Innobasqueko Zuzendaritza Batzordeak Leire Bilbao, 2008ko ekainetik Innobasqueko zuzendaritzakoa, izendatu du Berrikuntzaren Euskal Agentziaren zuzendari nagusi berria izateko.
- Txema Villate, Innobasqueko zuzendari nagusia 2007tik, Presidentziaren alboko zuzendaria izango da.
- Gaur arratsaldeko bileran, Zuzendaritza Batzordeak, gobernu korporatibo onaren jardunbide egokienen arabera, eginkizun gehigarriak Batzorde Betearazlearen esku uztea ere erabaki du.
Zamudio, 2017ko apirilaren 27a. Innobasqueko Zuzendaritza Batzordea gaur arratsaldean bildu da Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen egoitzan, eta Alberto Garcia Erauzkin presidentearen proposamenari jarraituz, Leire Bilbao Berrikuntzaren Euskal Agentziaren zuzendari nagusi berri izendatzea erabaki da Txema Villateren ordez, honek Presidentziaren alboko zuzendariaren egitekoak beteko dituelarik aurrerantzean. Halaber, Zuzendaritza Batzordeak funtzio betearazle gehigarriak Batzorde Betearazlearen esku uztea ere erabaki du, gobernu korporatibo onaren jardunbiderik onenak aplikatuz Innobasque bezalako elkarteei. Batzorde Betearazlea Innobasqueren Zuzendaritza Batzordeko 16 pertsonak osatzen dute.
Zuzendaritza Batzordeak Txema Villateri esker ona adierazi dio, Innobasque sortu zenetik proiektuari eskaini dion dedikazio edo arduraldiagatik.
Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, hamar urteko lanaren ondoren, proiektu finkatua da lauko helizearen indar eragileagatik; helize horretan daude zientzia- eta teknologia-eragileak (unibertsitateak, ikerketa-zentroak, teknologia-zentroak), Herri Administrazioak, enpresak eta oro har euskal gizartea, guztiak bazkide gisa ordezkatuak Innobasquen, eta berrikuntzari Euskadin ematen zaion bultzada iraunkorraren benetako protagonistak direnak. Gaur Innobasqueko Zuzendaritza Batzordeak kudeaketan berritze-prozesu baten hasiera abiatu du, eta gobernu korporatibo ona indartu du, Innobasquen eta bere bazkideen artean haize freskoa eta ilusio berrituak sartzeko une egokian.
– Alberto García Erauzkin, Innobasqueko presidentea
Leire Bilbao (Bilbo, 1969) Innobasqueko Zuzendaritza Batzordekoa zen 2008ko ekainean sartu zenetik, lehenik Berritzaileen Euskal Komunitateko zuzendari gisa, eta gero Enpresa Berrikuntzako zuzendari gisa; Eusko Jaurlaritzatik igaro ondoren, non Teknologia eta Estrategiako zuzendaria izan baitzen Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailean joan zen legealdian, Innobasquera itzuli da 2017ko otsailaren 1ean.
Leire Bilbao Informatika Ingeniaritzan lizentziatua da Deustuko Unibertsitatearen eskutik eta Kudeaketa Aurreratuan aditua IE Business School-en eskutik eta Enpresen Goi Zuzendaritzan IESE Business School-en eskutik. Hiru hizkuntza (euskara, ingelesa eta gaztelania) hitz egiten ditu, eta 20 urte baino gehiagoko ibilbide profesionala du. Bere ibilbidean, eta hor nazioarteko jarduera bizia izan du, herri-erakundeetan lan egiteko aukera izan du, adibidez, Eusko Jaurlaritzan edo Bizkaiko Foru Aldundiaren Diseinu Zentroan (DZ), baita enpresa pribatuetan ere, esate baterako Confebask, Ikusi, Ingelectric edo Valpipe International Ltd.en.
Bestalde, Txema Villate (Barakaldo, 1956) Innobasqueko zuzendari nagusia izan da 2007an sortu zenetik, eta orain Presidentziaren alboko zuzendaria da, gobernu korporatiboaren zereginetan berari laguntzeko. Villate industria-ingeniaritzan doktorea da Bilboko Ingeniari Eskolaren eskutik, Total Quality-n diplomaduna JUSEren (Tokio) eskutik, eta Enpresa Administrazioan ESADEren eskutik.