2020ko abenduaren 10a. Gaur egungoa bezalako ingurune aldakorretan, enpresa txiki eta ertainek etengabe aztertu behar dituzte beren negozio-ereduak eta horren alde egin behar dute apustu, bezeroei eta fakturazioari eusten dietela bermatzeko ez ezik sor daitezkeen aukerak identifikatzeko eta aprobetxatzeko ere bai.
Innobasque, Berrikuntzarako Euskal Agentziak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, BEAZ sozietate publikoaren bidez, indarrak batu dituzte, deialdi publiko baten bitartez bost enpresa txiki eta ertain hautatzeko, eta beren etorkizuneko negozio-eredua zehazteko prozesuan bidelagun izateko. 31 enpresek agertu dute interesa deialdi honetan, eta haietatik 16k hartu dute parte azkeneko hautaketa-prozesuan.
Hautatutako bost enpresak industria-esparru desberdinetakoak dira. Honako hauek: Biolan, Dikoin, EndClosures, Estudios Durero eta MB. Aurreko urrian hasi eta 2021eko otsailera arte enpresa horiek prestakuntza-tailerretan eta laguntza-saio pertsonalizatuetan parte hartzen ari dira hainbat adituren eskutik. Hain zuzen, negozio-estrategietan, pertsonen kudeaketan, marketinean, industria-prozesuetan, teknologia eta digitalizazioan eta finantzetan esperientzia zabala duten profesionalak ari dira tailer eta saio horiek ematen.
BEAZek bere gain hartuko du lan-metodologia enpresa partaide bakoitzean ezartzeko kostuaren e. Ondoren, beste laguntza-programa batzuetara bildu ahal izango dute enpresek, diseinatutako negozio-eredu berria garatzeko.
Biolan
Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean kokatutako bioteknologia enpresa bat da. Hainbat elikagaitan, hala nola esnekietan, arrainetan edo ardoan, kalitatearekin eta elikadura-segurtasunarekin loturiko molekulak azkar, erraz eta merke hautemateko gai diren biosentsore berriak garatzen eta merkaturatzen ditu. Programa honetan parte hartuta, aukera izango du negozio-eredua berritzeko eta bere produktu eta zerbitzuen merkaturatzea hobetzeko.
Dikoin
Abantoko enpresa hau laborategiko ekipamendu didaktikoak diseinatzen, fabrikatzen eta banatzen aritzen da, ingeniaritza-eskoletan eta lanbide heziketako eta ikerkuntzako zentroetan erabiltzeko: besteak beste, aerosorgailuen entsegu-bankuak, energia fotovoltaikoko erakusleak eta abar. BEAZek eta Innobasquek emandako zerbitzuaren bidez, enpresaren helburua da 4.0 Industriako soluzio teknologikoak laborategiko beren ekipamendu didaktikoetan aplikatzea.
Endclosures
Elektrizitate, ur, gas eta telekomunikazio instalazioak babesteko era guztietako bilgarriak, kaxak eta armairuak egiten ditu Bilboko enpresa espezializatu honek. Horretarako, grabatu- eta inprimaketa-teknologiak erabiltzen ditu, eta produktuak pertsonalizatzen ditu bezeroaren beharretara egokitzeko. Proiektuan parte hartuta, teknologia digitalak ezarri nahi dituzte beren produktuei balioa eransteko eta merkatuak eskatzen dizkien beharrizanetara hobeto egokitu ahal izateko.
Estudios Durero
Sormen arloko industriek ere ahalmen izugarria dute beren negozio-ereduak berritzeko. Estudios Durero Zamudioko arte grafikoetako eta inprimaketako enpresa bat da, produkzio grafikoko eta artistikoko teknologia berriak eta produkzio-prozesuak (3D inprimaketa, erreprodukzio digitala, eko-inprimaketa…) ezartzen aitzindaria, eta nazioartean ospe handiko ibilbidea duena. Proiektu honekin, Dureroren erronka da komunikazio grafikoaren kudeaketa-prozesuetan lan-ingurune 0 digitala bultzatzea, sormenetik eta diseinutik abiatu eta edukien ekoizpen eta banaketaraino.
MB Sistemas
Autogintzan eta trenbide-sektorean industria-automatizazioko soluzioetan espezializaturik dago Urdulizko enpresa hau. Zehazki, autoen eta tren-bagoien karrozeria muntatzeko eta soldatzeko instalazio automatizatuak diseinatzen, ekoizten eta puntuan jartzen aritzen da. Negozio-ereduak berritzeko zerbitzuak aukera emango die produktuak bezero nagusien beharretara egokitzeko, lehiakortasun handiagoa lortzeko eta beren antolaketa 4.0 Industriaren teknologietara egokitzeko.