Elikaduraren balio-katea (ekoizpena, elikadura-industria, sukaldaritza, merkataritza) Euskadiko Balio Erantsi Gordinaren %8,9 da, eta zuzeneko enplegua ematen die 114.149 pertsonei.
- Landako oiloen arrautza ekologikoak, ardo urdina, gazta mota berria hondakin batez egina, ogi osasungarria eta esperientzia gastronomiko berritzaileak izan dira Innobasqueren Astearte honetan aurkezturiko jardunbide egokiak.
- Elikaduraren sektoreak zenbait ukiezinen ekarpena egiten du: Euskadi gastronomia, tradizio eta paisaiarekin identifikatzea edo landa-ingurunea bizirik jarraitzeari eta lurralde-orekari laguntzea.
Donostia, 2015eko urriaren 27a. Elikaduraren balio-katean lehen sektoretik hirugarrenera artekoa sartzen da, eta zeharretara ekonomiaren beste sektore batzuk ere bai. Ekoizpen primarioak, elikadura-industriak, elikadura-merkataritzak, sukaldaritzak, turismo gastronomikoak eta elikadura-garraioak Euskadiko Balio Erantsi Gordinaren %8,9 osatzen dute, zuzeneko enplegua ematen die 114.149 pertsonei, eta hauek 15.792 nekazaritza-ustiategi eta 23.795 enpresatan lan egiten dute. Hauek dira gaur ezagutzera eman diren datuak “Elikadura, berrikuntzarako aukera-eremu” jardunaldian; Donostian izan da Tecnalia-ren egoitzan, Innobasqueen Astearteak saioaren barruan. Katearen edozein mailatan berrikuntza egitea sektorearen lehiakortasunean eragiten duen aukera bat dela esan du Rogelio Pozok, Azti-Tecnaliako zuzendari nagusiak.
Beren jardunbide egokien berri emanez, horixe erakutsi dutenak hauek izan dira: Iratxe Martínez, Iratxe baserriaren jabea; Taig Mac Carthy, Gïk, Ardo Urdinaren sortzaileetako bat; Eduardo Bizkarra, Bizkarra Okindegi eta Gozotegiko gozogilea; Iñigo Cojo, BCC Innovation-eko chef ikertzailea; Elena Urdaneta, Basque Culinary Center-eko I+G zuzendaria; Carmen Geldenzu, Eroskiko Denda Formatuen zuzendaria; eta Malen Sarasua, Leartiker-eko ikertzailea; horiekin batera izan da Txema Villate ere, Innobasqueko zuzendari nagusia. Guztiek nabarmendu dute elikadurarena funtsezko sektorea dela zenbait ukiezinen ekarpena egiten duelako: Euskadi gastronomia, tradizio, paisaiarekin identifikatzea edo landa-ingurunea bizirik jarraitzeari eta lurralde-orekari laguntzea.
Honela, Iratxe Baserriak, ekoizpen-eraldaketako prozesu bizi baten bidez, Bizkaian landako oiloen lehen baserria atera duela aurrera, bertan erdi aske bizi direlarik oiloak kalitate handiko arrautza ekologikoak errunez. Euskaber elkartekoa da, eta honen produktuak Eroskik banatzen ditu, duela gutxi saltoki-eredu berritzaile bat –Eroski Zurekin– sortu duen banaketa-kooperatiba. Denda berri hauek tratu hurbilagokoa eskaintzen diote bezeroari, bertako eta kalitatezko produktuaren protagonismo handiagoarekin, baita espezializazio handiagoa ere produktu freskoetan, elikadura osasungarriagoa sustatzeko.
Ildo berean ari da lanean Bizkarra Okindegi eta Gozotegia, produktu hauen lanketa tradizionala osasun-iturri gisa hartzen baitu. Honela, zentro teknologikoen eskutik, adibidez Tecnalia-tik, iristen zaien teknologia erabiltzen dute tradizioa hobetzeko eta kalitatezko ogi osasungarria egiteko, esate baterako, Panekol, ogia betaglukanorekin, kolesterola murrizteko aukera ematen duena. Une honetan, arreta nutrizio-irizpideetan jarririk eta aldaketa demografikoak kontuan izanda, kontsumitzaileei esperientzia berriak eskaintzen ari dira.
Zentzumenen eta diseinuaren bidezko esperientzia gastronomiko berriei buruz, Basque Culinary Center-en eta GIK-en, ardo urdinaren, ordezkariek hitz egin dute. Azken hau kolore urdineko edari berria da, Internet bidez saltzen dena, EHUrekin lankidetzan euskal millenial talde batek asmatua.
Bestalde, Azaro Fundaziotik eta Leartiker-etik berrikuntza bat aurkeztu da: nekazaritzako elikagaien industriako hondakin baten erabilerari buruzko ikerketa-prozesu baten emaitza, produktu berri bat sortzeko lehengaitzat erabilia: esne-gazura da, gazta egiterakoan sortzen zen likidoa, botatakoan ingurumenean eragina zuena, baina une honetan gazta mota berri baten -gazta marroiaren- osagai nagusi bihurtua.
Elikagai hauek eta beste batzuk egiteko era bitxia euskal gastronomiaren parte da, eta honek Euskadira etortzen diren turisten %21 erakartzen du, turismo honek Euskadi marka kalitate eta berrikuntzarekin lotzen duelarik.
Jardunaldi hau “Innobasqueren Astearteak” topaketen barruan kokatzen da; ekinbide honekin Innobasquek berrikuntzaren protagonistei dei egiten die, hilero, dibulgazio-foro ireki batera, euskal berrikuntza jendearen, erakundeen eta hedabideen begiradapean jartzeko.