Uztailak 27, 2023

Adimen Artifiziala industriarako aukera gisa harturik lerro batzuk idazteko eskatu zidatenean, Stephen Hawkingen esaldia etorri zitzaidan burura: “Adimen artifiziala erabat garatzen den egunean, giza arrazaren amaiera izan liteke. Bere kabuz funtzionatuko du eta bere burua gero eta azkarrago birdiseinatuko du. Gizakiak, bere eboluzio biologiko motelak mugaturik, ezingo dira harekin lehiatu, eta gaindituak izango dira”.

Ez naiz gai aurreratzeko deskribatutako agertoki hori gertatzeko zorian dagoen edo urrun dagoen, ezta gertagarria den ere; aldiz, baieztatzeko moduan naiz AA kontzeptuak barnean hartzen dituen horrek hainbat aukera eskaintzen dituela, eta baliatu egin behar ditugula bizi garen mundua eta gure ondorengoak bizitzea nahi duguna hobea izan dadin.

Digitalizazioa, Adimen Artifiziala, “Machine Learning”, “Deep learning”… aurrerapen teknologiko esanguratsuak dira industriarako. Velatiaren ikuspegitik, teknologia palanka bat da, eta, pertsona trebe eta arduratsuen eskuetan, oso erabilgarria da zenbait helburu lortzeko, eta horien bidez produktibitatea areagotzeko, aktiboen eta pertsonen segurtasuna hobetzeko, eta, oro har, Velatia dagoen inguruneetan pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko.

Enpresek datuen analisirako, ikasketa automatikorako eta simulazioen moldaketarako softwarea erabiltzen dugu, horren bidez makinen errendimenduari, prozesuen eraginkortasunari eta produktuaren kalitateari buruzko informazio baliotsua biltzeko eta prozesatzeko. Gainera, gainbegiratutako eta gainbegiratu gabeko ikasketa-algoritmoen bidez, datuetan zer patroi dauden azter dezakegu, eta sistema konplexuek etorkizunean zer portaera izan dezaketen eta prozesuetan zer egoera anomalo sor daitekeen aurreikusi dezakegu.

AAko tresnen erabilerari esker, nabarmen ari da hobetzen gure enpresen eraginkortasuna eta lehiakortasuna. Teknologiak aukera ematen digu prozesuak optimizatzeko eta hobekuntzarako aukerak identifikatzeko. Nola? Planifikaturik ez dauden jardun gabeko denborak murriztuz, adibidez. Gainera, hobekuntza esanguratsuak lortu ditugu produktuaren kalitatean, produktibitatean eta aktiboen eta pertsonen segurtasunean.

Energiaren esparruan, ekonomia deskarbonizatzeko helburuak beteko badira, ezinbestean berriztagarrien bidez sortu beharko da elektrizitatea eta kontsumoak elektrifikatu egin beharko dira, eta horrek zalantzak eta aldaketak sortzen ditu balantze eta fluxu energetikoetan.

Velatia oso ingurune sentiberetan ari da AA erabiltzen. Adibidez: Ormazabal enpresan, sare elektrikoen biki digitalak egiteko, haietarako konfigurazio optimoak proposatuz; Stratenergy enpresan, sare neuronaletan oinarritutako AA ari gara erabiltzen energiaren biltegiratzea kudeatzeko; eta Ikusi enpresan, IKT-etan, enpresen komunikazio-sareen errendimendua eta eraginkortasuna hobetzeko baliatzen dugu AA, eta hor sartzen dira sarearen automatizazioa eta segurtasun-mehatxuak detektatzeko eta haiei erantzuteko sistemak.

Adimen Artifizialaren bidez, arazoei soluzioa emateko erantzuna hobetzen dugu, gorabeherei azkarrago erantzuten diegu eta arazo horiek zuzentzeko orientabidea ematen dugu. AAk informazio funtsezkoa ematen digu erabiltzaileen eta aplikazioen esperientzia hobetzeko. Segurtasunari buruzko ezagutza handiagoa ere ematen digu, mehatxuei aurre egiteko eta haiek indargabetzeko erantzuna hobetzen laguntzen digun heinean.

Erronka garrantzitsuak ditugu aurrean. AAren garapenaren hasierako fasean gaude oraindik, industria-prozesuetan AA aplikatzeko modu berriak bilatzen jarraitzen dugu, eta konpromiso sendoa dugu operazioen eraginkortasuna eta errentagarritasuna hobetuko duten teknologia berritzaileak txertatzeko.

AA txertatzeko garaian erronkarik handienetako bat datuen pribatutasuna eta segurtasuna da. Gure enpresek ondo zaintzen dute segurtasun- eta pribatutasun-estandarrak betetzea, nazioarteko araudietan ezarritako jarraibideak aintzat hartuta.

AAren erabilerak sortzen duen ahalmen izugarri horrek, era berean, irizpide etiko zorrotzak aplikatzera behartzen gaitu, ondorio kaltegarririk ez sortzeko; izan ere, ahalmen hori modu arduragabean edo zabarkeriaz baliatzeak ondorio kaltegarriak ekar ditzake, zalantzarik gabe.

AAk gaitasuna badu bere kabuz erabakiak hartzeko eta modu autonomoan jarduteko, galdera eta zalantza garrantzitsuei erantzun beharrean gara: nola erabili behar den, nork duen AAk gauzatutako ekintzen gaineko kontrola eta erantzukizuna… Gai hori arautuko duen lidergo global bat eta esparru etiko argiak behar ditugu teknologia berri hori modu arduratsuan eta zuzenean erabil dadin.

Gizarte gisa, erronka bat eta aukera bat ditugu, eta denok hartu behar dugu gure erantzukizuna.

Taldearen 50 urteko ibilbidean, iraultza teknikoek eta teknologikoek eragindako hainbat eraldaketa eta disrupzio une bizi izan ditugu. Iraultza teknologiko horiek, bere garaian, zalantzak sortu zituzten, haien aplikazioak eragin zitzakeen ondorioei buruzko eztabaidak eta iritzi kontrajarriak sortu zituzten, eta, hala ere, iraultza bakoitzak oparotasun handiagoa ekarri du gizateriarentzat. Konfiantza dut, AAren mehatxuak eta arriskuak zein diren jakinda, eragin kaltegarriak (prozesu eraldatzaile orotan saihestezinak) minimizatu ahal izango ditugula, eta zabaltzen zaizkigun aukera izugarriak balioan jartzen asmatuko dugula. Industria, beste behin, gizarteak behar duenaren mailan egongo da.

Partekatu albiste hau

Harremanetan jarri

Javier
Ormazabal
Presidentea
Velatia

Hurrengo ekitaldiak