Ekainak 17, 2020
Ezaguna izango duzue Sisiforen mitoa: Jainkoek zigortuta, harritzarra igo behar zuen bultzaka mendiaren gailurrera, baina, gora iritsi orduko, menditik behera jausten zitzaion harria behin eta berriz. Ziur nago gure enpresetako askok sentimendu bera izan dutela; krisiaren zama astuna bizkarreratu dute hamar urtean, malda ikaragarri aldapatsuan, eta, bat-batean, harritzarra mendiaren magalera amiltzen ikusi dute. Logikoa da. Eta beldur naiz logika horrek bi hutsegite ez ote dituen ekarriko: gaur gaurkoaz gehiegi arduratzea, epe luzerakoa ahaztuta, eta aurreikuspenak egiten ahalegintzea alferrikakoa dela pentsatzea.
Gure etorkizun hurbilean jada indar hartzen ari zenbait joera aldatuko ditu krisi honek; areago, bizkortu egingo ditu. Digitalizazioa eta gure jarduera-esparru guztietan eraginkortasuna hobetzea, baita iraunkortasunarekiko kezka ere, oinarri-oinarrizko faktoreak dira oraindik ere; areago, agerian geratu da funtsezkoak direla hala esparru pribatuan nola publikoan.
Gure iparra eta jomuga ere ez dira aldatu: Europak jarraitzen du gure jomuga izaten, eta eremu horretan aukeren leiho argi bat zabaldu da aurrerantzean sortuko den interes- eta posizionamendu-joko berri horretan. Europan posizioak hartzen ahalegin behar dugu bee-betean. Sortuko den “ekonomia berri” horretan proiektu sendoak eta lehentasunezkoak beharko dira: ezingo gara aritu edozein esparrutan itsu-kolpeak ematen eta saiakuntzak egiten.
Albiste ona da Euskadin jada bide luzea dugula egina. Lehenik eta behin, industria-tradizio luzea dugulako, eta horrek, lehiari begira, bi abantaila ematen dizkigulako: giharra eta ospea. Bata zein bestea ez dira ezerezetik sortu. Garai oparoetan nahiz krisi-egoeretan pertsona askok eginiko etengabeko ahaleginaren emaitza dira, eta, horrenbestez, beste behin ere harritzarra mendiaren gailurreraino eramateko gai izango garela erakusten duten ebidentziak ere badira.
Bigarrenik, jada identifikatuta ditugulako herri moduan gehiago landu beharko genituzkeen (eta ditzakegun) esparru estrategikoak: energia, mugikortasuna, industria adimenduna, osasuna eta digitala. Esparru horiek gai izan dira merkatu gero eta globalizatuago eta lehiakorrago baten eskakizunei eusteko, eta aberastasun-iturri izan dira gure ingurunerako. Eta hori horrela izan da berritzaileak izan direlako.
Eta hirugarrenik, edozein berrikuntza ezartzeko motor lanak egingo dituzten tresnak eta eragileak ditugulako. Horien artean, gu geu, Berrikuntzaren Euskal Agentzia. Izan ere, oroz gain, elkarlanerako sare indartsu bat da Innobasque. Sare horretan, esparru publiko eta pribatuko 900 bazkide baino gehiago ari dira lankidetzan (enpresa txiki eta handiak, zentro teknologikoak, unibertsitateak, hezkuntza eta gizarte arloko eragileak eta administrazioak), aurrean ditugun erronkak bereizten, eta, orobat, eraldaketarako eskura ditugun elementuak eta erronka horiei arrakastaz aurre egiteko lan-dinamika egokienak identifikatzen.
Jabetzen gara aldagai horiei guztiei arreta jartzea, eta, horrez gain, egunez egun negozioaren jardunari ere eutsi behar izatea, lan ikaragarria izan daitekeela; nolanahi ere, egunotan Sisifoz oroitzen direnak, ohar daitezela haren benetako zigorra ez zela izan harritzarrari bultzatzea, berak bakarrik eta beti modu berean egitea baizik. Innobasquek lagunduko du harriari guztion artean bultzatzen, berrikuntzaren bidez.