Urtarrilak 21, 2021

Gaur inoiz baino gehiago, merkatuan iraun eta balioa sortzen jarraitu nahi duten enpresa guzti-guztiek berrikuntza izan behar dute lehentasun estrategikoa. Gaur inoiz baino gehiago diskurtsotik eta hitzetatik ekintzara pasa behar dugu. Ez badugu orain egiten, berandu izango da, agian berandu da jada askorentzat.

Krisia dela, eta gizartea, ekonomia eta herritar guztiak astintzen dituzten ezusteko (edo ez) gertaerak direla, aldaketez hitz egin beharrean gara ezinbestean, mugitu beharraz, erreakzionatu beharraz. Horrelako astinaldi baten ondoren normaltasuna berreskuratzen dugunean, edo normaltasun berria, ahaztu egiten zaigu beharrezkoa dela mugitzea, esploratzea, etengabe ozeano urdinak bilatzea. Eta beharbada kolpea iristen denean, prestatuta, entrenatuta, posizio ona hartuta edo mentalizatuta ez bagaude, berandu da jada.

Berritzea prozesu konplexua da, guztiz errepikakorra, esplorazioa, autokritika, ahalegin handia eta jakintza eskatzen dituena, eta pertsonek baino ezin dezakete gidatu eta iraunarazi prozesu hori. Makinek ez dute berritzen, ez dute gogoetarik egiten, ez dute esploratzen, ez dute gaitasunik orainari modu kritikoan begiratzeko, ez dute uneoro auzitan jartzen statu quoa, ez dute aurreragoko pentsamendurik beste errealitate bat asmatzeko edo imajinatzeko.

Enpresa edo antolakunde batek berrikuntzari bide eman ahal izateko, kultura sendoa izan behar du, enpresa hori osatzen duten pertsona guztiek berritu ahal izan dezaten. Eta kultura hori ez da egun bakarrean hezurmamitzen, emaitzen kontuak sortzen duen premiak bultzatuta.

Enpresa-kultura horretan, pertsonek askatasuna izan behar dute harago joateko, esploratzeko, dena auzitan jartzeko eta ideiak proposatzeko. Kultura horretan ez du beldurrik existitu behar, huts egiteko, okertzeko, soluziorik onena ez aurkitzeko beldurrik. Kultura horretan, espazioek taldean lan egiteko antolatuta egon behar dute, lankidetzan jarduteko, norberaren lanpostutik harago zer dagoen jakiteko. Kultura horretan, gardentasunak izan behar du nortasun-ikur, arrakastak eta porrotak partekatu egin behar dira, ikasi eta aurrerantz begiratu behar da beldurrik gabe, kontzientziaz baina loturarik gabe.

Horrez gainera, berritzeko ezinbestekoa da norberaren antolakundearen ateak irekitzea. Ateak ireki eta bezeroei, hornitzaileei, aliatuei sartzen utzi behar zaie; ateak ireki behar dira beste ikuspegi batzuen berri jakin ahal izateko, zirenik ere ez genekien beste esperientzia, teknologia edo egiteko modu batzuk ezagutzeko eta horiek nola aplikatu jakiteko, gure lanerako inspirazio-iturri izan daitezke eta.

Azkenik, baina ez garrantzi berarekin, berritzeko ezinbestekoa da antolakundeko arduradun nagusien konpromiso gorena. Antolaera-eredu apropos bat sortu behar da, berrikuntzarako kultura egokia ezartzen lagunduko duena. Gainera, berrikuntzarako beharrezkoak dira beste bi faktore ere: lidergo-bultzada sendoa eta baliabideak, bai giza baliabideak bai finantza-baliabideak. Hortaz, horretarako konpromiso argia agertu behar du zuzendaritzak. Antolakunde batean ez dago ezer etsigarriagorik etengabe berrikuntzaren aldeko apustuari buruzko diskurtsoa entzun bai, baina zuzendaritzak horretarako baliabide edo gaitasunik batere ez duela bideratzen ikustea baino.

Beraz, ekin diezaiogun lanari, dagoeneko heldu ez badiogu. Ezin dugu minutu bakar bat ere gehiago galdu. Gaur, agian, garaiz gabiltza, baina bihar berandu izan daiteke.

Partekatu albiste hau

Harremanetan jarri

Unai
Extremo
Zuzendari nagusia eta sortzailea
VIRTUALWARE

Hurrengo ekitaldiak