren ekarpena eman dira ezagutzera, berrikuntzaren eragin sozio-ekonomikoa neurtzeko proposamen aurreratua aurkeztu da, eta berrikuntzaren eginkizuna aztertu da garapen eta lehiakortasunaren palanka gisa.
Ruta N-k Medellingo berrikuntza-ekosistema antolatzen du eta Antioquiaren etorkizuneko garapena gidatzen du berrikuntzaren arloan, bertako biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin. Helburu horiek bat datoz Innobasqueren helburuekin, herri-onurako erakunde hau 1.000 gizarte-erakundek baino gehiagok osatzen dutelarik, Euskadin berrikuntza bultzatzeko. Ruta N-ren ikuspegia da Medellin Latinoamerikan berrikuntzaren erreferente bihurtzea, eta Innobasquerena Euskadi Europako erreferente bihurtzea berrikuntzan.
Hitzarmen hau izenpetuta, bi erakundeen artean ezagutza edo jakintzaren transferentzia bilatzen da; zientzia, teknologia eta berrikuntzaren eragina neurtzeko eredu berriak sortzea; eta Euskadiko eta Medellingo zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemetako eragileen interakzio edo elkarreragina erraztea. Zehatzago esanda, hitzarmenak ezartzen du sakon landuko direla:
- berrikuntza-politikak eta espezializazio-estrategia adimendunak, adib. RIS3;
- berrikuntzaren ebaluazioa Indizea-Berrikuntzaren indizearen ereduari jarraituz, berrikuntzak enpresa-produktibitatean duen eragina aztertzen duelarik;
- kultura berritzailearen ereduak;
- gazteen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza, arte eta matematikekiko (ingeleseko siglen arabera, STEAM) interesa sustatzea;
- berrikuntzaren eskaintza eta eskaera konektatzeko plataformak.
2013an, Wall Street Journal-ek eta Citigroup-ek Medellin aukeratu zuten “munduko hiririk berritzaileen” gisa, mugikortasunaren hobekuntzari esker, CO2 isurketak nabarmen gutxitu eta biztanleak elkar konektatu baitzituen; krimen kopurua asko jaitsi da (bi hamarkadatan %80 murriztu da), kultura-guneak sortu dira eta I+G+b-ren alde eginda argi eta garbi. Honela, Antioquiako hiriburuak birkokatu egin du bere hiri-marka, klaserik behartsuenak ere kontuan izan dituen eraldaketari esker. Horregatik, Elkin Echeverri, Ruta N-ko zientzia, teknologia eta berrikuntzako zuzendaria, Global Innovation Day-ren azken edizioan parte hartzera gonbidatu zuten; hori ekainaren 3an izan zen Bilbon, Innobasquek antolaturiko jardunaldian. Bisita hartan garbi geratu zen Ruta N-ren ahalmena; korporazio hau 2009an Medellingo Alkatetzak sortu zuen, UNE telekomuniazio-operadorearekin eta EPM-Medellingo Enpresa Publikoekin.