Mondragón eta Innobasque garbi jabetzen dira zientzia, teknologia eta berrikuntzarekiko gazteen interesa piztu beharraz; eta, beraz, elkarrekin saiatuko dira Euskadiko ikasleek STEAM gaitasunak (ingeleseko siglen arabera: zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematika) gara ditzaten. 

  • STEAM Hezkuntza zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematika era integratuan irakatsi eta ikasteko metodoa da; ikuspegi interdiziplinar eta aplikatua du, eta gazteak, pertsonalki eta profesionalki garatu ahal izan daitezen, ezinbesteko gaitasun eta trebetasunez hornitzeko helburua. 

Arrasate, 2018ko ekainaren 14aMONDRAGON Korporazioko lehendakaria den Iñigo Ucín-ek eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusia den Leire Bilbaok lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur FIRST LEGO League Euskadi eskola-lehiaketa antolatzeko. Bi erakundeak jabetzen dira zientzia, teknologia eta berrikuntzarekiko interesa gazteen artean piztu beharraz; eta ikasleek beren garapen profesional eta pertsonalerako zehar-gaitasun garrantzitsuak ─adibidez, talde-lana, komunikazioa edo arazo konplexuen konponketa─  garatu ditzaten lagundu nahi dute elkarlanean.  

Horren haritik, Innobasquek STEAM (ingeleseko siglen arabera: zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematika) Hezkuntza bultzatzeko programa bat du, ‘Berrikuntza Eskola’ deitua, eta hor kokatzen da FIRST LEGO League Euskadi (FLL Euskadi). MONDRAGON eta Innobasque elkarlanean arituko dira FLL Euskadi-n ikasteko eredu hau bultzatzeko, non bost jakintza-arlo horiek, ikuspegi interdiziplinar eta aplikatuaz, era integratuan irakatsi eta ikasten diren, bereizita egin ordez.  

FIRST LEGO League ume-umetatik zientzia- eta teknika-bokazioak pizteko hezkuntza-proiektua da, Innobasquek Euskadin 2009tik antolatzen duena, eta bertatik 2.500 ikasle baino gehiago igaro dira. Lehiaketa osatuz, Innobasquek prestakuntza-programa ere antolatzen du, enpresetara eta I+G+b zentroetara bisitak egin eta hitzaldiak eskainiz.  

Hitzarmen hau sinatuta MONDRAGON FLL Euskadi-ren laguntzaile nagusietako bat bihurtuko da. Honela, aktiboki parte hartzera konprometitzen da, kooperatibak zientzia- eta teknologia-arloetan duten ezagutza partekatzera bultzatuz. Korporazioak eskola-taldeen parte-hartzea ere bultzatuko du eta boluntariotza korporatiboa aktibatuko du MONDRAGON osatzen duten 100 kooperatiben artean. 

Iñigo Ucínek esan du akordio hau “gure gizarte- eta enpresa-politikan erabat sartzen den ekintza dela eta, besteak beste, berrikuntzaren eta ekintzailetzaren balioak bultzatu nahi dituela. Berrikuntza eta ekintzailetzarako jarrera duten gazteekin askoz errazagoa izango da etorkizunean teknologia, enpresa eta gizarte arloetako erronkei aurre egitea”.   

Bestalde, Leire Bilbaok nabarmendu du “pentsamolde berritzailea sustatu behar dugula gazteen artean, horiek baitira etorkizuna berrituko dutenak. Eta hori beraien lanbide-bokaziotik aparte egin nahi dugu, berrikuntza bermatzeko bizitzaren aurrean jarrera egoki gisa”. 

Azkenik, bi erakundeek azpimarratu dute STEAM gaitasunak sustatu behar dituztela bereziki nesken artean eta egoera ahulean dauden ikasleen artean.


Mondragoni buruz 

Mondragon lankidetza-proiektu bat da, eta bertan 100 kooperatiba baino gehiago daude lau arlotan banatuta: Finantzak, Industria, Banaketa eta Ezagutza. Enpresa-erakunde hau nazioarteko merkatuetan lehiatzen da, bere sozietate-antolaketan metodo demokratikoak erabiltzen ditu, eta bere lehentasunen artean enplegu-sorkuntza, langileen giza eta lanbide-sustapena eta bere gizarte-ingurunea garatzeko konpromisoa daude. Gaur egun 75.000 pertsona baino gehiago ditu lanean eta 2016an 11.000 milioi euro baino gehiagoko salmentak egin zituen.

Innobasqueri buruz 

Innobasque irabazi asmorik gabeko erakunde pribatua da, Eusko Jaurlaritzak herri-onurakotzat joa, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragileek, enpresa pribatuek, euskal erakunde publikoek, euskal enpresaburuen eta langileen erakundezko ordezkariek eta berrikuntzari loturiko era guztietako erakundeek osatua. Innobasquek plataforma eta lankidetza-sare ahaltsua eskaintzen du eragile horientzat guztientzat, horren bidez berrikuntza sustatu eta hedatzeko euskal gizartean, enpresa, euskal erakunde eta gizarte osoan eraldaketa-dinamikak sortzen laguntzeko, eta Euskadiren irudia gizarte berritzaile eta I+G+b-ko gune aurreratu gisa zabaltzeko. 

Partekatu albiste hau