Urtarrilak 22, 2022

Santander bankuan 30 urtez izan dudan esperientzia pertsonal eta profesionala oinarri hartuta, enpresa-kulturako funtsezko elementutzat hartzen dut berrikuntza. Batzuetan erdi ezkutuan edo oharkabean azaleratzen da, baina beti hor dago.

Berrikuntza oso loturik dago lantaldean sarri partekatzen ditugun lau ideiarekin. Hauek dira ideia horiek: bezeroarekiko obsesioa, pertsonen garrantzia, aurrerapena helburutzat hartzea eta aniztasuna baliozko pentsamendu gisa.

Lau giltzarri horiek azaldu nahiko nituzke, eta ez garela teoriaren eremuan geratuko ziurtatzeko zenbait adibide praktiko jarriko ditut, horien bidez estrategia eta berrikuntzaren kultura nola bihurtzen diren ekintza azaltzeko.

Bezeroarekiko obsesioa

Ez zait bururatzen kontsigna horretatik jaio ez den produkturik edo prozesu berritzailerik. Bezeroengandik gertu egotea, haiei entzutea, abiadura handiagoa hartzea eragozten duen arazoa zein den edo stopper-ak zein diren ulertzea, hori da ideia handien sorburua eta abiapuntua. Ideia handi horiek berrikuntza ekartzen dute gerora, eta beti-beti-beti dute saria.

Transakzio komertzialen eta finantzen munduan, seguru asko historian zehar izan den berrikuntza handiena kalkulagailuen eta ordenagailuen eskutik etorritakoa izango da.

Santanderren kasuan, ordaindutako kontuak berrikuntza ausarta izan ziren. Horien eskutik bankuak aukera izan zuen besteengandik bereizteko eta 1990eko hamarkadan Espainian eta 2000ko hamarkadan Erresuma Batuan modu esponentzialean hazteko. Une hura aspaldikoa iruditzen zaigu orain eta ahaztua dugu, interes-tasa negatiboen testuinguruan, baina hura bultzatu zuen espirituak bizirik jarraitzen du, jarraitzen dugu bezeroei entzuten eta berrikuntza sortzen, 150 milioi bezero baino gehiagorengandik hurbil egonez.

Hala, gazteenei entzunda, Work Café bulegoak sortu ditugu Santanderren. Bezero horiek ez zuten gogoko ohiko banku-bulegoetara joatea, eta haien aldean bestelako gune batzuk eskatzen zituzten: bezeroentzako eta bezero ez direnentzako espazio irekiak eta doakoak, kafe bat hartzeko, ekintzaileekin edo ETE-ekin hartu-emanak izateko, negozio-bilera bat egiteko edo ekitaldi batean parte hartzeko.

Garrantzitsuena da bulego-eredu hori gazteenentzako erreferentzia bihurtu dela gaur egun. Gazteek gustuko dituzte, eta networking-erako eta negoziotarako egiazko gune bihurtu dira bezeroentzat eta Santander bankuarentzat.

Esandakoa, entzuteak eta hurbil egoteak berrikuntza sortzen du, eta, gainera, merezi du.

Pertsonen garrantzia

Bizi garen munduan teknologia da jaun eta jabe. Munduan kapitalizazio handiena duten hamar konpainiatik zazpi teknologikoak dira.

Egia da berrikuntza teknologikoek aukera ematen digutela aurrerapausoak azkarrago emateko eta erraztu egiten digutela bizimodua; alabaina, azpimarra egin nahiko nuke berrikuntza teknologiko handi guztien atzean pertsona bat dagoela, pertsona horrek eman diola zentzua eta bultzada berrikuntza horri.

Horregatik da hain garrantzitsua lehentasunak beti hurrenkera egokian jartzea, teknologia beti pertsonen zerbitzura egon dadin eta ez alderantziz.

Areago, uste dut teknologia pertsonen gainetik jartzen duten enpresak oso sendoak iruditzen zaizkigula epe laburrera, baina oso zaurgarriak direla epe ertain eta luzera,

galdu egiten dutelako berrikuntza bultzatzen duen muin-muineko espiritua. Gainera, teknologia kopiatu eta erosi egiten da; pertsonak, aldiz, gure bertute eta akats guztiekin, baita kultura bera partekatzen dugunean ere, ez gara hain erraz erreplikatzekoak.

Bi munduak uztartzeko, premiazkoa da makinekin hitz egiteko erraztasun handiena duten pertsonak zaintzea, baina baita beste pertsonekin hitz egiteko eta konektatzeko erraztasun handiagoa duten pertsonak zaintzea ere.

Hain zuzen, dagoeneko bada beharrizan horrekiko kezka, eta enpresak hasiak dira bi hizkuntzak hobekien ulertzen eta hitz egiten dituzten pertsonak berenganatzeko lehian, hori talentu kotizatuena.

Santander unibertsitateak ekimenaren bidez oso agerian geratu da hori. 25 urte baino gehiago dira talentuari laguntzeko programak egiten ditugula, mundu zabaleko 1200 unibertsitate baino gehiagorekin, eta enpresa-unibertsitatea lankidetzan oinarritutako hartu-eman hori guztiz berritzailea izan da. Zorionez, beste askok gure urratsei jarraitu diete gerora.

Aurrerapena helburu

Berrikuntza orok, zentzua izango badu, onuragarri izan behar du pertsonen eta enpresen aurrerapenerako. Egunez egun gero eta gehiagok adierazten dugu gure seme-alabentzako etorkizun oparoago eta iraunkorrago baten alde lan egiteko konpromisoa, oparotasuna eta iraunkortasuna gizartearen, lanaren eta ekonomiaren ikuspegitik ulerturik.

Santanderren lan eginez gero, erabat zentzuzkoa da hori; izan ere, zorionez, hartu-eman estuan gaude hango eta hemengo eta hainbat sektore ekonomikotako enpresekin eta profesionalekin.

Gaur egun, pandemiaren ikasketatik gatoz eta bi urteotan askok oroitzen dituzten erronkarik handienei egin behar izan diegu aurre. Hala, testuinguru honetan, zalantza nagusitu zaigu gure bizitzetan, eta geratzeko etorri da.

Hori dela eta, inoiz baino garrantzitsuagoa da, lehenik eta behin, oparotasun eta aurrerapen mailak modu masiboan goratzeko helburua argi izatea, eta bigarrenik, zapaltzen ari garen lurrari oso itsatsita egotea, zerumugari begiratuz, etorkizunari aurre hartzen saiatuz, baina oinak lurrean ditugula eta unean uneko egoeraren irakurketa oso hurbiletik eginez. Helburu hori ondo beteko bada, lehen puntua bete behar da halabeharrez: Hurbiltasunarekiko obsesioa eta bezeroari modu aktiboan entzutea.

Europako eta Espainiako oparotasunaren ikuspegitik, ETE askok Europako laguntza publikoetan dituzte jarrita itxaropenak. Hein batean, bankuak ere laguntzen du aurrerapen horretan, bezeroen eta ez-bezeroen esku doako tresna bat jarri baitu, profesional edo enpresa guztiek aukera izan dezaten tokian bertan, estatuan edo Europan azkar eta erraz eskura ditzaketen 5 laguntzen berri modu intuitiboan kontsultatzeko.

Lankidetzarako ekimen berritzaile hori ere, zorionez, bere egin dute beste erakunde askok; izan ere, orain, gure lehentasuna laguntza horiek ahalik eta azkarren ETE-ei iristea da, eta ez dio hainbeste axola zein plataformaren bidez iristen diren laguntzetara.

Orobat, ETE-en ikuspegitik eta haien nazioartekotzea bultzatzeko helburuaren ikuspegitik, beste bi berrikuntza teknologiko sortu dira berriki: GPI Tracker eta Salgaien GPI Tracker. GPS teknologiari esker, gure bezeroek uneoro dakite non dauden beren diru-funtsak nazioarteko ordainketetan, eta ez dute 7-10 egun itxaron behar, inolako informaziorik gabe eta zalantzaz beterik. Salgaien GPI tresnak edukiontzi guztiak monitorizatzen ditu, eta garraio-konpainia guztiak leku bakarrean eta unean bertan biltzen ditu. Balio handiko tresna da; izan ere, ETE-etako zuzendari guztiek larridura handiz bizi izan dute hornidura-kateen nondik norakoen jarraipena eta lehengaien garraioari buruzko informazio eskasia.

Tresna ez oso konplikatuen adibideak dira bi-biak, baina sektorean ez zegoen hori konponduko zuen tresnarik, eta Santanderrek soluzio teknologiko guztiz berritzailea jarri du enpresen eskura.

Aniztasuna baliozko premisa gisa

Azken puntu hau gehitu dut, nire iritziz ezinezkoa baita berritzea ez badago pertsonentzako ingurune ireki bat, “leku seguru” bat non pertsona guztiak onartuak izango diren, nahiz eta ez bat etorri prototipo edo estereotipo ohikoenekin edo sare sozialek, telebistak, komunikabideek eta abarrek gehien bultzatzen dituzten estandarrekin.

Besteekiko errespetua funtsezko balioa da pertsona bat aske senti dadin iritzia emateko eta seguru senti dadin bere buruarengan sinesteko, hute egiteko, berriro hasteko eta sortzeko eta beste batzuk animatzeko. Ekintza txikiek suntsitu egin dezakete berrikuntza: iruzkin bati eginiko kritika batek, izateko edo adierazteko modu jakin batek, irain batek, ekintza soil batek edo ez ezer egiteak…

Ekosistema berritzailea, sendoa eta parte-hartzailea eraiki nahi badugu, funtsezkoa da gizabanako garen aldetik, aniztasuna bultzatzea, bai maila pertsonal eta familiarrean, bai maila profesionalean, oso funtsezko balioak dira, baina babestu eta bizirik mantendu behar dira, gainerakoan ezin baita ingurune egoki bat bideratu sormenerako, bezeroengana hurbildu ahal izateko, enpresa eta erakundeekin bat egiteko eta aurrerapenaren eta oparotasunaren helburuak lortzeko.

Azken lerro hau baliatu nahiko nuke Santanderrek eta nik neuk aniztasunaren alde agertutako konpromisoa berresteko, aniztasunaren alde oro har eta genero-aniztasunaren alde bereziki, baita pertsonei eta enpresei hazten laguntzeko lanean jarraituko dugula berresteko ere. Atzera begiratzen badugu, asko eraiki dugu, baina oraindik gehiago egin dezakegu, gehiago berritu dezakegu eta elkarlanean gehiago jardun dezakegu.

Deusto Social Lab-eko kide naizen aldetik, asko gustatzen zait nola definitzen duten berrikuntzaren aldeko konpromisoa eta bultzada, “Transforming Our World Together” goiburuarekin.Mundu zabaleko 200 unibertsitate jesuitak 2018an Bilbon eginiko topaketa batetik hartua da lema hori.

Askotan baliatzen dut mezu hori indarberritzeko premia dudanean, eta zuekin guztiekin partekatu nahi nuen, sinesten, egiten eta amesteko eta hazten jarraitzeko inspirazioa bilatzen duzuen guztiokin. Jarrai dezagun!

Partekatu albiste hau

Harremanetan jarri

Patricia
Arias
lurralde-zuzendaria Euskadin
Santander en País Vasco

Hurrengo ekitaldiak