Otsailak 4, 2021

Berrikuntza, aldaketarako eta hobekuntzarako prozesutzat ulerturik, betidanik izan da, nahiz eta erritmoa eta abiadura ez diren beti berdinak izan. Une jakinetan, zenbait faktorek katalizatu, bultzatu edo akuilatu dute berritze-prozesu hori. Konbentzituta nago prozesu historikoa ari garela bizitzen: ingurunea abiada bizian ari da aldatzen, hainbesteraino, gizartea bera ere kontziente baita eraldaketaren errealitate horretaz.

Pandemia izan da eboluzio azkar honen elementu katalizatzailea: egoerak akuilatuta, gizarteak jakin du kolektibo gisa bere onena ateratzen, ahaztu gabe, noski, hainbeste pertsonaren heriotzak sortutako kostu izugarria.

Berrikuntzaren aldetik, mehatxu kolosal eta ezusteko honek prozesuaren beraren izaera ere eraldatu du, eta normaltasun berrirantz eraman gaitu. Garapen linealaren eredu batetik, berrikuntza olatuka mugitzen da gaur egun, eta aldaketa sistemikoen prozesuak sortzen dira aldian behin. Prozesu horiek, haien garapenerako ingurune egokietan ezartzen dira; hala, ingurune horiei “berrikuntzarako ekosistema” esan dakieke.

Ziur nago, unea oso delikatua izan arren, eta pertsona, enpresa eta erakundeek zailtasun handiei aurre egin behar izan arren, testuinguru hau egokiera ona dela berrikuntzarako ekosistema horiek sortzen laguntzeko.

Berrikuntzak aukeren leiho bat zabaltzen du gure gizartearen eta gure ekonomiaren oinarriak eraldatzeko, orain arte lortutako lehiakortasun- eta ongizate.-mailei eutsiz betiere.

Hala ere, berrikuntzarako ekosistema horiek modu optimoan garatuko badira, beharrezkoak dira faktore jakin batzuk: adibidez, ezinbestekoa da lankidetza publiko-pribatua modu aktiboan sustatzea, horren bidez gai izan gaitezen une honetako aukerak aprobetxatzeko eta, modu horretara, sinergiak eta prozesu eraldatzaileak sortzeko. Horren adibide dira berriki EBren testuinguruan modu bikainean martxan jarritako neurriak, hala nola ekonomiaren Susperraldirako Funtsa edo ‘Next Generation’ sorta, salbuespenezko egoera honi aurre egiteko diseinatuak.

Esan beharrik ez dago Kutxabanken beti prest egon garela eraldaketa-prozesuak bideratzeko eta mehatxuak berrikuntzarako aukera bihurtzeko, euskal erakundeen eta Innobasque bezalako agentzien eskutik.

Administrazioek ekonomia suspertzeko hainbat programa eta plan eskaintzen dituzte, hainbat modutara (laguntza zuzenak, diru-laguntzak edo proiektuen finantzaketa, besteak beste), eta lankidetza funtsezko faktorea da aukera horiek guztiak modu egokian aprobetxatzeko. Hala, esperotako funtsen fluxu horrek akuilu eta bultzada izan behar du gure ingurunearen modernizazio ekonomiko eta soziala lortzeko.

Baina, salbuespenezko egoera honen neurrira egongo bagara, erakundeok ere aldaketa sakonak egin behar ditugu gure barne kulturan.

Gure barne egiturak estrategia linealetan edo gehigarrietan oinarritzen dira, eta gai izan behar dugu –horretan ari gara– horiek aldatzeko eta enpresa-munduan nagusitzen ari diren printzipioetarantz bidea egiteko. Interdependentzia da aipatutako printzipio horien oinarria.

Berritzeak eskatzen digu erakunde malguagoak izatea, eduki eta funtzio gero eta horizontalagoak izatea, zereginak eta ardurak hainbat sailen artean partekatzea, jakintza modu sistematikoan eta partekatuan kudeatzea, adimen lehiakorreko sistemak sustatuz.

Beste era batera esanda, berritze-prozesuari aurre egitekotan, enpresa-erakundeok erronka handia dugu aurrean: ad intra aldatu behar dugu, barrutik, hori baita gure eraginkortasuna hobetu eta lehiakor izaten jarraitzeko modua. Bai guk bai gure ondorengo belaunaldiak zer ingurunetan bizi nahi dugun jakinik eta horiek sortzea helburu partekatutzat harturik, bide horretan laguntzeko gure ekarpena izan daiteke enpresa-antolakundeak barnetik aldatzea.

Partekatu albiste hau

Harremanetan jarri

Fernando
Irigoyen
Handizkako Negozioaren Zuzenari Nagusia
KUTXABANK

Hurrengo ekitaldiak