Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Euskadin egin diren berrikuntzako kasu praktiko onenak bildu nahi ditu beste urte batez, horiek eredutzat harturik berrikuntza bultzatzeko; izan ere, Innobasquek uste sendoa du berrikuntza dela euskal enpresen lehiakortasuna eta bultzatzeko giltzarria.
Deialdia lankidetzan egin dugu Innobasquek, Basque Artificial Intelligence Centerrek (BAIC) eta Matematika Aplikatuen Euskal Zentroak (BCAM). Aurten, adimen artifizialean (AA) eta adimen artifizial sortzailean (AAS) oinarritutako soluzio berritzaileen kasuak bildu nahi dira, biak ala biak inpaktu eta ahalmen eraldatzaile handiko tresnak baitira erakundeen eta enpresen konpetentziak eta gaitasunak garatzeko.
Aurkeztutako hautagaitzen artean, Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, kasurik esanguratsuenak hautatuko ditu Global Innovation Day jardunaldiko hizlarien panela osatzeko. Azaroan hamahirugarren edizioa beteko du ekitaldiak. Innobasquek antolatutako topagune profesional hau sendotzen joan da urtez urte eta erreferentzia nagusietako bat da berrikuntzaren dibulgazioan eta Euskadi berrikuntza altuko eskualde gisa posizionatzeko lan horretan, bertan biltzen baitira, urtero, berrikuntzaren euskal ekosistemako eragile nagusiak.
Enpresa eta entitate guztiek har dezakete parte deialdian, edozein dela ere haien izaera juridikoa, tamaina edo jarduera-sektorea: multinazionalek, ETE-ek, elkarteek, eragile zientifiko-teknologikoek, hezkuntza-zentroek, erakunde publikoek edota interes sozialeko entitateek.
Kasu praktikoek 2021etik hona garatutakoak izan behar dute, eta agerian utzi behar dute Adimen Artifiziala (AA) edo Adimen Artifizial Sortzailea (AAS) aplikatuz eta ezarriz hainbat berrikuntza garatu direla, eta horiei esker enpresen lehiakortasuna hobetu dela. Horrenbestez, hainbat esparrutan eta antolakuntza-prozesutan garatutako kasuak aurkeztu daitezke deialdi honetara: besteak beste, estrategiak zehazteko, eragiketak eta proiektuak kudeatzeko edota bezeroekiko harremanak bideratzeko proposamenak.
Helbide honetan dago deialdi honi buruzko informazio guztia.