Irailak 2, 2021
Eraldatu al daiteke herrialde bat, noiz eta krisi-egoera larri bat gainditzen ari den garaian?
Nire erantzuna baiezkoa da, eta gure iraganaren eta “euskal kasuaren” analisia da baiezko horren oinarria. Gogora dezagun aurreko mendeko 1980ko eta 1990eko urteetan Euskadik krisi ekonomiko ikaragarri gogorra jasan zuela. Krisi ekonomikoaz gain, tirabira politiko eta sozial handiak izan ziren garai hartan, eta ezin ditugu ahaztu jarduera terroristaren ondorio izugarriak. Finean, herrialdea suntsituta eta etorkizunik gabe zegoen. Gaur egun, ordea, herrialde aurreratua gara Europan, eta munduko eskualde oparoenetako bat.
Eraldaketa ekonomiko eta sozial handi horren arrakastak argi erakusten du Euskadik gaitasun bereziak dituela instituzio, enpresa, teknologia, finantza, gizarte kultura eta beste hainbat eta hainbat esparrutan. Aurrera begira, berme handia da hori.
Baina, era berean, onartu behar dugu oraindik ere asko dugula hobetzeko eta bide luzea dugula egiteko, onak izan arren, ez garelako, jakina, onenak. Eta Euskadik muga argiak dituelako, politikoak, lurralde mailakoak, ekonomikoak eta sozialak.
Eta, gainera, ez du lortzen izan dezakeen ahalmenik handiena, gehitxo zatikatua dagoelako. Eta, gainera, ez du lortzen izan dezakeen ahalmenik handiena, gehitxo zatikatua dagoelako .
Horrez gain, arrisku handi bat gainditu behar dugu: mundu mailan herrialde oparoa bihurtu garenez, erronka soziologiko handi bati egin behar diogu aurre: ezin dugu daukagunarekin konformatu.
Prest al gaude onartzeko jada beste egoera batean gaudela, egoera horrek baldintzatu egiten duela gure etorkizuna, eta, halabeharrez erantzun behar diogula egoera horri, indarrez erantzun ere?
Funtsezko galdera da hori. Erantzuna ez baita batere argia. Ekonomiaren esparruan, Euskadi ez dago, gaur egun, biziraupen-arrisku larrian, duela 40 urte bezala; arriskua bestelakoa da, bertan goxo egitearena. Munduko gizarte oparo gehienen arrisku bera da; izan ere, urratsez urrats, “adinekoen paradisu” bihurtzen ari dira gure gizarte oparoak.
Etorkizun hobea eraikiko badugu, iragan mingarria gainditu dugun kemen bearekin aurre egingo badiogu geroari, euskal gizarteak, gizarte aberats eta garatua den aldetik, “pertzepzio-erronka” bat du aurrean (Ikusten al dugu erronka?), eta “erreferentziak aldatu behar ditu ezinbestean” (Onartzen al ditugu?); izan ere, sinplea eta konbentzionala atzean utzi eta konplexutasunera eta bereizten gaituen horretara egin behar du bidea. Eta, gainera, gure arrisku demografiko larriak ezkutatzen duen “per capita” horren tranpatik ihes egin behar dugu.
Argi gera dadin, hemen eta orain, mundu mailan aldaketa geldiezin eta azkarra gertatzen ari da, aro digitalean sartzen ari gara, klima-aldaketaren ondorioak nabarmenak dira, eta beraz, horren guztiaren eraginez, EUSKADI BIRPENTSATU behar dugu.
Horretarako, oroz gain, geure buruari galdetu behar diogu zein den gure jomuga nagusia, herrialde gisa.
Bigarrenik, konpromiso ekonomiko eta sozial handi bat hitzartu behar dugu, Itun indartsu bat, eraldaketa globaleko proiektu batean aurrerapausoak emateko. Nork onartu behar du konpromiso hori? Eta, batez ere, nork onartu nahi du?
Azkenik, estrategiari erreparatu behar diogu: Zein da Euskadirentzat estrategiarik egokiena bere etorkizuna konkistatzeko?
Hiru galdera horiei erantzunda, gai izan beharko genuke Eraldaketa Globaleko Plan bat abiarazteko, asmo handiko plan bat, epe motz eta ertainera araututako ekintzekin, beti ere epe luzera gure “jomuga nagusia” lortzea helburutzat harturik.
Gure herrialdea, ekonomia eta euskal gizartea eraldatzeko bide horretan, arrakasta lortu behar dugu, besteak beste:
Herrialde hobe bat eraikitzeko, aukeraz betea, eta erronka berriei aurre egiteko prest dagoena.
- Euskal herritar guzti-guztiei etorkizuna bermatzeko.
- Talentua eta inbertsioak erakartzeko / horiei eusteko / sortzeko.
- Guk bezainbeste ez dutenekin solidarioak izateko.
Badugu horretarako ahalmenik? Bai. Nahi dugu? Nire erantzuna baiezkoa da. Zurea?