Urriak 29, 2020

Puntako produktuak, proiektuak eta zerbitzuak, zalantzarik gabe, gure profesionalen talentuaren emaitza dira. Horrenbestez, talentua ekartzea, lantzea, garatzea eta hemen mantentzea funtsezkoa da gure gaur egungo eta etorkizuneko arrakasta horretan oinarritzeko. Gaitasun, jarrera eta balioen nahasketa gisa definituko nuke talentua. Talentuko pertsonak dira ahalmen intelektuala eta taldean lan egiteko gaitasuna dutenak, espezialitate teknikoaren jakintza dutenak, baina baita eskuzabaltasuna, begirada zolia, kirol espiritua, etsi gabe jarduteko grina, lanerako gaitasuna eta ondo eginiko lanarekiko estimua agertzen dutenak ere.

Baina talentuak ezin du izan beste batzuek garatzen duten produktu bat, gero enpresek kontsumitzen duguna. Gure gizarte idealari begiratzen badiogu, ongizate gizarte solidario eta integratzailea sortu eta mantendu nahi dugu, desoreka lazgarriak saihestuko dituena, eta, beraz, low cost joerak alde batera utzi eta balio erantsiko zerbitzu eta produktuak bilatuko dituena . Hala, produktu eta zerbitzu horiek aukera eman beharko ligukete gure ideal sozialak ekonomikoki horietan oinarritzeko eta herritarrentzat enplegu egonkor eta duinak sortzeko.

Testuinguru horretan, guztion eginbeharra da talentua garatzea. Familian hasten da eginbehar hori, gure seme-alaben bizitzako lehen urteetan errotzen baitira balore nagusiak, hala nola errespetua, elkartasuna edo lana. Aldi berean, lehen eta bigarren hezkuntzako urteetan, irakaskuntza ere giltzarria da haurrei diziplina zientifiko-teknikoko ezaguerak erakusteko eta haiekiko pasioa kutsatzeko.

Bigarren hezkuntza amaitzen dutenean, neska-mutilek beren bizitzako erabaki garrantzitsuenetako bat hartu behar dute: zer ikasi nahi duten, zer izango diren… Eta fase horretan, hobetzeko tarte handia daukagu. Estatistikei erreparatuz, unibertsitateko ikasleen %54 neska da, baina karrera zientifiko-teknikoetan proportzioa %26ra; jaisten da. Geure buruari galdetu beharko genioke zer egin beharko genukeen, profesionalen defizita dagoen garaiotan, neska gehiago has daitezke karrera zientifiko-teknikoak ikasten; izan ere, gaitasunak sobera izateaz gain, ikasketa horien bidez lan-bizitza oparoak eta gogobetetzeko modukoak izan ditzakete, kalitatezko eta ondo ordaindutako enpleguetan eta beren bokazioa asebete dezaketen proiektu ilusionagarriekin.

Hezkuntzaren azken eskailera-mailara iritsita, unibertsitateak ikaslea hartu beharko luke ardatz, eta bikaintasuna lortzeko zentro bihurtu beharko luke, gure gizarteak, bere idealekin, hain beharrezkoa duen talentua garatzeko. Hala, gure unibertsitateak munduko 200 onenen artean egotea exijitu beharko genuke, Europako 50 onenen artean edo areago, espezialitate-eremu batzuetan 20 onenen artean. Ikerketa-zentroekin gauza bera gertatzen da. Zentro horiek, askotan, lizentziatu berriak edo, kasu batzuetan, doktoretza egindakoak hartzen dituzte, eta eginkizun garrantzitsua betetzen dute talentu horren garapenean eta lan mundurako zubian, baita jakintza enpresetara bideratzeko zereginean ere. Zentro horiei ere bikaintasuna eskatu behar diegu eta Europako onenen rankinean egon daitezela lortu behar dugu. Azkenik, enpresek jokatzen duten eginkizuna dago, horiek ere betebehar bat baitute talentuarekiko. Unibertsitateak ez dituela ikasleak lan-merkaturako prestatzen, jakintza erabat teorikoak ematen dizkiela, jartzen dute askotan aitzakiatzat enpresek, baina horrek ez du balio. Mundua aldatu egiten da, eta hamar urte lana emango diguna ikasteko daukagu oraindik. Beraz, eman diezaiogun gure ikasleei oinarrizko zientzietan hezkuntza sendoa, eta ez gaitezen saiatu unibertsitatetik teknika jakinetan espezialistak ateratzen. Espezializazioa mundu aldakor honek berak emango digu, enpresaren bidez, lanaren eguneroko jardunean; izan ere lanak berak egokitu egin beharko du sortzen diren aukeretara, erritmo bizian egokitu ere. Eta oinarrizko zientzietan prestakuntza ona jaso duten pertsonek arrakastaz egin ahal izango diete aurre lan munduan etorkizunean eskatuko dizkieten aldaketa horiei.

Enpresok ere talentua garatzeko konpromisoa hartu behar dugu, gure profesionalen artean irakasleak egon daitezela ahalbidetuz, praktikak egingo dituzten pertsonak hartuz, haiei lan-jardunean aukera interesgarriak eskaintzeko, eta doktoretza egiten ari diren pertsonak plantillara bilduz.

Laburbilduz, talentua sortzea, garatzea eta gizarte gisa jarri ditugun xedeetara bideratzea taldean egin beharreko lana da, gizartea osatzen dugun eragile guzti-guztion konpromisoa. Gure pertsonak iristen diren lekuraino iritsiko dira gure enpresak. Baina hau bera Euskadin ere aplika daiteke. Euskal herritarrak iristen diren lekuraino helduko da Euskadi, ez pauso bat aurrerago ez pauso bat atzerago. Horrenbestez, erronka partekatua da, herri gisa dugun erronka.

Partekatu albiste hau

Harremanetan jarri

Jorge
Unda
SENER

Hurrengo ekitaldiak