MUBIL Elektromugikortasun Zentroak zabaldu du jada MUBIL Mobility Awards Sarien laugarren ediziorako hautagaitzak aurkezteko epea. Mugikortasun adimendunaren eta jasangarriaren sektorean oinarri teknologikoko proiektuak garatzen dituzten nazioarteko enpresen lanari egiten zaio aitortza sari horien bidez. Edizio berri honetan, mugikortasun elektrikoan, konektatuan, autonomoan edo partekatuan edota haiei loturiko azpiegituretan lan egiten duten enpresek ekainaren 21era arteko epea dute beren proposamenak aurkezteko. Izen-emateak hemen egin daitezke.

Gazteak izan arren, sari hauek etorkizuneko mugikortasunaren erreferentzia bihurtu dira, ekimen berriei ematen zaizkien laguntzagatik. Aurreko edizioan, 36 proiektuk parte hartu zuten; horietatik hamar nazioartekoak izan ziren, eta finantzaketa bila nahiz ikusgarritasun bila aurkeztu ziren sariketara. Lehen saria Smobery proiektuak jaso zuen: estazio adimendunetan mugikortasun arinerako bateriak birkargatzeko eta aldatzeko soluzio global bat eskaintzen du proiektu horrek. Bigarren saria Hoop Carpool proiektuak jaso zuen: gertu bizi, lan egin edo ikasten duten pertsonen artean autoa partekatzeko plataforma bat proposatu zuen Hoop Carpool-ek.

Edizio berri honetako proposamenak urriaren 24an egingo den ekitaldi batean emango dira ezagutzera. Lehen eta bigarren sarien artean 16.500 euro banatuko dituzte, hori da sarien zuzkidura, eta beste 16.500 euro finantzaketan banatuko dira, mugikortasun adimenduneko eta jasangarriko euskal ekosistemako eragileekin lankidetzan garatzen diren proiektuetarako. Gainera, hamabi hilabetetan MUBIL Hub lan-eremuan jarduteko aukera izango dute, asmoaren hedapenerako laguntza jasoko dute edota  MUBIL Mobility Expo erakusketan erakusmahai propio bat izateko aukera izango dute. Mugikortasun jasangarriaren industrian Europa hegoaldeko topagune profesionala da erakusketa hori.


MUBIL Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz ekimenaren baitan sortu zen, eta gaur egungo Eusko Jaurlaritzaren eta Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) babesa du. Euskadin mugikortasun adimendunaren eta jasangarriaren esparruko ekimenak bultzatzen dituzten eragile publiko eta pribatuen lana uztartzen du MUBILek. Hauek dira erakundearen ardatz nagusiak: eragileen arteko lankidetza, jakintzaren kudeaketa, azpiegitura teknologikoa eta ekintzailetza.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago