Otsailak 8, 2024

Enpresa munduan, gaur egun inork gutxik jartzen du zalantzan berrikuntzaren balioa, bereziki garrantzitsua zalantza eta aldaketa oso azkarreko garaiotan. Berritzeak aberastasuna sortzen du, bide berriak urratzen ditu eta lehiarako abantaila ematen du. Desberdin eta hobeak egiten gaitu. Hazten laguntzen du. Jende guztia konbentzitzen duten hainbat onura sortzen du. 

Baina berrikuntzaren abantailak onartze hori, sarritan, asmoen adierazpen teoriko soilean geratzen da. Gap bat sortzen da. Ilusio berritzailearen gap-a: berritzea onuragarria dela argi izatearen eta berrikuntzak garatzeko ditugun zaitasunen arteko diferentzia.  

Hainbat arrazoi dela medio aktibatzen da gap-a: baliabide falta, denborarik edo talentu nahikorik ez izatea, edo, besterik gabe ideiak ez iristea. Hala, berrikuntzaren magia ez da aktibatzen. Eta, arrazoi bat dela edo bestea dela, berrikuntza tiraderan geratzen zaigu, ia oharkabean. Berritu nahi dugu, baina zerbaitek eragotzi egiten digu. Eta zerbait hori, normalean, arrazoi oso jakin bat izaten da: beldurra. 

Berrikuntza oro hutsean jauzi egitea da: ezezagunerantz mugitzea, inork aurrez ibili gabeko lurraldeak zapaltzea. Esperimentatzea. Probatzea. Ziurtasunik gabe aurrera egitea. Arriskuak hartzea. Gainerakoan, ez litzateke berrikuntza izango.  

Historiari eta esperientziari erreparatuta, egiazta dezakegu, gainera, berrikuntzak badituela bere arriskuak. Dirua, denbora, esfortzua gal dezakegu. Areago, guzti-guztia gal dezakegu. Eta, noski, horrek beldurra sortzen du.  

Eta beldur horrek lotu eta blokeatu egiten du ekimen berritzailea. Arrazoizkoa da beldur hori. Sektore guztietako proiektuetan agertzen da, enpresa handietan nahiz txikietan, edozein dela ere proiektuaren eta enpresaren tamaina. Txikiagoa da berrikuntza gehigarrian berrikuntza erradikalean baino, baina beti hor dago. Berrikuntzaren ohiko bidelaguna da beldurra.  

Hori dela eta, neurri handi batean, beldurra kudeatzeko baliabideak bideratzea da berritzea. Ezin baita beldurrik gabe berritu, eta, beraz, beldur hori kontrolatzea bide da ilusio berritzailearen gap-a gainditzeko modu bakarra. Hiru estrategia gomendatzen dira hori lortzeko: beldurra besarkatzea, apustu irmoa egitea eta sarea jartzea.  

Berrikuntza ez dela zerbait magikoa ulertzea; hori da, funtsean, beldurra besarkatzea. Berritzea gogorra, zalantzaz betea eta neketsua dela onartzea, eta hutsegitea eta porrota hor daudela jabetzea. Eta berrikuntzaren ibilbide luzerako prestatzea.  

Apustu irmoa egitea, berriz, baliabideak jartzea da. Funtsean, aurrekontua, denbora eta talentua. Gastu finkoa eta ezinbestezkoa balitz bezala. Argindarraren, autoaren edo gure ordenagailuaren neurri berekoa. Ezabatuko balitz, enpresa itxiaraziko lukeen partidaren neurrikoa. 

Sarea jartzea: porroterako prestatzea. Berrikuntza sendotzearekin uztartzea. Berrikuntzan nabarmentzen diren enpresek aurrekontuaren ehuneko finko bat bideratzen dute berrikuntzara. Iraunkorra, baina txikia, zenbaitetan ez baita %2 edo %3ra ere iristen. Huts eginez gero, galera larririk ez gertatzeko eta aurrerantzean ere ahalegin berritzaileari eutsi ahal izateko.  

Izan ere, enpresa berritzaileen bereizgarri nagusia, hala handiena nola txikiena, ez da ideia gehiago dituztela, edo distiratsuagoak direla, saiatzeari beldurra galdu diotela baizik.  

Ez dira besteak baino azkarragoak, ezta ausarkeriaz jokatu zaleak ere. Besterik gabe, beldurra kudeatzeko, eta, era horretara, berrikuntza bermatzeko antolatzen jakin duten enpresak dira. 

Partekatu albiste hau

Harremanetan jarri

Juan
de los Ángeles
CEO
C4E Consulting Services

Hurrengo ekitaldiak