Urtarrilak 13, 2022
2015eko uztailean, Hong Kong-en, spintronikari buruzko workshop batean, nanoGUNEko Fèlix Casanova Ikerbasque ikertzaileak Intel korporazioko Sasikanth Manipatruni doktorearekin hitz egin zuen elektroien spin-orbita akoplamenduaren inguruan. Manipatruni-k, ikerketaren arlo honetan aitzindariak garela ikusita, elkarlanerako lehen saiakera batzuk egitea proposatu zion Casanova-ri. Ordutik hona, Intel-ek –zirkuitu integratuen fabrikatzaile handienak– gure ikerketaren zati bat finantzatzen du. Ikerketa horren helburua ez da gaurko zirkuitu integratuak hobetzea; ikerketa hori etorkizuneko zirkuitu integratuei begira egiten ari gara, elkarrekin paradigma berria garatuko dugulakoan. Intel-ekoek ez dakite etorkizuneko zirkuitu integratuak nolakoak izango diren; baina susmoa dute dauden aukeretako bat spin-orbita akoplamenduaren ikerketaren eskutik etor litekeela eta, arlo horretan onenen artean gaudenez, gurekin lan egin nahi izan dute.
2015 urtean bertan, Mercedes Vila doktoreari eskaintza bat egin genion, nanoGUNEren ekosistemara etor zekigun. Merche-ri gure spin-off baten zuzendaritza zientifikoa eskaini genion.
Garai hartan, ez genuen pentsatu gure laborategietan haragia haziko genuenik; baina bi urte geroago, 2017 urtean, Merche-k beste hiru ekintzailerekin batera abiatu nahi zuen proiektua –BioTech Foods– mahaigaineratu zidanean, laborategi berri bat abiatu genuen nanoGUNEn proiektuari heltzeko asmoarekin. Handik lau urtera, Brasilgo JBS erraldoiak 36 milioi inbertitu berri ditu BioTech Foods euskal enpresan, haragi landatuaren garapenaren arloan aitzindariak garela ikusita. 2017 urteko saiakera hura ere etorkizuneko industriari begira egindako apustua izan zen.
Gure misioa, nanoGUNEn, nanozientziaren eta nanoteknologiaren arloan puntako ikerketa egitea da, betiere Euskal Herriko lehiakortasun ekonomikoa areagotzeko xedez. Puntako ezagutzan oinarrituriko berrikuntza bultzatzen dihardugu, ezin aurreikus daitezkeen eraldaketetara egokitzeko gai izango den ekosistema indartzeko. Gure ekarpena poliedrikoa da, sinetsita baikaude oinarrizko ikerketa –aplikazio ezezagunak dituen ikerketa hori– ikerketa industrialarekin eta garapen esperimentalarekin uztartu behar dugula. Batetik, oinarrizko ikerketaren bidez ezagutzaren mugak zabaltzen ditugu. Bestetik, gure ikerketaren emaitzak ustia daitezkeela antzematen dugunean, hori egiteko modu eraginkorrenak bilatzen ditugu: batzuetan industriarekin kontratuak sinatzen ditugu, beste batzuetan gure patenteak lizentziatzen ditugu, enpresek ustia ditzaten. Izan ere, industriarekin elkarlanean dihardugunean, guk industriari laguntzen diogu gure ikerketaren bitartez, eta industriak guri bide berriak ireki diezazkiguke bere estrategia eta ezagutzaren bidez.
Kasu batzuetan, ordea, zaila izaten da gure ikerketaren emaitzak gaurko industriara eramatea, mundu mailan eta hemen bereziki. Hala, bada, enpresa berrien sorrerari ere ekiten diogu. Oro har, ikerketaren zenbait arlotan puntan egoteak ezinbesteko posizionameduaz hornitzen gaitu. Posizionamendu horrek nora eramango gaituen jakitea zaila izaten da, baina egoera pribilegiatu batean kokatzen gaitu, zer esanik ez, bidean azal dakizkigukeen aukerak une oro baliatu ahal izan ditzagun. Halaxe egin dugu gurean jaio diren enpresa guztiekin: Graphenea, Simune, Ctech-nano, Evolgene, Prospero, BioTech Foods eta Optec4life.
Oinarri teknologikoko enpresa berriek ongizatea ekarriko digute, zalantzarik gabe, zuzenean eta zeharka: zuzenean, lanpostuak sortuko direlako, jarduera ekonomikoaren bitartez zergen ekarpena handituko delako, eta gure zentroan diru sarrera berriak lortuko ditugulako ikerketa gehiago egin ahal izateko; eta zeharka, guk sorturiko enpresa horiek hemen, Donostian, Euskal Herrian, daudelarik, gure ingurua aberatsagoa izango delako eta, aldi berean, erakargarriagoa talentua munduko bazter guztietatik etor dakigun eta proiektu berriak abian jar daitezen. eta zeharka, guk sorturiko enpresa horiek hemen, Donostian, Euskal Herrian, daudelarik, gure ingurua aberatsagoa izango delako eta, aldi berean, erakargarriagoa talentua munduko bazter guztietatik etor dakigun eta proiektu berriak abian jar daitezen.
Edonola ere, hori ez da enpresa bakar baten kontua, ez eta hamar urteko kontua ere. Hori belaunaldi oso baten erronka da, gutxienez. Bada, bestalde, gurea bezalako ikerketa zentro batek gizarteari eta ihardun ekonimikoari egin diezaiokeen beste ekarpen mota bat: pertsonena. Guk hemen pertsonak ikerketan trebatzen ditugu, eta pertsona horietako batzuek industriara jauzi egiten dute. Goi mailako profesionalak dira, ezinbestekoak egungo industriak ezagutzaren mugan egoteari etekina atera diezaion.
Intel-ek ez daki etorkizuneko zirkuitu integratuak zeintzuk izango diren; baina horien bila ari da, orain arte bezala etorkizunean ere aitzindariak izan nahi dutelako. Guk ere hortxe segitu nahi dugu, puntaren puntan. Baina hor egoteko, hor segitzeko, trena galduko ez badugu, lurralde ezezagunetara eramango gaituen puntako ikerketa egiten jarraitu behar dugu, betiere industriarekin –gaurkoarekin eta, batez ere, etorkizunekoarekin– dugun konpromisoari eutsiz. Horixe da txikiaren erronka handia.