Erakusleiho eta hitzaldien topagune izango da Innotech by Innobasque, BECeko (Barakaldo) Makina Erremintaren Biurtekoaren 4. pabiloian kokatua, eta Europako programen bidez kofinantzatutako proiektu berritzaileei buruzko aurkezpenak egingo dira. Zehazki, ikerkuntzako eta berrikuntzako 19 proiektu emango dira ezagutzera, guztira, Innobasqueren InnotechArea gune horretan. Besteren artean, CIDETEC, EXOM Engineering, IDEKO, IKERLAN, LORTEK, Mondragon Korporazioa, Tecnalia eta Tekniker enpresa eta erakundeek gauzatu dituzte proiektu horiek Europako Horizon Europe, H2020, Smart Eureka eta Eurostars-2 programen bidez.
Era berean, unibertsitate, teknologia zentro eta enpresen artean I+G+b esparruan izan diren lankidetza-ereduak ere emango dira ezagutzera.
Egitarau osoa
Aurkezpen-ekitaldiak ekainaren 3, 4 eta 5ean izango dira (astelehena, asteartea eta asteazkena), 11:00etatik 13:00era, eta interes handiko eta garrantzi bereziko proiektuak aurkeztuko dira: laser bidezko teknologia aurreratuen garapena hainbat sektoretan —makina eta ibilgailu autopropultsatuen sektorean eta sektore aeroespazialean, adibidez— fabrikazio prozesuak optimizatzeko; AA integratzen duten produkzio-sistema moldagarriak ezartzea; big data eta biki digitalak, gizakien eta AA sistemen arteko lankidetza hobetzeko; material konposatuen fabrikazioa industria aeroespazialean, eta jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra hobetzea fabrikazio prozesuetan.
Hau da egitarau osoa:
EKAINAK 3, ASTELEHENA | ||
Hora | Ponente | Proyecto |
11.10-11.30 | Xavier Beudaert (IDEKO) | LaserWay |
11.30-11.50 | Xavier Beudaert (IDEKO) | InterQ |
11.50-12.10 | Héctor Herrero (TECNALIA) | ODIN |
12.10-12.30 | Oscar Salgado (IKERLAN) | ZDZW |
12.30-12.50 | Mikel Ayuso (LORTEK) | HyperCOG |
EKAINAK 4, ASTEARTEA | ||
Hora | Ponente | Proyecto |
11.10-11.30 | Urko Esnaola (TECNALIA) | CONVERGING |
11.30-11.50 | Johan Kildal (TEKNIKER) | MASTER |
11.50-12.10 | Peio Olaskoaga (IDEKO) | INFINITE |
12.10-12.30 | Juan Isaza (EXOM) | THERMALASER |
12.30-12.50 | Maider Arana (LORTEK) | MULTI-FUN |
EKAINAK 5, ASTEAZKENA | ||
Hora | Ponente | Proyecto |
11.10-11.30 | Kerman López de Calle (TEKNIKER) | AI-PROFICIENT |
11.30-11.50 | Asier Barrios (IDEKO) | FIBREMACH |
11.50-12.10 | Egoitz Aldanondo (LORTEK) | LightBEE |
12.10-12.30 | Teresa Artaza (TECNALIA) | MOLDAM |
Ai-Proficient (Tekniker): planta batean pneumatikoen ekoizpen-prozesuan Adimen Artifizialak errendimendua nola hobetu dezakeen eta langileekiko komunikazio egokia nola berma dezakeen erakusten du.
Bio Uptake (Fundación Cidetec): fabrikazio malguko prozesuen garapena, oinarri biologikoa duten azken produktuak ekoizteko hainbat sektoretarako: eraikuntzarako, medikuntzarako eta enbalajeetarako.
Circ Thread (Mondragon S. Coop): konpondu ezin diren etxetresna elektrikoen bizitza erabilgarria eta berrerabilera areagotzea da helburua. Horretarako, proiektu honek software bat eskaintzen du, horren bidez produktuen aztarnari jarraitu ahal izateko haien bizitza-zikloan oinarrituta. Era berean, identifikazio digital bat ere eskaintzen du, hainbat estekarekin sarbide publikoko “katalogo” batean jasotako informaziora.
Converging (Tecnalia Research & Innovation): Big Data ezarrita prozesuak eta baliabideak identifikatu ditzaketen sistemen garapena proposatzen du. Sistema horiek ekoizpenaren egoera zein den aztertuko dute, eta ekintza-plan bat formulatuko dute modu autonomoan, horretarako AA eta planifikazio-algoritmoak eta baliabideen autonomiarako soluzioak erabiliz.
Exfan (Fundación Cidetec): aireontzien erregai-pilen energia berreskuratzeko sistema bat garatzen du, kudeaketa termikoa optimizatzeko. Abiazioaren klima-neutraltasuna lortzea da helburua (2050erako planteatutako xedea da hori).
Fibremach (Ideko S. Coop): ikusmen artifizialez ekipatutako zelula robotiko baten garapena. Karbono-zuntzez edo beiraz osatutako materialen mozketa-prozesuan sortzen diren osasunerako partikula kaltegarriak xurgatzen ditu zelula robotiko horrek.
HyperCog (Lortek S. Coop): Mondragon Sistemak (MSI) eta Sidenor euskal enpresen partaidetzarekin, sistema ziberfisiko industrial bat garatu da, elkarri konektatutako nodoen sare batean oinarritua. Ingurumen-aztarna murrizteko eta prozesuen eraginkortasuna hobetzeko aukera emango duen industria-prozesua digitalizatzea da sistema horren helburua.
Infinite (Ideko S. Coop): material adimentsuen bidez azpiegituren egoera zein den jakitea da proiektuaren helburua, egituraren bizitza-zikloko edozein unetan. Horretarako, sentsoreak integratuta dituzten composite-ak garatuko dira, horien bidez materialen ezaugarrien segimendu bat egiteko, fabrikatzen direnetik prozesuaren azkenean birziklatzen diren arte.
InterQ (Ideko S. Coop): sistema adimentsuetan, biki digital hibridoetan eta AAko tresnetan oinarritutako soluzio digitalen belaunaldi berri bat garatzea da proiektuaren helburua, fabrika adimentsuetan kalitate gorena bermatzeko modu holistikoan, prozesua, produktua eta datuak barne hartuta.
Laserway (Ideko): helburua da laser-makina bat eta laser-prozesu bar garatzea, abiada ikaragarri azkarretan jarduteko gai izango dena eta leku zuzenean eta une egokian fotoiak eskaintzeari utziko ez diona, era horretara jarrera malgua eta ekoizpen jasangarria sustatzeko.
LightBee (Lortek): Smart Eureka proiektu honetan Lortek, Lagun MT eta Ekide euskal entitateek hartu dute parte. Friction Stir Welding (FSW) soldatze-prozesuaren bidez ibilgailu elektrikoentzako bateria-erretiluak diseinatzea eta fabrikatzea da proiektuaren xedea.
Master (Fundación Tekniker): 4.0 Industrian funtsezkoak diren bi teknologia ikertzea eta garatzea du helburu: robotika eta errealitate areagotua. Ikasleak eta langileak robotikaren alderdietan hezteko teknikak eta edukiak garatzea izango da xedea, horretarako errealitate areagotuko teknikak erabiliz.
Moldam (Tecnalia): pellet termoplastikoak 3Dan inprimatzeko zelula hibrido baten garapena, horren bidez tamaina handiko moldeak edota beste pieza batzuk fabrikatu ahal izateko, modu erabat automatizatuan, eta hainbat onurarekin kostu, lead team eta jasangarritasun aldetik.
Multi- FUN (Lortek): Lortek eta BC Materials euskal zentroek parte hartzen dute proiektu honetan. WAAM bidez (arku eta harian oinarritutako fabrikazio gehigarria) funtzio anitzetarako produktuak lortzeko materialak eta ekipamendua garatzea da proiektuaren xedea.
ODIN (Tecnalia): EBko ekoizpen-enpresek robotika aurreratuaren erabileran konfiantza handiagoa eskuratzea da ODINen xedea. Hala, robotetan oinarritutako ekoizpen-sistema berriak teknikoki bideragarriak, eraginkorrak eta jasangarriak direla erakutsi nahi dute tailerrean berehala ezartzeko.
Primus (Mondragón): birziklatu gabeko edo gutxi erabilitako plastikoen zirkulazioa bultzatzea da helburua, era horretara hondakin plastikoetan oinarrituta balio gehigarriko produktuak sortzeko automobilgintzarako eta etxetresna elektrikoen sektorerako, polimeroak arazteko teknologia berritzaileak erabiliz eta birziklatze mekaniko aurreratua baliatuz.
Sure2Coat (Cidetec): aluminioaren erabilera handitzea da proiektu honen xedea, horretarako gainazaleko tratamenduak garatuta eta ekoizpenerako teknologia berritzaileak erabilita.
Thermalaser (EXOM): hauts zeramikorako formulazio berriak garatzea, bai eta estaldura babesle zeramikoak ekoizteko prozesu berri bat ere, proiekzio termikoaren eta laser bidezko sinterizazioaren konbinazioan oinarrituta. Korrosioaren aurrean erresistentzia handiko estaldurak balioztatzea izango da helburu nagusia.
ZDZW (Ikerlan): ikuskapenerako IoT teknologia ez-suntsitzaileen katalogo bat garatzen du, fabrikazio-prozesuan sortzen diren akatsak eta hondakinak murrizteko helburua lortzeko.