Aukera onak daude arkitektura eta hirigintzarentzat espezializazio adimendunaren estrategian

  • Fabrikazio aurreratuko lehentasun estrategikoak eta ekosistema, hiri-habitat eta kultura-industrien eta sormenaren aukera-lurraldeek berrikuntzarako aukerak eskaintzen dituzte arkitektura eta hirigintzan.
  • Industrializazio Iraunkor eta Adimendunaren Estrategia (EISI) eman da ezagutzera; 4 urteko plan honek fabrikazio aurreratuaren eremuan sartuko du eraikuntza eta 3 ekintza pilotu garatuko ditu, 75 enpresa eta eragileren laguntzaz, prestakuntza-plana barne.
  • “Arkitekturan eta Hirigintzan Berrikuntza” jardunaldia Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatu du Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialarekin lankidetzan (COAVN).

 

Bilbo, 2017ko apirilaren 4a. Arkitekturaren profesionalak “aro-aldaketa” ari dira bizitzen. “Arkitekturan eta hirigintzan berrikuntza” jardunaldiak, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialarekin (COAVN) lankidetzan antolatuak, zenbait berrikuntza-aukera azaleratu ditu kolektibo honentzat, Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean jasotako RIS3 espezializazio adimenduaren euskal estrategiaren esparruan. Zehazki, fabrikazio aurreratuko lehentasun estrategikoa eta ekosistema, hiri-habitat eta kultura-industrien eta sormenaren aukera-lurraldeak dira aukera handienak eskaintzen dituztenak.

Ekitaldian honako hauek izan dira: Joxean Muñoz, Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea; Matxalen Acasuso, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko dekano lehendakaria, COAVN; Rufino Hernández, Eraikune-Eraikuntza Klusterreko lehendakariordea; Claudia Pennese, RB3 Innovación Urbana Integrada-ko arkitektoa; Maier Velez, MID Estudio-ko arkitektoa; Ramón Ruiz Cuevas, Luz y Espacio-ko arkitektoa; Agustín Robredo, Estudios Dureroko 3D inprimaketaren arduraduna; Elisa de los Reyes, PEZ Estudio-ko arkitektoa; Aitor Arteta eta Igor González, BAT-eko arkitektoak; Ignacio de la Puerta, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Hirigintzako zuzendari nagusia; eta Txema Villate, Innobasqueko zuzendari nagusia.

Acasusok gogorarazi du 2006an eraikuntzak “ikaragarrizko atzerakada” izan zuela, joera horrek 2014an hondoa jo eta geroztik izan duen susperraldia txikia izan dela. Horri gehitu behar zaio 2003an 15 Arkitektura-eskola zeudela, eta gaur egun 33. Horrek esan nahi du orain 44.169 pertsona daudela Elkargoan bazkidetuta, eta 2000. urtean 30.000 baino gehixeago. “Erreakzio bat sortarazi nahi dugu gure kolektiboan”, azpimarratu du dekanoak.

Eraikune-ko Hernándezek Industrializazio Iraunkor eta Adimendunaren Estrategia (EISI) eman du ezagutzera, 4 urteko plana eraikuntza fabrikazio aurreratuaren eremuan sartzen duena eta 3 ekintza pilotu garatuko dituena, 75 enpresa eta eragileren laguntzaz. Gainera, iragarri du 2017ko urrian Eraikuntza Aurreratuko Master berria hasiko dela UPV/EHUn, 2 urteko iraupena izango duela eta horietako bat enpresen ekintza estrategikoetan lan egitera bideratuko dela. Halaber, aurtengo uztailean Eraikuntza Aurreratuari buruzko Nazioarteko I. Biltzarra antolatuko da, beste herrialde eta eskualde batzuekin harremanak errazteko balioko duena.

Bestalde, Muñoz sailburuordeak zera aztertu du, nola sartzen den arkitektura, 15 azpisektoreetako bat bezala, kultura- eta sorkuntza-industrien makrosektorean. Horren haritik, Acasusok erantsi du industria hauei buruz urriaren 4an Innobasqueren Asteartean egindako tailerrean sektoreko eragileek berrikuntza egiteko eta lehiarako gaitasunak hobetzeko premia azpimarratu zutela.

Pennesek, RB3 Innovación Urbana Integrada unibertsitate-start-up-aren sortzaile eta zuzendariak, hiri-ingurune behartsuenen hiri-berroneratze integratuan sakondu du, eta horri atxikitako gizarte-elkarrizketako prozesuetan, funtsezko ikuspegi gisa.

Ondoren, arkitektura eta hirigintzako bost jardunbide egoki eman dira ezagutzera.

Bere aldetik, MID Estudioko Vélez-ek Vancouverism proiektua aurkeztu du, Kanadako Vancouver hiriaren diseinu-prozesuari buruzko dokumentala.

Ramón Ruiz Cuevasek, Luz y Espacio arkitektura-estudiokoak, azaldu du, 60ko urteetako 30 etxebizitzetan energia-birgaitze integralean kudeaketa-sinergiei eta jardunbide egokiei esker, nola lortu zuten E energia-kalifikazioa A bihurtzea.

Estudios Dureroko 3D proiektuen zuzendaria den Agustín Robredok 3D full color inprimagailuaz egindako urbanizazio baten maketa erakutsi du, 360.000 kolore baino gehiagotan bereizmen handian inprimatzeko gai dena, material zurrun eta malguekin, zuriarekin eta gardentasunekin eta tonu- eta opakotasun-bariazioekin.

Jarraian, Elisa de los Reyesek, Pezestudio.org-eko sortzaileetakoak, arkitektura informalaren inguruko proiektu parte-hartzaileak azaldu ditu, eta jendearen eta natura-ingurunearen arteko harremanak orekatzen dituzten sistema eta habitaten sorkuntza.

Azkenik, Aitor Artetak eta Igor Gonzálezek ─eta berauen estudioa mundu osoan ari da eraikitzen─ azaldu dutenez, BATen (Bilbao Architecture Team) zutabeak berrikuntza, sormena eta profil heterogeneoko profesional talde baten dedikazioa dira. Horrek nazioarteko 20 sari baino gehiago irabaztera eraman ditu.

Ignacio de la Puertak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Hirigintzako zuzendari nagusiak, eman dio ekitaldiari amaiera.

Jardunaldi hau “Innobasqueren Astearteak” topaketen barruan kokatzen da; ekinbide honekin Innobasquek berrikuntzaren protagonistei dei egiten die, hilero, dibulgazio-foro ireki batera, euskal berrikuntza jendearen, erakundeen eta hedabideen begiradapean jartzeko.

Partekatu albiste hau