Abenduak 3, 2020

Kontzeptu gutxi izango dira berrikuntza bezain zabal, abstraktu eta moldagarriak. Hori pentsa dezake, seguruenera, kaleko pertsona arruntak erakunde askotan gaur egun indarrean den prozesura hurbildu nahi badu, eta komunikabideetatik aldian behin jasotzen dituen informazio-pilulen jakintza besterik ez badu. Eta beharbada arrazoi du, baina oso litekeena da berrikuntzari buruzko bere ideia proiektu ez oso errealistei, are gauzaezinei, loturik egotea.

Innobasqueko kideon ustez, hauxe da berrikuntzaren funtsa: gauzak hobetzeko zer egin dezakegun imajinatzea. Eta hori gizabanako guztien eskuetan dago, gure eguneroko bizitzaren edozein esparrutan. Berritu egiten dugunaren balioa handitzeko, bide ezezagunak esploratzeko, erronkak onartzeko, jakintza partekatua eraikitzeko, eta, azken batean, berritu aurrera egiteko. Horixe da Innobasqueko kideok gure gain hartzen dugun erronka.

CIC energiGUNE ikerketa zentroan ikusi dugu jada berrikuntzaren eskutik datorren etorkizun hori. Dena erreala eta ukigarria da. Egunero ikusten dugu lantalde dinamiko eta diziplina anitzekoan, gure laborategietan, material bakoitzean, egindako entsegu bakoitzean. Badakigu nolakoak izango diren gure ibilgailuen eta gure telefonoen bateriak. Berritzen dugu, aurreikusteko, asko okertzeko beldurrik gabe, urte gutxi batzuk barru energia elektrikoa eta termikoa nola kudeatu eta erabiliko ditugun. Berrikuntza giza eskala zehatz eta irisgarri batean aplikatzearen emaitza da, sinpleki.

Ez da, beraz, boluntarismo-ariketa bat, ezta gauzatzeko batere aukerarik ez duen zerbait imajinatzea ere. Berrikuntzan urrats eraginkorrak egiteko gakoa beti pixka bat harago begiratzea da, baina gaur egungo posizio sendoari eutsita. Berrikuntzan eginiko ahaleginak zentzu bat izan behar du, eta, batez ere, oinarrizko helburu bat: eginiko lanak prozesu bat, produktu bat, zerbitzu bat edo kudeatzeko modu bat hobetzeko balio izatea. Horrenbestez, gure xedea da berrikuntzan eginiko ahalegin horrek eragin positiboa izatea gure industriaren, gure gizartearen eta gure ingurumenaren iraunkortasunean.

Izan ere, hobekuntzarik gabe ez dago berrikuntzarik. Uste badugu, adibidez, ibilgailu elektriko baten bateria seguruagoa, eraginkorragoa eta iraupen handiagokoa lortuko dugula, baina bide horretan alde batera uzten baditugu oinarrizko zenbait kontzeptu, hala nola garapen ekonomikoa, iraunkortasuna, ekonomia zirkularra edo ingurumenarekiko errespetua, juxtu kontrako norabidean joango gara. Hain zuzen, berehalako etekina lortzearren printzipio horietako edozeini uko egiteak –eta, ondorioz, etorkizuneko belaunaldiei beste arazo bat sortzeak– ataka zailera eraman gaitu, eta hortik ateratzeko ahalegina egiten ari gara orain.

Beraz, beharrezkoa al da berritzea? Ez dago beste aukerarik. Ez da moda bat, behar bat da gizarte moduan, gure buruarekiko eta etorkizuneko belaunaldiekiko konpromiso bat da. Berrikuntza da gure bidearen iparra, eta gai izan behar dugu oinak lurrean edukitzeko beti, jakinik prozesu honetan emandako urrats irmo bakoitza aurrerapauso bat izango dela desiratutako helburura iristeko: gizarteak guztion mesederako izango den onura bat lortzea, zalantzarik gabekoa, osoa eta iraunkorra.

Partekatu albiste hau

Harremanetan jarri

Nuria
Gisbert
Zuzendari nagusia
CIC EnergiGUNE

Hurrengo ekitaldiak