Otsailak 25, 2021
SPRI Taldean teoria aplikatzeaz eta gauza zehatzetan gauzatzeaz arduratzen gara. Gure kasuan, enpresei laguntzeko programetan eta zerbitzuetan gauzatzen da teoria hori. Gure berrikuntza-departamentuan arreta jarrita, hainbat ekimen ditugu enpresen lehiakortasuna hobetzera bideratuta. Horretarako, berrikuntza-kultura baterako aldaketa sustatuko duten ekimenak bultzatzen ditugu, euskal enpresaren berrikuntza ez-teknologikoa sendotzeko laguntza ematen dugu eta manufaktura-enpresen produktu eta zerbitzuen diseinuan eta garapenean teknologia digitalak eta iraunkorrak ezartzen laguntzen dugu.
Esaten dena egin egin behar baita, berrikuntzaren arlo honetan eredu izaten saiatzen gara. Azken hilabete hauek horretara behartu gaituzte. Orain dela urtebete, bide-orri bat geneukan diseinatuta eta prest Euskadiko enpresei laguntzeko. Hainbat erronka genituen finkatuta, baina gertatutakoak gertuta, lehentasunak ezarri behar izan ditugu halabeharrez, eta ahalegin eta baliabide handienak premiazkora bideratu behar izan ditugu. Baina plan bat izaten jarraitzen dugu. Urtearen hasieran hainbat erronka genituen, eta horiei helduko diegu legealdi honetan, are erabakimen handiagoz gainera, nahiz eta egungo pandemia-egoerak ez askorik lagundu.
Bi ildo horiek uztartzea dagokigu: alde batetik, krisi honetan atakarik larrienean dauden enpresen premiazko beharrizanei epe motzerako arreta eman jarraitu behar dugu, eta, bestetik, I+G, Berrikuntza, Ekintzailetza, Nazioartekotzea, Digitalizazioa, Inbertsio Berriak eta beste hainbat arlotako laguntzen bidez epe ertain eta luzera begiratu behar dugu. Helburutzat hartu behar dugu, epe motzerako premiei erantzuteaz gain, proiektu berriei babesa ematea, eta, hain zuzen, esparru energetiko-klimatikoan, teknologiko-digitalean eta sozio-sanitarioan sortzen ari diren aukerak aprobetxatzeko gai diren ekimen berriak bultzatzea.
Berrikuntzari bultzada emateko gure programetara itzulita, 2021ean, Innobideak Programaren bidez, 3,3 milioi euro bideratuko ditugu enpresen lehiakortasuna hobetzeko. Horretarako, besteak beste, kudeaketa hobetzeko, enpresetan pertsonen parte-hartzea sustatzeko eta negozio-ereduak egokitzeko proiektuak eta ekimenak lagunduko ditugu.
Bestalde, Hazinnova programak, 2,4 milioi eurorekin, adituen laguntza emango die enpresei, berrikuntza ez-teknologikoa bultzatzeko, hainbat esparrutan mikroproiektuak eginez, besteak beste, ekonomia eta finantza arloan, marketinean eta salmentetan, logistikan eta pertsonen kudeaketan.
Azkenik, BDIH Konexio programak, 480.000 eurorekin, helburu nagusi hau du: manufaktura-enpresen produktu eta zerbitzuen diseinuan eta garapenean teknologia digitalak eta iraunkorrak ezartzen laguntzea. Horretarako, enpresek bost eremu teknologikotan sailkatutako 100 ekipamendu berezi baino gehiago baliatu ahal izango dituzte. Hauek dira eremu horiek: Robotika malgua eta kolaboratiboa, Fabrikazio Gehigarria, Zibersegurtasuna, Materialak, Makina adimentsuak eta konektatuak.
Datozen asteetan joango gara EHAAn argitaratzen eta martxan jartzen euskal enpresei laguntzeko programa horiek eta beste asko. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailean 68 programa aurreikusi ditugu 2021 urte honetarako, eta guztira 430 milioi euro bideratuko dira laguntza horietara.
Eta, jakina, SPRI Taldean Euskadiko enpresen eskura gaude, kontsulta guztiak entzuteko, argitzeko eta horiei erantzuteko, baita berrikuntza-proiektuak kasuan-kasuan laguntza-programa egokienera bideratzen laguntzeko ere. Hasteko, www.spri.eus webgunea bisitatzea gomendatzen dizuegu; euskal enpresei laguntzeko eskaintza zabalari buruzko informazio zehatza duzue orrialde horretan.