Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek, atzo STEAM hezkuntza sustatzeko jardunaldi bat antolatu zuen, euskal gizarteko eragileen atxikimenduaren bidez. Hain zuzen, Agentziako bazkide diren udalei zuzendutako topaketa izan zen. Hala, Bilboko eta Donostiako Udalek bertako talentua garatzeko eta bi hiri horietako ikasle gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak pizteko martxan jarri zituzten ekimenen berri eman zieten bertaratu ziren udalei.

Bilboko Udalaren aldetik, Itxaso Errotetak eta Idoia Uriartek, Gaztedia eta Kirola Saileko zinegotziak eta zuzendariak, hurrenez hurren, Bilbao Gazte STEAM estrategia aurkeztu zuten. Besteak beste, gazteei teknologiako irakaspenak emateko eta sarbide librea eta doakoa duten espazioak eskaintzeko edo kanpaleku edo lehiaketa zientifikoetan gazteen parte-hartzea sustatzeko ekimenak bultzatzen ditu estrategia horrek.

Ondoren, Ainhoa Aldasorok, Donostia Sustapeneko berrikuntza eta lehiakortasun arduradunak, Donostia Innovation Campusean zer ekimen bultzatzen dituzten azaldu zion bertaratuei. Lankidetza-gune horretan, hiriko ikastetxe eta eragile ekonomikoekin elkarlanean, zientzia dibulgatzeko eta gizarteratzeko ekimenak jartzen dituzte martxan.

Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren STEAM Euskadi estrategiaren nondik norakoen berri ere jakin ahal izan zuten gonbidatutako udalek Innobasqueren eskutik. Estrategia horrek gazteen formakuntza zientifiko-teknologikoa bultzatzen du, eragile sozial guztien partaidetzaren bidez. Dagoeneko EAE osoko 22.000 gaztek hartu dute parte ekimen horretan.  

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago