Martxoak 31, 2022

Errusia Ukraina inbaditzen ari den honetan une dramatikoak bizitzen ari gara, eta agertoki geopolitikoaren eraldaketa sakona dela-eta, enpresek ahalegin gehigarria egin behar dute berrikuntzan.

Denok egokitu behar izan dugu Gerra Hotza amaitu ondoren bizi izan dugun globalizazio izugarri azkarrera eta digitalizazioak ekarri duen inpaktu egiaz iraultzailera. Era berean, gordin baino gordinago ikusten ari gara berbideratu egin behar ditugula energia-arloko eta ingurumen-arloko gure politikak, klima-aldaketaren eta berotegi-efektuko isurketen aurka borrokatzeko ahalegin horretan, baina beti ere energia-horniduren segurtasuna eta lehiakortasuna kontuan izanda. Ez da zeregin erraza, gure mundu honetan gatazkarako joera handiagoa baita lankidetzarako baino; hortaz, gure balio-kateak birpentsatu beharrean gara ezinbestean.

Balio-kate global horiek aurreko mendearen amaieran sortuak dira, eta hor sartzen ziren antzinako bloke komunistako herrialdeak ez ezik ekonomia emergente deritzenak ere. Hala, ahalik eta eraginkortasun handiena bilatu nahi horretan, mundu zabaleko edozein lekutan eskura genitzakeen beharrezko input-ak eta, era berean, planetako edozein lekutan sal genitzakeen gure produktuak eta zerbitzuak.

Alabaina, mundu global hori eraldatzen ari da, eta esparru guztietan gatazka eta norgehiagoka bereizgarri dituen mundu bat sortzen ari da; izan ere, merkataritzan, inbertsio estrategikoetan, eragin-eremuetan, lehengai eta oinarrizko osagaietan, esparru teknologikoan eta baita militarrean ere, norgehiagoka ari da nagusitzen. Areago, politika, ekonomia eta harreman sozialak ulertzeko bi modu nagusiren arteko talka sistemiko batean sartzen ari gara. Alde batean daude gizarte irekiak, norbanakoen askatasun eta eskubideak bermatuta dituztenak, eta beste aldean, berriz, izaera totalitarioa duen botere politiko autokratiko batek kontrolatutako gizarteak.

Ondorioak begien bistakoak dira: merkatu askotan prezioen eta kopuruen inguruko tirabirak sortu dira (jada oso agerikoak ziren pandemiarekin eta orain gerraren ondorioz areagotu egin dira); besteak beste, energiaren, lehengai mineralen, gas nobleen eta lur arraroen eta osagai estrategikoen merkatuetan. Mikroprozesadoreen merkatuan, adibidez, tentsioak nabarmenak dira, osagai horiek ezinbestekoak baitira ekonomiaren sektore giltzarri askoren garapenerako. Logistikaren eta garraioen sektorean ere nabarmenak dira tentsioak, eta agerian geratzen ari dira “just in time” eta botila-lepoen estrategia izugarri kaltegarriak.

Berriro ere indarrean dira zenbait eztabaida: komeni ote den zenbait jarduera “birlokalizatzea”, hornigaien iturriak dibertsifikatzea, erreserba estrategikoak mantentzea edota herrialde gatazkatsuekiko mendekotasunak gutxitzea; izan ere, herrialde horien mende egoteak askoz zaurgarriago egiten gaitu, eta horrek bereziki eragiten digu europarroi, globalizazio irekian eta lankidetzan eta multilateralismo eraginkorrean oinarritzen baitugu gure proiektua.

Eta, beraz, esparru horretan ere berritzaile izan behar dugu, ezinbestean. Ez badugu errealitate berria ezagutzen eta ez bagara hartara egokitzen, merkatuak ez du errukirik izango gurekin.

Egokitzapen hori egiteko, inbertsio handiak egin beharko dira, estrategia politiko desberdinak jarri beharko dira martxan, ezinbesteko beste kostu batzuk onartu beharko dira, eta berrikuntza asko beharko da.

Ezer berririk ez Innobasquerentzat eta euskal enpresentzat. Hala ere, baliabide, metodo, estrategia eta giza lantalde prestatuekin egin beharko zaio aurre horri guztiari. Enpresa-erronka guztietan bezala, konpainietako zuzendari nagusien kontzientziaziorekin eta motibazioarekin, eta goitik behera transmititu beharko da hori, baina baita behetik gora ere, aldaketa- eta egokitzapen-prozesu etengabean eta gero eta azkarragoan.

Seguru nago gure enpresek jakingo dutela erronka berri horri erantzuten; iraganean egin dute eta gaur egun ere ari dira. Beti bezala, iparra zein den garbi izanda: etorkizun hobea eraikitzea, lehiakorra, errentagarri izateko ahalmenarekin, eta aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortzea. Azken batean, enpresa-proiektu iraunkor ororen helburu nagusia.

Partekatu albiste hau

Harremanetan jarri

Josep
Piqué
Presidentea
ITPAero

Hurrengo ekitaldiak