INNOBASQUE, 2020ko irailaren 18a. Eusko Jaurlaritzak eta Berrikuntzaren Euskal Agentziak, ‘online’ topaketa baten bidez, Manumix Interreg Europe proiektuaren emaitzak aurkeztuko dituzte hilaren 22an Lakuan; Euskadik gidatzen duen ekimena da, eta azken lau urteetan fabrikazio aurreratuari aplikatutako eskualde arteko berrikuntza-politiken irismena aztertu du. Industria adimenduna sustatzeko tresna publikoen artean dauden sinergiak eta bikoiztasunak aztertu ditu programak, eta horri esker bere kudeaketa eta emaitzak hobetu ahal izango dira. Hobekuntza horietako batzuk abian dira dagoeneko, eta, beraz, jardunaldia baliagarria izango da euskal enpresek sektore estrategiko horri laguntzeko neurrietan nobedadeak ezagutu ahal izateko. Partzuergoa osatzen duten lau eskualdeetan (Euskadi, Piemonte, Gales eta Lituanian) proiektuak dituen arduradun nagusiek parte hartuko dute topaketan, Maurizio Gattiglio ManuFUTURE-EU plataforma teknologikoko Goi Mailako Taldeko lehendakariarekin batera. Ekitaldia Lakuan izango da, eta bertatik, hizlari bakoitzarekin konektatuko da. Hitzaldi guztiak telematikoki jarraitu ahal izango dira 9:30etik aurrera Innobasqueren webgunearen bidez, eta dagoeneko eman daiteke izena bertan.
“Manumix Interreg Europe, Europan fabrikazio aurreratua sustatzea eskualde arteko lankidetzaren bidez” jardunaldiari hasiera Estibaliz Hernáez Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak emango dio. Ondoren, Gattigliok parte hartuko du; honek Goi Mailako Taldean duen kargua Prima Electro S.p.A.ko (industria-laserrak garatzen espezializatutako ingeniaritza-enpresako) lehendakariordetza exekutiboarekin bateratzen du; gainera, Etorkizuneko Fabriken Europako Elkartearen (EFFRA) eta Fotonika Industrien Europako Partzuergoko (EPIC) batzordearen ordezkari gorena da. Aditu horrek, Turingo Politeknikoan ingeniaritza mekanikoan lizentziaduna eta potentzia handiko laser teknologiako zenbait patenteren titularra denak, COVID-19ak eragindako krisia gainditzeko fabrikazio aurreratuak duen garrantzia azpimarratuko du, eta bere iritzia emango du sektore horrek Europar Batasuneko ekonomia suspertzeko planetan izan behar duen pisuari buruz.
Jarraian, Vincenzo Capocasale-k, Interreg Europeko baterako idazkaritzako finantza-kudeatzaileak, eskualde arteko lankidetzaren egungo egoera aztertuko du; ondoren, Leire Bilbaok eta Iñaki Ganzarainek, Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak eta proiektu-arduradunak hurrenez hurren, lantaldearen jatorria eta ondorio nagusiak azalduko dituzte; lantalde hori Innobasquek Eusko Jaurlaritzarekin eta Galesko gobernuarekin eta STRATA eta Finpiemonte ─Lituania eta Piemonteko (Italia) gobernuen mendeko─ agentzia publikoekin batera osatu du.
Programaren emaitzen laburpen orokor horren ondoren, parte hartzen duten eskualdeetako bakoitzaren ordezkariek azterketa horrek beren lurraldean zer aplikazio zehatz dituen (edo etorkizun hurbilean izango dituen) adieraziko dute. Euskal kasua Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Saileko zerbitzuburu Catalina Chamorrok aurkeztuko du, eta proiektuari esker Euskadin aplikatu diren hobekuntzak zehaztuko ditu. Horien artean, honako hauek nabarmendu behar dira: Hazitek programaren proiektu estrategiko bereziak monitorizatzeko sistemetan abiarazitakoak, 2021-2030 aldirako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana eta Gauzatu Industria programa, sektore horretan berrikuntzak sartzeko inbertsioari buruzkoa.
Amaitzeko, Edurne Magrok, ‘Orkestra’ Lehiakortasunaren Euskal Institutuko ikertzaile seniorrak eta lantaldeari aholku emanez programan lankide izan denak, parte hartuko du saioan. Magrok fabrikazio aurreratuan trukatutako esperientziak aztertuko ditu ekimenaren barruan, beste jarduera-arlo batzuetara estrapolatu daitezkeen irakaskuntzak adierazteko.
Manumix Interreg Europe proiektuak milioi bat euroko zuzkidura izan du, eta azken lau urteetan zehar garatu da. Epe horretan, fabrikazio aurreratuan berrikuntza bultzatzeko eskualde-politikak osatzen dituzten tresnak nola konbinatzen diren monitorizatu eta ebaluatu du partzuergoak. Zaintza-sistema tradizionaletatik harago, ‘Policy mix’ delakoaren interakzioen azterketa horri esker, finantzaketa-programen arteko sinergiak eta gainjartzeak aurkitu ahal izan dira, eta horrek aukera emango du etorkizunean inbertsioak hobeto diseinatzeko eta kudeatzeko eta, ondorioz, horien inpaktu edo eragina handitzeko.