- Pedro Miguel Etxenike Donostia International Physics Center Fundazioko (DIPC) presidentea eta Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria lehenengo aldiz arituko solasean zuzenean kulturaren, zientziaren eta artearen inguruan
- Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Leire Bilbaok langile gazte eta beteranoen arteko “talentua berrikuntzako motor” eztabaida moderatuko du
- Honako erakunde hauek garatutako berrikuntzako hamaika kasu praktiko aurkeztuko dira: I+MED, Iparlat, Savvy Data Systems-Fagor Automation eta Zunibal (industriaren esparrua); Arkikus, Dantz eta Recreakult (kulturaren esparrua); eta Emakumeak Zientzian programa, Barrutialde Bigarren Hezkuntzako Institutua, eta Hetel-Ikaslan-Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea (hezkuntzaren esparrua)
- Eneko Sagardoy aktorea izango da topaketa paregabe honen narratzailea. Donostian izango da, azaroaren 9an 10:00etatik 13:00etara, eta Iñigo Urkullu Renteria lehendakariak emango dio amaiera
- Informazio gehiago eta izen‑ematea: https://innobasque.thinkonmarketing.es/microsite/global-innovation-day-2022/
Innobasque, 2022ko azaroaren 4an. Pedro Miguel Etxenike Donostia International Physics Center Fundazioko (DIPC) presidentea eta Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoaren zuzendaria solasean arituko dira datorren azaroaren 9an, Global Innovation Day jardunaldian. Kultura, zientzia eta artearen arteko loturari, bai eta talentuaren elkarren transferentziari buruzko beren iritzia emango dute, hori baita foro honetako hamaikagarren edizioaren haria, hain zuzen ere. Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, beste urte batez, zientzia‑, teknologia‑, giza‑ eta kultur‑joeren pertsona ezagunenak bilduko ditu gizarteari erakusteko zer-nolako garrantzia duen berrikuntzak garapen ekonomikoaren motor gisa. Ekitaldia Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren XXII. Astearen parte izango da, eta Iñigo Urkullu Renteria lehendakariak emango dio amaiera. Edonor joan daiteke Global Innovation Day ekitaldira, eta Donostiako Kursaal jauregiko Ganbara Aretoan egingo da, 10:00etatik 13:00etara. Eneko Sagardoy aktorea izango da topaketa paregabe honen narratzailea. Bertaratzeko izen‑ematea esteka honen bitartez egin daiteke.
Pedro Miguel Etxenike (Izaba, Nafarroa, 1950) Fisika Zientzietan doktore da, eta irakasle eta ikertzaile karrerari esker, hainbat sari lortu ditu, hala nola Ikerkuntza Euskadi Saria (1996), Kulturako Vianako Printzea Saria (1997), Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiaseko Printzea Saria (1998), Blas Cabrera Ikerketa Sari Nazionala (2005), bai eta edo Universidad del País Vasco/ Euskal Herriko Unibertsitatearen Urrezko Domina (1998), Donostiako hiriaren Urrezko Domina (2000) edo Espainiako Fisikako Erret Elkarteko Urrezko Domina (2003). Egun, UPV/EHUko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedradun da; eta horrez gain, International Physics Center Fundazioko (DIPC), nanoGUNE nanozientziako ikerketa kooperatiboko zentroko eta Materials Physics Center-eko (MPC) presidentea da, bai eta Euskampus Fundazioko presidenteordea ere.
Bestalde, Miguel Zugaza (Durango, Bizkaia, 1964) nazioarteko museografo ezagunenetarikoa da. Madrilgo Reina Sofia Museoko kontserbazioko zuzendariorde eta Bilboko Arte Ederretako Museoko buru izan ostean, 1996an Prado Museoko zuzendari izendatu zuten. Jardun horretan ibili zen 2017an museo bilbotarraren zuzendaritzara itzuli zen arte. Honako sari hauek jaso ditu: Maiatzaren 2ko Ordenaren Gurutze Handia (2012), Europaren Sustraiak Saria (2015) eta Alfontso X.a Jakintsuaren Ordena Zibilaren Gurutze Handia (2017).
Beren ibilbideak guztiz desberdinak diren arren, biek ala biek kultura, zientzia eta artearen inguruko ikuspegi irekia dute, eta diziplina horietan berrikuntzaren arloak zein eurenak ez diren alor desberdinetako talentuaren baturak duten garrantzia azpimarratzen dute. Etxenikek nabarmenduko du zientziak humanismoan duen garrantzia; Zugazak, aldiz, azpimarratuko du zientziak eta arteak “bokazio bera partekatzen dutela”; izan ere, bere iritziz “artea, sortzen den unetik, ezagutza‑sistema da, eta ezagutza‑sistema gisa funtzionatzen du”.
Gazte eta beteranoek talentuaren inguruan eztabaidatuko dute
Global Innovation Day-ren edizio honetako momentu gorenetako bat zientzia eta teknologiaren alorreko belaunaldi desberdinetako profesionalek talentuaren prestakuntzaren eta fidelizazioaren inguruan duten ikuspegiaren hartu‑emana izango da. Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusiak moderatuko du gazteen debatea, eta honako hauek parte hartuko dute: Asier Arizmendiarrieta, Etxe-tar taldeko Ikerguneko I+G ingeniaria; Urtza Llona, Mercedes-Benz enpresako Ekoizpenaren eta Eraginkortasunaren Garapenerako arduraduna; Lurdes Ondaro, Donostia International Physics Center Fundazioko (DIPC) doktoratu aurreko ikertzailea; eta Aitor Uriondo, Axular Lizeoko zuzendaria.
Berrikuntzako hamaika kasu
Global Innovation Day-n ere berrikuntzako hamaika kasu praktiko ezagutzeko aukera egongo da: industriaren arloko bost ekimen, kulturako hiru eta hezkuntzako beste hiru hautatu dira. Honako enpresa hauek garatutako ekimen berritzaileak dira: I+Med, Iparlat, Savvy Data Systems-Fagor Automation, Tknika, eta Zunibal industriaren arloan; Arkikus, Dantz eta Recreakult kulturakoan; eta Emakumeak Zientzian, Barrutialde Bigarren Hezkuntzako Institutua, eta Hetel-Ikaslan-Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea STEAM hezkuntzaren arloan (STEAM zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematiken akronimoa da ingelesez).
Jardunaldia goizeko hamarretan hasiko da, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiaren ongietorriarekin. Ostean, Manuel Salaverria Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteak ekitaldian parte hartuko du. Amaitzeko, 13:00etan, Iñigo Urkullu Renteria lehendakariak ekitaldiari amaiera emango dio.
PROGRAMA
10:00-10:02_ Hasierako agurra. Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia
10:02-10:10_ Manuel Salaverria, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidentea
10:10-10:25_Kultur‑berrikuntzaren arloko hiru kasu praktiko: Arkikus, Dantz eta Recreakult
10:30-11:15_Elkarrizketa:
- Pedro Miguel Etxenike, Donostia International Physics Fundazioko (DIPC) presidentea
- Miguel Zugaza, Bilboko Arte Ederretako Museoaren zuzendaria
11:15-11:40 _ Industria‑berrikuntzaren arloko bost kasu praktiko: I+Med, Iparlat, Savvy Data Systems – Fagor Automation, Tknika, eta Zunibal
11:40-12:40_Mahai-ingurua “Talentua, berrikuntzaren motorra”, parte‑hartzaileak:
- Asier Arizmendiarrieta, Ikerguneko I+G ingeniaria
- Urtza Llona, Mercedes-Benz enpresan Ekoizpenaren eta Eraginkortasunaren Garapenerako arduraduna
- Lurdes Ondaro, Donostia International Physics Fundazioko (DIPC) doktoratu aurreko ikertzailea
- Aitor Uriondo, Axular Lizeoko zuzendaria
Leire Bilbaok moderatuko du, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak
12:40-13:00_STEAM Hezkuntzako hiru kasu praktiko: Barrutialde Institutua, Emakumeak Zientzian eta Hetel-Ikaslan-Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea
13:00_ Amaiera, Iñigo Urkullu Renteria lehendakariaren eskutik
Narratzailea: Eneko Sagardoy, aktorea.
- eranskina: PROTAGONISTEN PROFILA
Narratzailea
ENEKO SAGARDOY, aktorea
(Durango, Bizkaia, 1994). Eneko Sagardoy ibilbide luzea duen zineko, antzerkiko eta telebistako aktorea da, eta 2018an, besteak beste, Handia filmean egin zuen lanak Aktore Berri Onenaren Goya Saria jaso zuen. ETB1eko Goenkale seriean hasi zuen bere ibilbidea eta, ondoren, pantaila handian hasi zen “Las manos de mi madre” filmarekin.2020an 2020an HBOko Patria serieko aktoreetako bat izan zen, eta lan harrengatik aktore onenaren izendapena lortu zuen Feroz 2021 Sarietan. Duela gutxi, Ricardo II.a izan da Arriaga Antzokiko “Erresuma/Kingdom/Reino” ekoizpenean, eta bertan “Moto-Membra Jesu Nostri” kontzertu antzeztuan aritu da; testuaren egilea ere bada. Egun, “Irati” bere azken filma noiz estreinatuko zain dago.
Sarrera‑hitzaldia
MANUEL SALAVERRIA Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidentea
(Donostia-San Sebastián, 1956). Manuel Salaverriak ibilbide profesionalaren zati handiena Euskadiko I+G-ren arloan egin du, enpresa industrialetan, teknologikoetan eta zerbitzuenetan. Fisika‑zientzietan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean, eta Enpresen Zuzendaritza masterra du Deustuko Unibertsitatean. Gaur egun, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidentea da, Tecnaliaren Batzorde Exekutiboko kidea da, eta Estrategia Batzordeko presidentea. Bere ibilbide profesionalean, Gaia Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkartearen buru izan da, eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Basque Industry 4.0 Gidaritza Taldeko zuzendari exekutiboa izan da. R telekomunikazio-enpresaren zuzendaria izan zen, baita Euskaltel Taldeko Marketin Korporatiboko zuzendaria ere, non hainbat kargu izan zituen.
Elkarrizketa
PEDRO MIGUEL ETXENIKE, Donostia International Physics Center Fundazioko (DIPC) presidentea.
(Izaba, Nafarroa, 1950). Pedro Miguel Etxenike Fisika-zientzietan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean, Fisika‑zientzietan doktorea Cambridge Unibertsitatean eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) Materia Kondentsatuaren Fisikako katedradun da eta bertan egiten du bere irakaslana. Gainera, Donostia International Physics Fundazioko buru izateaz gain, CIC nanoGUNE nanozientziako ikerketa kooperatiboko zentroko presidentea, Materials Physics Centerreko (MPC) presidentea eta Euskampus Fundazioko presidenteordea ere bada. Pedro Migueli hainbat sari eta izendapen eman dizkiote egindako ikerlan eta irakaslanagatik, eta horien artean nabarmenenak dira Euskadi Ikerketa Saria (1996), Kulturako Vianako Printzea Saria (1997), Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiaseko Printzea Saria (1988), edo Universidad del País Vasco/ Euskal Herriko Unibertsitatearen Urrezko Domina (1998), Ikerketako Blas Cabrera Sari Nazionala (2005), Donostiako hiriaren Urrezko Domina (2000) edo Espainiako Fisikako Erret Elkarteko Urrezko Domina (2003).
MIGUEL ZUGAZA, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria.
(Durango, Bizkaia, 1964). Miguel Zugaza Geografia eta Historian lizentziaduna da (Artearen Historia espezialitatean) Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Museografo gisa egin duen ibilbidean, kargu garrantzitsuak izan ditu arte erakunde ezagunetan. 1994tik 1996ra Madrilgo Reina Sofia Museoko kontserbazioko zuzendariordea izan zen, eta aktiboki hartu zuen parte bilduma egonkorraren erakusketaren birmoldaketan. 1996an, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari izendatu zuten, eta, bertan, museoa handitzeko proiektu handinahiari eta aldi baterako erakusketen programa biziari ekin zion. 2002an, Prado Museoko zuzendaritza hartu zuen, eta 2017ra arte izen zen museoko buru. Urte horretan, berriro hartu zuen Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaritza.
Miguel Zugazaren ibilbideak eta lanak hainbat sari eta aipamen merezi izan ditu, besteak beste: Maiatzaren 2ko Ordenaren Gurutze Handia 2012an, Europaren Sustraiak Saria 2015ean, Alfontso X.a Jakintsuaren Ordena Zibilaren Gurutze Handia 2017an.
Mahai-ingurua
ASIER ARIZMENDIARRIETA, Ikergune, Etxe-tar Taldeko I+G arloko ingeniaria.
(Durango, Bizkaia, 1998). Ingeniaritza Mekanikoko graduduna da Mondragon Unibertsitatean (2020) eta Industria Ingeniaritzako masterduna Deustuko Unibertsitatean. Gaur egun, I+G+b arloko ingeniaria da Ikergune, Etxe-Tar Taldean. Bertan amaitu zituen bere praktikak joan den urtean. Halaber, Gestamp Automozioan eta Pierburg-en ere egin du lan, eta Tabirako saskibaloi taldeko kadete eta junior taldeetako entrenatzaile izan da.
URTZA LLONA, Mercedes-Benz enpresan Ekoizpenaren eta Eraginkortasunaren Garapenerako arduraduna.
(Zornotza, 1975) Urtza Llona Industria Antolakuntzako ingeniaria da UPV/EHUn. Azken hogei urteotan Mercedes‑Benz enpresan garatu du bere lanbide‑karrera, zenbait kargutan, besteak beste: prozesuak optimizatzeko aholkularia, kalitateko teknikaria edo erosketen arduraduna. 2017az geroztik Ekoizpenaren eta Eraginkortasunaren Garapenerako arduraduna da.
LURDES ONDARO, Donostia International Physics Center (DIPC) Fundazioan doktoratu aurreko ikertzailea.
(Munitibar, Bizkaia, 1997). Lurdes Ondaro Fisikan graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) eta Fisika Teorikoan masterduna, Kosmosaren Astrofisika eta Fisika espezialitatean, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan (UAM). Gradua 2019an amaitu ondoren, Donostia International Physics Center (DIPC) Kosmologia taldearekin lan egin zuen udako praktika batzuen ondorioz. Lankidetza hori urte batez luzatu zen. Gaur egun, doktoratu aurreko ikertzailea da DIPCn, kosmologia konputazionalaren eremuan. Bertsolaria da.
AITOR URIONDO, Axular Lizeoko zuzendaria.
(Donostia, 1972). Aitor Uriondok UPV/EHUko Irakasleen Eskolan (Gasteizen) egin zituen bere unibertsitate-ikasketak. 2016az geroztik Donostiako Axular Lizeoa Kooperatiba Elkarteko zuzendaria da. Gaur egun, kargu hori Guuk Gipuzkoa Donostiako saskibaloi talde profesionaleko kirol-zuzendariaren karguarekin batera betetzen du.
Enpresa- eta kirol-taldeen kudeaketa izan da azken 25 urteotako bere lana, eta ikasketa-prozesu parte-hartzaile eta berritzaileak bultzatu ditu. Horrez gain, bere lanbide-esperientzian honako kargu hauek nabarmentzen dira, besteak beste: Sargoi Hezkuntzako Sare Sozialeko zuzendari pedagogikoa The Humans Network-entzat, Ska-Trainer prestakuntza-proiektuko zuzendaria edo Euskaliteko Ebaluatzaileen Taldeko kide izatea.
Moderatzailea:
LEIRE BILBAO, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusia.
Leire Bilbao Informatika Ingeniaritzan graduduna da Deustuko Unibertsitatean, eta Kudeaketa Aurreratuan eta Enpresen Goi Zuzendaritzan aditua IESE Business School-en. Aditua da giza taldeen eta harreman komertzialen kudeaketan, eta bere ibilbide profesionala industria pribatuan zein publikoan garatu du, Erresuma Batuko sektore petrokimiko eta elektronikoan bere hastapenetan, eta azken 20 urteetan berrikuntzaren arloan. Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzaren ardura hartu zuen 2013 eta 2017 artean. BCBL, BCAM eta Euskaliteko zuzendaritza‑batzordeetako kide da.