Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak IV. STEAM Euskadi Sariak joan den maiatzaren 30ean banatu zituen Bilbon, STEAM Euskadi Estrategiaren baitan. Hezkuntza Sailak antolatzen dituen sari hauek Euskadin garatzen ari diren STEAM Hezkuntzako praktika onenak aitortzen eta bistaratzen dituzte, zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikako bokazio goiztiarrak –arte eta humanitateekin lotuta- bultzatzeko helburuarekin. STEAM ingelesezko akronimoa da: Science, Technology, Engineering, Arts & Mathematics.
Sailburuarekin batera, ekitaldian izan ziren Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea eta Plangintza eta Nicolas Sagarzazu, Lanbide Heziketako Plangintza eta Antolaketa zuzendaria. Berrikuntzaren Euskal Agentziaren izenean, Alaitz Landaluze Berrikuntza Politiken koordinatzaile nagusiak hartu zuen parte.
STEAM Euskadi Estrategia
Laugarren edizio honetan saritutako taldeak nahiz gainerako parte-hartzaile guztiak zoriondu ondoren, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak gogorarazi zuen STEAM Euskadi Estrategiaren helburua 2018an, jaio zenean, zeukan berbera dela gaur ere. “Ikasle guztiak eduki horietara hurbiltzea nahi dugu, horiekiko beldurra gal dezatela eta, azkenean horietan eroso sentitzen badira, eduki horiekin lotutako unibertsitate ikasketak edo Lanbide Heziketako ziklo bat ikas dezatela. Informazio eta ezagutza guztia izan dezatela, erabaki ahal izateko”.
Saritutako ekimenak
Sariketaren deialdia Hezkuntza Sailak egiten du Innobasque – Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan. Laugarren edizio honetan, honako kategoria hauetan banatu dira sariak:
LEHEN SARIA:
- Proiektua: Feel-Think-Do!
- Ikastetxea: Jado Ikastetxea (Erandio, Bizkaia)
- Saria: 000 euro
Proiektu honen baitan, Jado Ikastetxeko DBHko 3. mailako ikasleek jostailu sentsorial bat eraiki behar dute, material birziklagarri eta birziklatuak erabiliz, beren ikastetxeko 3-4 urteko haurrentzako. Horretarako, adin horietan garatzen diren zentzumenak eta emozioak aztertu behar dituzte, zientzia, teknologia eta artea erabiliz. Ikastetxeko proiektu integratua da, adin eta etapa desberdinetako ikasleak batzen dituena. Erronka formatuan garatzen da. Proiektu honetan hainbat elementu nabarmentzen dira, hala nola iraunkortasuna eta sormena eta ikasleen arlo sozio-emozionalarekiko sentsibilitatea.
BIGARREN SARIA:
- Proiektua: Makina sinpleak Txikipedian
- Ikastetxea: Orokieta HLHI (Zarautz, Gipuzkoa)
- Premio: 000 euro
Orokieta Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleek edukiak sortzen dituzte Txikipedian –zehazki, hiru orrialde–, makina sinpleen funtzionamendua azalduz (txirrika, gurpila, palanka…). Horretarako, besteak beste, slowmotion teknika darabilten bideoak ere baliatzen dituzte. Teknologia, ingeniaritza eta artea batzen dituen proiektua da, osagai nagusitzat komunikazio eta dibulgazio soziala dituena (Txikipediaren bitartez). Aurkeztutako makinen funtzionamenduari buruzko azalpenarekin batera, horrekin lotura duten STEM lanbideak ere ezagutarazten dituzte.
GENERO IKUSPEGIAREN AIPAMEN BEREZIA:
- Proiektua: Zergatik gertatzen dira istripuak?
- Ikastetxea: Santa Maria de la Providencia – Aldatze ikastetxea (Eibar, Gipuzkoa)
- Saria: 000 euro
Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleek jostailuzko auto bat diseinatu eta eraiki dute, trafiko-istripuak nola gertatzen diren eta horiek nola saihestu ulertzeko. Bide-segurtasuna eta kontzientziazioa ardatz dituen proiektua da, plastika, teknologia eta zientziak erabiliz. Seinaleak ikastea, auto baten zatiak ezagutzea, autoa eraikitzea, abiadura eta balaztatze kalkuluak egitea… Hori guztia STEAM filosofiarekin eta genero-ikuspegia elementu nagusi hartuta, gelako neskei protagonismoa emanez.
LEHEN SARIA:
- Proiektua: SilverBotak, belaunaldien arteko STEAM hezkuntza-esperientzia solidarioa
- Ikastetxea: Don Bosco LHII (Errenteria, Gipuzkoa)
- Premio: 000 euro
Don Bosco ikastetxeko modulu, ziklo eta etapa desberdinetako ikasleek robotika sozialaren erabilgarritasuna ikertu dute, haur-eskoletan nahiz egoitza gerontologikoetan aplikatzeko. Proiektu honek osagai sozial garrantzitsua du, zainketen esparruan teknologia (robotika kolaboratiboa) integratzen asmatu du. Proiektua, helburu berarekin elkarlanean aritu diren Lanbide Heziketako adar edo familia desberdinen arteko osagarritasunaren eta lankidetzaren adibide da. Gainera belaunaldien arteko zubiak eraikitzen ditu..
BIGARREN SARIA:
- Proiektua: UPV/EHUko Hezkuntzarako VIII. App Azoka. “Guztiok guztiontzat sortutako teknologia”
- Zentroa: UPV/EHU (Bilboko Hezkuntza Fakultatea + Bilboko Ingeniaritza Eskola)
- Saria: 000 euro
Hezkuntzarako App-en Azokaren VIII. edizioaren baitan, UPV/EHUko ikasleek (Hezkuntza Graduak, Ingeniaritza Masterra eta UPV/EHU – Down Sindromea Fundazioaren Gela) adimen urritasuna duten pertsonei zuzendutako 8 app sortu dituzte lankidetzan. Ikuspegi inklusibo garrantzitsua duen proiektua da. Dibertsitate funtzionala duten pertsonak eta aplikazioak garatzeko teknologiak batzen ditu.
GENERO IKUSPEGIAREN AIPAMEN BEREZIA:
- Proiektua: Kontuz! Ez nazazu zapaldu!
- Zentroa: Plentziako Itsas Estazioa (UPV/EHU)
- Saria: 000 euro
Herritarren zientzien STEAM proiektua da. Bigarren Hezkuntzako ikasleek euskal itsasertzari buruz duten ezagutza zabaltzea du helburu, biodibertsitatea eskala mikroskopikoan landuz. Biologiaren arloko proiektu honek ikerketa eta naturaren aurkikuntza uztartzen ditu, metodo zientifikoaren bidez. Lupa jartzen du, edo mikroskopioa, hondartzara joaten garenean denok zapaltzen dugun hondar horren gainean, oinpean dugunaz jabetu gaitezen.
LEHEN SARIA:
- Proiektua: Bihotz berdeak
- Erakundea: Kutxa Fundazioa
- Saria: 000 euro
Hezkuntza ez-formaleko ekimena da, naturarekiko interesa duten 12 eta 15 urte bitarteko gazteei zuzendua. Urtean zehar 13 irteera egiten dituzte naturguneetara, herpetologia, ornitologia, etnografia eta antzeko diziplinetara hurbilketak eginez. Gazteak, natura, zientzia eta adituen jakintza uztartuz kultura zientifikoa sustatzen duen proiektua da. Aisialdi hegemonikoaren alternatiba bikaina, gazteei zuzendua.
BIGARREN SARIA:
- Proiektua: Donostia Innovation Challenge
- Erakundea: Donostia Sustapena
- Saria: 000 euro
5 hilabeteko programa honen helburua gazteen gaitasun berritzaileak trebatzea da. Hiriko erronkak lankidetzan ebaztea proposatzen die gazteei. Horien artean sormena eta berrikuntza sustatzeko ekimen egokia da, hiriko erronka errealen aurrean hobetzeko ideiak proposatzea eskatzen baitzaie.
GENERO IKUSPEGIAREN AIPAMEN BEREZIA:
- Proiektua: Matematikhariak
- Erakundea: BCAM – Basque Center For Applied Mathematics
- Saria: 000 euro
Ikasle gazteei matematikek daukaten magia eta erakargarritasuna helarazten dien proiektua. Diziplina honen ikuspegi berritzaile eta erakargarria eskaintzen du. Proiektu honek matematika erakargarri egiten du ikasleentzat, papiroflexia, irudi geometrikoak, erronkak… eta gisa horretako jarduera ludikoen bidez. Matematikaren mundurako ateak irekitzen dituen ekimena da, eta matematikak eguneroko bizitzako arlo askotan presente daudela gizarteratzen laguntzen du.
Kategoria bakoitzean lehen sari bat (3.000 eurokoa), bigarren sari bat (2.000 eurokoa) eta 1.000 euroko aipamen berezi bat banatu dira, genero ikuspegia aintzat hartuta azken hori.
STEAM Euskadi zigilua
Aurten sariketan parte hartu duten 127 hautagaitzen artean, 80k lortu dute STEAM Euskadi zigilua. Bereizgarri horrek STEAM hezkuntzaren izaera nabaria duten ekimenak saritzen ditu, hau da, STEM asmo profesionalak eta bokazio zientifikoak sustatzeko eta ikasleen STEAM trebakuntza hobetzeko helburua duten ekimenak. Guztiak STEAM Euskadi Estrategiaren webgunean (www.steam.euskadi.eus) jasoko dira, inspirazio-iturri izango diren STEAM hezkuntza-ekimen gisa.
STEAM Euskadi Sariek agerikotasuna ematen diete euskal ikasleen trebakuntza zientifiko-teknologikoa hobetzen duten ekimenei, eta lortutako inpaktua, berrikuntza-maila eta emakume ikasleak diziplina hauetara erakartzeko gaitasuna hartzen dituzte kontuan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen duen STEAM Euskadi Estrategiaren barruan daude kokatuta, eta Euskadiko garapen ekonomikoa eta soziala ziurtatzeko elementuak dira.