Innobasque, 2020ko urriaren 26a. Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak hautatu ditu jada Global Innovation Day 2020 jardunaldian erakutsiko diren bost proposamen berritzaileak. Berrikuntzaren bidez krisi egoerak arrakastaz gainditu dituzten bost kasu praktiko dira. Akelarre jatetxea, Alfa Hogar, SDA Factory, Otxarkoaga Hezkuntza Zentroa eta Cáritas Bilbao proiektuak izan dira aukeratuak Innobasquek jasotako ehunka proposamenen artean, eta, beraz, horien berri emango da Euskadiko XX. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Astea zabalduko duen ekitaldian.
“Berritu aurrera egiteko” da aurtengo Global Innovation Day jardunaldiaren goiburua, baita solasaldiaren lema ere. Elkarrizketa horretan aurreratuko dira, hain zuzen, Innobasqueren 2020ko Berrikuntza Txostenaren emaitzak. Honako hauek ariko dira solasaldian txostena aztertzen: Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako ordezkaria; Aitor Alapont P4Q enpresako zuzendari nagusia; Nerea Aranguren Ideko Teknologia Zentroko zuzendari gerentea eta DanobatGroup taldeko Berrikuntzako zuzendaria; Javier Ormazabal, Velatia konpainiako presidentea, eta Leire Bilbao, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusia.
Román Arjona, Europako Batzordeko Zientzia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiko ekonomialari buruak bi gai hauek izango ditu aztergai Bruselatik: batetik, Europar Batasunean 2020an zientzia, ikerketa eta berrikuntzaren arloan izan diren emaitzak, eta, bestetik, Europako eskualdeen ekarpena.
Iñigo Urkullu Renteria lehendakariak Global Innovation Day jardunaldiaren itxieran parte hartuko du, eta ekitaldi horrekin emango dio hasiera Euskadiko XX. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Asteari.
Jatetxe bat eboluzioan
Innobasquek Akelarre Jatetxearen apustua hautatu du, Pedro Subijana sukaldariak duela 50 urte familia-negozio gisa sortutakoa. Pandemiari aurre eginez, hospitality sektorean luxuzko merkatuaren erreferentzia bihurtu da jatetxea, balio diferentzialeko proposamena eskainiz.
Azti-rekin lankidetzan eta bazkide finantzatzaile berriak ekimenera bilduta, proposamen berri bat sortzea lortu dute, espazio berritzaileak egokituz: jatetxea bera, hotela eta Oteiza Gunea. Eta horrek eragin oso positiboa izan du Akelarre markaren posizionamenduan.
Hala, Akelarrek eraldaketa handia bizi izan du, produktu bakarraren ekarpenean oinarrituta familia-kudeaketako eredu bat izatetik enpresa-talde baten eredua izatera. Horretarako, berritu egin du hainbat prozesutan: antolaketan, barne komunikazioan, pertsonen kudeaketan eta enpresa-kulturan.
Marka historiko baten birsortzea
Euskal enpresa batzuen izena eta historia haien jarduera-esparrutik harago doa, eta herri edo eskualde baten sinbolo bihurtu dira. Alfa Hogar da horietako bat, 1920. urtetik, mende bateko ibilbidean, istorioak ehundu dituen marka. Enpresa hondoa jota egon zen 2012an, baina gaur egun erritmo onean hazten ari da, sendotzen ari da merkatu tradizionaletan, eta, horrez gain, nazioartean hedatzeko plan bat ere indarrean da enpresan.
Alfa markaren balio emozionalaren abaroan, konpainiak aurreikusi baino hiru urte lehenago lortu zuen jasaten ari zen krisia gainditzea. “Istorioak ehuntzen” ekimenari esker, publiko gazteari entzuteko prozesu bat sortu du enpresak, XXI. mendeko eragileen eskutik (blogerrak, influencerrak, instagramerrak…) gazte horiengana iritsita. Edukien marketinerako estrategia baten bidez eta kanal digital berriak erabiliz, markaren xede den publikoa gaztetu du.
Aldi berean, kanal bakoitzaren beharrizanak aztertu dituzte, bakoitzari berariazko erantzun bat emanez, txikizkako komertzio tradizional gisa edo market place berri gisa, eta beste batzuk sortu ditu, hala nola joskintza-akademiak.
Berrikuntza, SARS-COV 2 birusarekin bukatzeko
Euskal enpresek proposamen berritzaile askotarikoak egin dituzte COVID-19 birusari aurre egiteko soluzioekin. Arabako SDA Factory ETEak, adibidez, koronabirusa eta beste mikroorganismo eta bakterio batzuk arropatik ezabatzeko gai diren lurrunezko lisaburdinen hainbat modelo garatu ditu.
SDA multinazional baten egiturako enpresa zen, eta 2018an multinazional horrek Espainiako talde bati saldu zion lisatze-sekzioa. Hortaz, enpresaren egoera zalantzazkoa zen.
Antolakundeak aktibo zeukan zaintza- eta entzuketa-prozesu bat, eta, horri esker, aurtengo urtarrilean proaktibo izan eta etortzeko zegoenari aurre hartu ahal izan zion: COVID 19aren pandemiari, alegia. Lehendik patentatuta zituzten teknologien bidez osasun-arazo larri horri nola erantzun ziezaioketen aztertzeari ekin zioten. Berehala prototipo bat sortu zuten, eta haren eraginkortasuna balioztatu zuten Nafarroako Unibertsitatearen eta zentro teknologikoen laguntzarekin; izan ere, lankide teknologiko horiek egiaztatu dute lurrun-eiekzioak indargabetu egiten duela birusa ?,9an. Jasotako eskari handia dela eta, enpresak aldatu egin ditu ekoizpen- eta hornidura-prozesu guztiak; izan ere, prototipoak marka handien interesa piztu du, eta horrek aukera emango dio enpresari nazioarteko merkatu berrietara iristeko, marketineko sail sortu berriaren laguntzarekin.
Prestakuntza eraldatzailea
Otxarkoaga Hezkuntza Zentroaren proiektua gizarte- eta hezkuntza-berrikuntzako eredu bat da, Bizkaiko Foru Aldundiaren ardurapean dauden adingabeak enpleguaren bidez gizarteratzeko adibide bat. Auzobizi programari esker, 250 neska-mutilek prestakuntza-prozesuari jarraitzen diote, nahiz eta 18 urte beteak izan, eta, era horretara, marjinalitatean erortzeko arrisku txikiagoa dute.
Zentroko langileek ikusi zuten gazte horiek egoera negargarrian iristen zirela eskolara, zenbaitetan gelan bertan lo geratzeraino. Gainera, egiaztatu zuten ikasketak utziz gero, babesik gabe geratzen zirela, sistematik erabat baztertutako bizimodu baten mende, eta, beraz, arazo sozial bihurtzen zirela.
Zentroak aldatu egin zuen begirada eta ikuspegi globalago batetik egin zion aurre arazoari: beste gizarte-eragile batzuekin elkarlanean, gazte horien euskarri izango den sare bat sistematizatu zuen, araututako prestakuntzatik harago. Hala, egoitza-zentroen programa bat egituratu dute, helduen bizimodurako trantsizioa egiteko, eta laguntza-sistema bat ere sortu dute jangela, garraio eta arropa kontuetan babesa emateko. Era berean, bitartekari batek, haiek bezala ikasle izandako batek, programa eta laguntza-sistema horien jarraipena egiten du, haien gabezia emozionalak kudeatzen laguntzeko.
Kolektibo horrek ikasketak utzi ez ditzan lortzeaz gain, formakuntza-ibilbideak sortu dituzte, euskal enpresen errealitatera egokituak eta 4.0 industriara bideratuak, enpresa-erakundeen lankidetzari esker. Helburua da ahalik eta azkarren lan-merkatuan hastea; izan ere, gazte horiek dirua bidali behar diete beren jatorrizko herrialdeetako familiei, eta, hain zuzen, premia bizi horrek behartuta uzten dituzte askotan ikasketak.
Digitalizazioa, atzean ez geratzeko
Itxialdiak iraun zuen denboran aurrez aurreko hartu-emanak izatea eta egoera oso ahulean dauden pertsona askori zenbait laguntza iritsaraztea ezinezkoa zenez, Bilboko Elizbarrutiko Cáritasek soluzio bat asmatu zuen. Hartu-emanerako kanalak eta bitarteko ez-presentzialak egokitu zituzten pertsona horiei bizirauteko baliabideak iritsarazteko, segurtasunez eta gardentasunez. Pertsona horiek, kasu askotan, ez dute ezta banku-konturik ere, eta, beraz, Eusko Jaurlaritzaren eta Hirugarren Sektoreko erakundeen lankidetzarekin, Hal Cash izeneko app-a erabili zuten, dirua mugikorretara bidaltzeko. Modu horretara, Cáritasek jarraitu ahal izan du prekarietate handiko egoeran dauden familiei eta pertsonei beren programak eskaintzen. Teknologiari esker, orobat, Cáritasek aukera izan du arreta-baliabideen trazabilitatea egiteko eta premia handienean direnei iristen zaizkiela bermatzeko, inor atzean utzi gabe.
EGITARAUA
- 10:00 Ongietorria
- 10:02 Elkarrizketa Manuel Salaverriari, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren presidenteari
- 10: 12 Román Arjona, Europako Batzordeko Zientzia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiko ekonomialari burua. Europar Batasunean zientzia, ikerketa eta berrikuntza arloetan 2020an izan diren emaitzei eta Europako eskualdeen ekarpenari buruzko hitzaldia.
- 10:42 Krisi bati aurre egin dioten Euskadiko 5 berrikuntza kasu praktiko.
- 11:12 Solasaldiak: “Berritu aurrera egiteko. Innobasqueren 2020ko Berrikuntza Txostenaren aurrerapena”
- Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako ordezkaria
- Aitor Alapont P4Q enpresako zuzendari nagusia
- Nerea Aranguren Ideko zentroko zuzendari gerentea eta DanobatGroup-eko Berrikuntzako zuzendaria
- Javier Ormazabal, Velatia konpainiako presidentea
- Leire Bilbao, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren zuzendari nagusia
- 11:57 Musika-pieza, Musikeneko ikasleek interpretatua
- 12:05 Iñigo Urkullu Renteria lehendakariak XX. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astea inauguratuko du
- 12:15 Agurra
Dani Álvarez kazetariak gidatuko du ekitaldia