Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak lankidetzarako aukera berriak ireki ditu mugaz gaindiko berrikuntzan

  • Akitania-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak 235.000 milioi euroko BPG sortzen du urtean eta 8,5 milioi pertsona biltzen ditu.
  • Bere estrategiaren ardatz nagusietako batek enpresen ezagutza, berrikuntza eta lehiakortasunaren ekonomia bultzatzea du helburu.
  • Gaur eman dira ezagutzera bost POCTEFA, lurralde-lankidetzarako europar programa, lurralde mugakideen garapen adimendun, iraunkor eta integratzailea sustatzen duena.

 

 

Donostia, 2017ko martxoaren 21a. Akitania-Euskadi-Nafarroa euroeskualdea, 235.000 milioi euroko BPGrekin, mugaz gaindiko lurralde-lankidetzarako egitura bat da, Europako Batasunaren barruan bere ekonomia- eta gizarte-eginkizuna indartzeko eratua. Euroeskualdearen estrategiaren ardatz nagusietako batek enpresen ezagutzaren, berrikuntzaren eta lehiakortasunaren ekonomia bultzatzea du helburu. Horren hedapenerako, elkarlaneko berrikuntza-ekimenak gauzatzen dira enpresen eta beste erakunde batzuen artean, eta horietako batzuk gaur eman dira ezagutzera Donostian “Mugaz gaindiko berrikuntza” jardunaldian; Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatu du, Eusko Ikaskuntzarekin eta Koldo Mitxelena Kulturunearekin elkarlanean.

Bertan izan dira Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria; Xabier Hualde, Akitania-Euskadi-Nafarroa Lurralde Lankidetzarako Europar Taldeko Enplegu, Unibertsitate eta Lanbide Heziketako proiektuen kudeatzailea; Iñaki Mujika, TKNIKAko zuzendari betearazlea; Jérôme Ibarzo, Tecnaliakoa; Ainhoa Arrizubieta, Azaro Fundazioko zuzendaria; Amaia Ferro, Gipuzkoako Merkataritza Ganberako Industria Garapen eta Nazioartekotze zuzendaria; Eva Fernández, Bidasoa Activako zuzendari nagusia; Lorea Mendoza, BIOEF-Osasun Berrikuntza eta Ikerketaren Euskal Fundazioan Innosasun-en koordinatzailea; Iker Goiria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusia; eta Txema Villate, Innobasqueko zuzendari nagusia.

Aurtengo martxoan Nafarroa euroeskualde honetan sartzeak etapa berria ireki du 100.00 km2-ko lurralde honentzat, EBko biztanleriaren %2 biltzen duelarik (8,5 milioi pertsona); 11 unibertsitate ditu 250.000 ikaslerekin.  Euroeskualdearen estrategia garatzeko europar programak, proiektu eta lankidetza estrategikoetarako deialdiak egiten direla gogorarazi da Akitania-Euskadi-Nafarroa Lurralde Lankidetzarako Europar Taldetik.

Tresnarik erabilienetako bat POCTEFAk dira, lurralde-lankidetzarako europar programak, euroeskualdean lurralde mugakideen garapen adimenduna, iraunkorra eta integratzailea sustatzen dutenak.

 

Honela, Gipuzkoako Merkataritza Ganberak azaldu du nola “Competitv´eko”k berpizten duen ETEen lehiakortasuna mugaz gaindiko lankidetzaren bidez, kluster, teknologia-zentro eta garapen ekonomikorako agentzien inplikazioarekin.

 

Bestalde, Bidasoa Activa-k Connect Innovation Bai!-n sakondu du, horren helburua euroeskualdeko enpresak espezializazio adimendunaren estrategiarekin konektatzea eta Laugarren Industria Iraultzan sartzea delarik. Hor partaide dira Irungo Udala, Bidasoa Activa, Agglomération Sud Pays Basque, Mondragon Unibertsitatea, ESTIA eta Gaia.

 

Horri dagokionez, Transfond3D proiektuan dago Tecnalia, eta zera bilatzen du: mugaren bi aldeetako enpresa handi eta txikiek, teknologia-zentro eta unibertsitateek, elkarlanean, balio erantsi handiko piezak ekoiztea, fabrikazio gehigarriko prozesuen bidez. Honela, espezializazio adimenduneko euskal estrategia fabrikazio gehigarriko “Addimatech/Addimadour” plataforma teknologikoarekin konektatzen da, hor enpresa garrantzitsu eta oso berritzaileak ari direlarik parte hartzen: Dassault, Safram, Akira, etab.

Bestalde, Innosasun Programa, BIOEF-Osasun Berrikuntza eta Ikerketaren Euskal Fundazioak sustatua, enpresa-sektorearentzako laguntza-mekanismoa da, osasun-sistemaren lankidetza behar baitu bere I+G+b jardueretarako. Honela, mugaz gaindiko REFBIO2 proiektuan, Innosasun esperientzia mugaz gaindiko sare batera aldatzen da lankidetza publiko-pribatua, ezagutzaren transferentzia eta emaitzen ustiapena bultzatzeko.

Halaber, Azaro Fundazioa TrasferINN-en murgilduta dago, eta proiektu honen helburua da mugaz gaindiko eremua EBko eskualderik aurreratuenetara hurbil dadin laguntzea. Helburua da berrikuntzako ekosistema bat sortzea, unibertsitateen, teknologia-zentroen, laborategien, ETEen eta ekintzaileen artean ezagutzaren transferentzia ahalbidetuko duena elkarlaneko proiektuak garatzeko.

 

Azkenik, Tknikak Lanbide Heziketako Mugaz Gaindiko Campusa eman du ezagutzera, eta horri esker 6 enpresa berri sortu dira, 20 ikaslek hartu dute parte eta 3 kalitate-sistema aztertu dira.

Jardunaldi hau “Innobasqueren Astearteak” topaketen barruan kokatzen da; ekinbide honekin Innobasquek berrikuntzaren protagonistei dei egiten die, hilero, dibulgazio-foro ireki batera, euskal berrikuntza jendearen, erakundeen eta hedabideen begiradapean jartzeko.

Partekatu albiste hau