Gaur izan da Innobasque Exchangeren hamargarren edizioa
- Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako 50 bazkide inguruk hartu dute parte Innobasque Exchangeren hamargarren edizioan; Innobasqueko bazkide diren erakundeen eta erakundeentzako elkarlaneko berrikuntza-ekinbide honekin lankidetza bilatzen eta eskaintzen dute hazten jarraitzeko.
- Innobasque sareko 8 berrikuntza-proiektu aurkeztu dira lankidetza bila: Dog Vivant, E-Use, Go4ItAlight, Koiki, Material ConneXion Bilbao, Optimus 3D, Seeyouzoom eta We are testers.
- Innobasque Exchange elkarlaneko berrikuntza-ekinbidea da, non parte hartzen duten berrikuntza eta ekintzailetzako proiektuek. Lantalde heterogeneoak, askotariko gaitasun eta ezaupideekin, konfiantzazko ingurune batean uztartzeak helburua lortzen laguntzen du, lan-metodologia propioari esker.
Zamudio, 2017ko martxoaren 31. Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako 50 bazkide inguruk hartu dute parte gaur goizean Innobasque Exchange elkarlaneko berrikuntza-jardunaldiaren hamargarren edizioan. Zortzi berrikuntza-proiektu aurkeztu dira, eta lankidetza bilatzen dute hazten jarraitzeko: Dog Vivant, E-Use, Go4ItAlight, Koiki, Material ConneXion Bilbao, Optimus 3D, Seeyouzoom eta We are testers.
Innobasque Exchange Innobasqueko erakundeen eta erakundeentzako ekinbidea da, horrela berrikuntza eta ekintzailetzako proiektu askok, bereziki ETEek eta mikroETEek, planteatzen duten elkarlan-erronkari aurre egiteko.
Gaitasun, ezaupide eta sektore askotako lantaldeak konfiantzazko ingurunean uztartzeak erraztu egiten du helburu hori lortzea. Honela, giro egokia sortzen da aukera, ideia, ezkutuko indar-gune edo aurreikusi gabeko emaitza, kontraste eta networking-erako.
Orain arte egin diren Innobasque Exchangeren hamar edizioetan 93 proiektu aurkeztu dira, parte hartu duten 370 erakundeetako 600 pertsonek aberastuta. Guztira 31 akordio gauzatu dira.
Parte hartzen duten pertsonek lantalde multidiziplinarretan antolaturik egiten dute. 5 ordutan zehar, aurkezturiko proiektuak zehatz analizatzen dira, ex profeso sorturiko metodologiari jarraituz; lau urrats ditu: esplorazioa, konpondu beharreko erronkaren definizioa, ideiak sortzea eta horiek partekatzea.
Jardunaldiaren hasieran Ludus-eko Jon Iñaki Martinezk ere parte hartu du, eta aurreko edizioan izan zuen esperientzia kontatu du.
Ondoren, proiektu berriak aurkeztu dira:
- Dog Vivant: Euskadin txakurrekin planak egin nahi dituztenentzako plataforma. Dog-friendly ziurtagiria duten aisialdi- eta turismo-jarduerei buruzko argibideak.
- E-Use: kirten luzagarri eta ergonomikoa lorezaintza, garbitasun, pintura eta nautika arloetarako, bai merkatu profesionalerako eta bai ortopedia eta etxeetako merkaturako.
- Go4ITAlight: Tecnalia Ventures-eko spin off-a, sistemekiko proiektuetan sortzen diren desbideratzeen akatsak eta arazo teknologikoak arintzen laguntzeko konponbideak eskaintzen dituena.
- Koiki: hedatzen ari den gizarte-berrikuntzako proiektua, paketeak nahierara eman eta hartzeko zerbitzua. Erabiltzaileak, ez garraio-enpresak, aukeratzen du non eta noiz jaso nahi duen salgaia. Entrega egiten den auzoan bizi diren eta ezgaitasunen bat duten pertsonek egiten dute lan hau, eta oinez edo bizikletaz egiten dituzte joan-etorriak.
- Material ConneXion Bilbao: ikerketa nahiz industria mailan Euskadin garatzen ari diren material eta eraldaketa-prozesu berritzaileak identifikatu eta sailkatzea. Material berrien liburutegi honek ikusgaitasuna eta aholkularitza eskaintzen ditu, 800 material ditu Euskadin eta 7.500 mundu osoan.
- Optimus 3D: konponbide integralak ematen dizkie industria, bio, osasun eta hortz-arazoei fabrikazio gehigarriko teknologien bidez.
- Seeyouzoom: errealitate birtuala eta eduki grafiko digitala arkitektura, dekorazio, arte eta diseinurako.
- We are testers: konponbide digital honek xede den bezeroaren eta kontsumitzaileak izan daitezkeenen zuzeneko informazioa denbora errealean lortzea ahalbidetzen du. Test bidezko probak eta merkatu-azterketak denbora laburrean eta kostu oso txikiarekin egiteko aukera ematen du.
Jardunaldia amaitzean aldebiko bilerak egin dituzte ekimen hauek sustatzen dituztenek beraiekin elkarlan estuagoa izateko interes berezia erakutsi dutenekin.