Ekainak 10, 2021
Unibertsitatean berrikuntzari buruz aritzea ez da kontu samurra, fenomeno egiaz konplexu eta iradokitzailea baita, kontuan izanda berrikuntzak zenbat dimentsio izan ditzakeen. Unibertsitate-jarduera nekez ulertu daiteke jardun horretan berrikuntzaren zantzurik hauteman gabe: jakintza sortzea, berez, berritzeko modu bat da, eta (irakaskuntzaren, transferentziaren eta dibulgazioaren bidez) jakintza hori kudeatzea, berriz, bigarren esperientzia berritzaile bat. Eta azkenik, jakintza gizartean txertatzea berrikuntza-prozesu hori burutzea da.
Berrikuntza teknologikoaren prozesuari loturiko adierazpen edo akronimo bat da TRL (Technology Readiness Level). Kontzeptu horrek zehazten du zenbatekoa den teknologia espezifiko baten heldutasuna. Heldutasun Teknologikoaren Mailak (TRL) bederatzi puntuko kalifikazio-eskala bat ezartzen du: beheko mailetan jakintza sortzea dago, ondoren ikerketa aplikatua, eta heldutasunaren maila altuenetan, patenteak lortzea eta ustiatzea, eta berrikuntza teknologikoaren bidez lortutako produktua merkaturatzea daude. Unibertsitate, ikerketa-zentro, teknologia-zentro, enpresa eta beste zenbait eragileren artean sor daitezkeen aliantzak kalifikazio-maila gorenetara irits daitezke TRL eskala horretan, eta horrek bultzada ematen dio unibertsitateari lankidetza-modu horiek hitzartzeko.
Hasieran aipatzen nuen, unibertsitate-jarduera oro, berez, esperientzia berritzailea da. Errealitate horretatik abiatuta, aukera dugu (eta betebeharra ere bai, nire ustez) heldutasunaren kontzeptua zabaltzeko; izan ere, zientziaren eta teknologiaren esparruari mugaturik garatu izan da batez ere. Heldutasun Teknologikoaren Maila (TRL) kontzeptua zabaldu dezakegu, eta uste dut egin behar dugula, Heldutasun Sozialaren Mailaz ere hitz egiteko, TRLtik SRLra pasatuz: Social Readiness Level.
SRL sistema bat egituratzeko proposamen horrek kontzeptuzko euskarri bat ematen dio gure ustez unibertsitateak gizartearen onurarako egin beharko lukeen ekarpenari; izan ere, SRL sistemaren heldutasun maila desberdinak prozesuaren isla dira, hasi ideia sortzen den unetik eta, kasu honetan, eginiko berrikuntzaren inpaktu sozialera arte.
Behin kontzeptua finkatua, zaila da ulertzea zergatik ez den SRL hau aurrez aplikatu; izan ere, haren abantailak begien bistakoak dira. Agian orain arte nagusitu den ikuskeragatik da; izan ere, duela gutxira arte, uste izan dugu berrikuntzak, azken-azkenean, etekin ekonomikoa ekarri behar duela ekoizpen-sektorean. TRLa bezala SRL sistema normalizatzea izango da lehen urratsa ohartzeko zer-nolako onura dakarren berrikuntzak jakintzaren esparru guztietan. Baina neurtu ezin dena baloratzea zaila denez, beharrezkoa da zenbait adierazle proposatzea, horien bidez gauzak nola egiten ari garen monitorizatzeko. Alde horretatik, berrikuntza sozialaren eremu berri hau ere ez da salbuespena.
Berrikuntza sozialaren eta berrikuntza horrek eginiko ibilbidearen adibide argia da Esther Duflo Ekonomiako Nobel saridunak eginiko lana. Duflok aldatu egin zuen arazo sozialei behatzeko modua, bai eta arazo sozialen konponbiderako politiken eraginak aztertzeko modua ere, hori izan zen bere ekarpen nagusia. Ezaguna da haren esaldi hau: “Botika berri baten ondorioak ebaluatzen ditugun zehaztasun berarekin ebaluatu behar ditugu gizarte-politikak”. Duflok esparru horretan egin duen ikerketak, Heldutasun Sozialaren Mailako lehen sei estadioak analizatu ditu gutxienez, eta biztanlerian horien eraginak ere ebaluatu ditu.
Erronka handia da berrikuntza-politiken adierazle onak lortzea. Jakina, berrikuntzaren eraginak jarraitzen du eta jarraituko du zientziaren eta teknologiaren esparruan aplikazio zuzena izaten, baina giza errealitatearen osotasunera hedatu behar dugu berrikuntzaren aplikazioa eta horren ondorengo ebaluazioa. Garapen teknologikoa neurtzen dugun eran, neur dezagun garapen soziala ere, zehaztu dezagun zer lorpen dauden finkatuta eta ezar ditzagun helburu eta proiektu berriak: hori litzateke bultzadarik onena etorkizun hobea eraikitzeko.